Nazioarteko indarrek Azawad tuareg herriaren lurraldean esku hartzeko atzera-kontua abian da, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak aho batez Frantziak egindako proposamenari oniritzia eman ondoren. «Ez da berehala izanen, baina baimenduta dago, eta horrek dena aldatzen du», jakinarazi du François Hollande Frantziako presidenteak. 2013ko iraila aipatu da operazioa hasteko epetzat. Afrika mendebaldeko herrialdeek 3.300 soldadu bidaliko dituzte. Ebazpenaren arabera, esku hartzearen helburua izanen da «Maliko Gobernuari laguntzea terroristek, muturreko taldeek, eta talde armatuek kontrolatutako herrialdearen iparraldea berreskuratzeko.
«Terrorismoa» da esku hartzeko argudioa; helburua, Azawad Maliren kontrolpera bueltaraztea da; eta horretarako bitartekoa, Afrika bertako herrialdeak izan daitezela nahi du Mendebaldeak. Hollandek horrela azaldu du: «Ebazpenaren helburua elkarrizketa politikoa da, terrorismoari aurre egitea, baina Maliren iparraldean okupazioak segitzen badu, afrikarrek, soilik beraiek, baina Europaren eta munduaren laguntzarekin, operazioa aitzinera atera ahal izatea». Hollandek erran duenez, Frantziaren rola izanen da «Magreb Islamiarreko Al-Qaeda gisako taldeak lurraldearen zati batean ezar daitezen saihestea, bertze herrialde batzuk desegonkortzeko operazioak egin ez ditzaten».
Hala ere, Hollandek aipatu bezala Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak elkarrizketa planean bildu du. Asteak badira MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionala, Ansar Dine eta Maliko Gobernua elkarrizketan ari direla, bitartekariekin. MNLAk eta Ansar Dinek hilaren 4an Burkina Fason hitzartutako su-etena berretsi zuten atzo Aljerren. Maliko Gobernuarekin irtenbide baketsu bat bilatzeko xedean elkarlanean aritzeko konpromisoa ere hartu dute bi taldeek. Esku hartze militarra hamar hilabete barrurako iragartzea, negoziazioei denbora emateko izan liteke. Hala ere, Gerard Araud Frantziak NBEn duen ordezkariak ez du espero elkarrizketaren bidez ere Azawaden independentzia bermatzea. «Gure helburua litzateke prozesu politiko baten bidez Maliko armada herrialdearen iparraldeko barrakoietara bueltatzea, borrokatzeko beharrik gabe».
Segurtasun Kontseiluak esku hartzeari emandako baimena gaitzetsi du Ansar Dine taldeak, eta dena «Frantziaren eta mendebaldarren konplot bat» dela salatu. Izan ere, Frantzia izan da esku hartzea sustatu duen herrialde nagusia. Hollande joan den maiatzean ailegatu zen boterera, eta aste gutxitara hasi zen operazio militar baten aldeko adierazpenak egiten. Joan den urrian, Segurtasun Kontseiluak nazioarteko esku hartze baten plana prestatzeko baimena eman zuen, Frantziaren eskariz, hura ere. Maliren eta haren mugan dauden herrialde guztiak Frantziaren kolonia izan ziren, eta interes handiak ditu eremu horretan.
Independentzia, onartu gabe
MNLAk apirilaren 6an aldarrikatu zuen independentzia, Maliko armada bidali ondotik. Nazioartean inork ez zuen onartu, ordea. Mendebaldeko herrialde nagusiak eta Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Elkartea, gainera, aurka paratu ziren. Esku hartzeko erabili duten argudio nagusia «talde terroristek» Azawaden duten presentzia da; zehazki, Ansar Dine eta Mujao Afrika Mendebaldeko Batasunaren eta Jihadaren Mugimendua talde islamistek.
Azawad, atzerako kontuan
Hollandek adierazi du ez dela «berehala» hasiko tuaregen lurraldea Maliri berriz batzeko operazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu