Frantzia

AZF taldearekin lotuta atxilotutako hiru lagunak aske utziko dituzte

Frantziako trenbide sarean hainbat lehergailu eztandaraziko dituela mehatxu egin duen AZF taldearekin lotura zutelakoan atzo atxilotutako hiru lagunak aske utziko dituzte. Izan ere, hiru pertsona horiek AZFrekin eta mehatxuekin lotzeko frogarik ez du aurkitu DNAT Frantziako Terrorismoaren Kontrako Dibisioak. Ikerketako iturriek albiste agentziei agertu dietenez, ordu gutxiren buruan geratuko dira aske.

2004ko martxoaren 26a
19:19
Entzun
Atxilotuak bi gizonezko eta emakumezko bat dira —emakumea eta gizonetako bat bikotea dira—, eta zenbait iturriren arabera, aeronautikarekin zerikusia dute hirurek. Zehazki, gizonetako bat hegazkin pilotua da.

Nolanahi ere, egin dizkieten galdeketetan zein haien etxean egin dituzten miaketetan, ez dute hiru lagun horiek talde misteriotsuarekin lotzeko arrastorik lortu. Halaber, ikusi dute atxilotutako emakumearen ahotsa ez datorrela bat AZFren izenean Polizia deitu izan dionarekin.

Hiru lagun horiek zelatatu egin dituzte azken egunotan. Izan ere, Montargisen eta Paris ondoko aerodromo batean ikusi zituzten; hau da, hilabete hasieran Frantziako Gobernuak eta taldeak erreskatea ordaintzeko hitzartu zituzten guneetan. Hainbat arazo tarteko, ordainketarik ez zein inoiz egin, baina aztarna horri segika atxilotu zituten atzo hiru pertsona horiek; hain justu, Paris ondoko aerodromo batean atzeman zituzten.

Azkenaldian AZF izeneko taldel misteriotsu baten mehatxuak jaso ditu Frantziako Gobernuak: trenbide sarean lehergailuak eztandarazteko prest dagoela ohartarazi du, baldin eta bonba horiek kentzearen truke 500 milioi euro inguruko ordaina jasotzen ez badute.

Herenegun, lehergailu bat aurkitu zuten Frantziako segurtasun arduradunek Frantzia ekialdean, Paristik Basileara (Suitza) doan trenbide sarean. Atzo, berriz, AZFren gutuna jaso zuten Frantziako agintariek: "ezintasun teknologiko eta logistikoak tarteko",behin-behinean, su-etenean zegoela iragartzen zuen AZFk, baina haiek konpondutakoan, eskatutako dirua jaso arte, mehatxuarekin aurrera segituko zutela jakinarazi zuten. Martxoaren 11ko Madrilgo sarraskia "txiki" lagatzeko prest zeudela azpimarratu zuten.

32.500 kilometro ditu Frantziako trenbide sareak, eta atzo, haiek guztia, metroz metro, aztertu zituzten SCNF Frantziako tren konpainiako langileek lehergailurik ba ote zegoenetz ikusteko. Hilabete lehenago, gauza bera egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.