EUROPAKO BATASUNA

Azkar Erantzuteko Indarra abian izango da 2007. urterako

Garraio komisarioak eragin du polemika, orain, Europako Batzordean

Erredakzioa
2004ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Europako Batasunak (EB) atzo erabaki zuen 2007. urterako esku-hartze militarra egingo duen Azkar Erantzuteko Indarrak 13 borroka talde izatea eta bakoitzean 1.500 soldadu aritzea. Hala, indar hori munduko edozein lekutan esku-hartzeko gai izango da 10 eguneko epean. Frantziako Defentsa ministro Michele Alliot-Mariek aitortu zuen Azkar Erantzuteko Indarrari emango diola Bruselak lehentasuna, NATOren aurrean.

2005. urterako hasiko da taldea osatzen EB. Azkar Erantzuteko Indarra ahalik eta denbora tarte txikienean esku-hartze militarrak egiteko sortuko da. Erabakia hartzen denetik esku-hartzea egin arte gehieneko 10 eguneko tartea ezarri dute EBko agintariek. Hala ere, Alliot-Mariek esan zuenez, bost eguneko epean ekiteko helburua izango du. Indar militar hori osatuko duten talde bakoitzak estatu bateko agintarien buruzagitza izango du. Dagoeneko erabaki dutenez, britainiarrak, frantziarrak, italiarrak eta espainiarrak bakoitza talde baten buru izango dira.

Europako Batzordean ika-mika berriz ere

Europako Batzordeko komisario talde berria lanean jarri zen atzo, berriz ere polemika artean murgilduta.

Batzordeko presidenteorde eta Garraio Arduradun Jacques Barrot 1995. urtean legez kanpoko finantzazioagatik zigortua izan zela jakin berri da. Barrotek, aldiz, ez zion gertaeraren berri eman Europako Legebiltzarrari eta horrek eragin du haserrea. Amnistia jaso zuela nabarmendu zuen Barrotek atzo eta horrek zigorra ahazteko eta ezabatzeko eskatzen duela. «Ez dut zigor hori orain arte gogoratu ez zaidalako aproposa iruditu», gaineratu zuen. Kargua uzteko asmorik ez zuela esan zuen.Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok adierazi zuen sentitzen zuela berria orain jakin izana, baina komisarioarengan «konfiantza osoa» zuela azaldu zuen. Barrosoren esanetan, «Barrot komisario eta presidenteorde ona» izango da. Europako Parlamentuko liberal eta demokraten buru Graham Watsonek Barrot komisarioa kargutik kentzeko eskatu zuen: «Ni Barrot izango banintz, egoera onartu eta nire dimisioa aurkeztuko nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.