Tutsi etniako herritarren kontrolpean dagoen Armadaren eta hutuen Nazio Askapenerako Indarrak taldearen arteko borrokek 40.000 herritarren ihesa eragin dute, matxinoek duela astebete pasatxo Bujumbura hiriburuaren kontrako erasoa abiatu zutenetik. Azken urteotako borrokarik gogorrenak izan dira. Matxinoek mortairu eta granada jaurtigailuak erabili dituzte, eta Gobernuko tropek helikopteroz ekin diete hutu gerrillariei.
Hegoafrikako presidentearenbidaiak 2000. urtean abiaturiko bake prozesuaren jarraipena egitea zuen helburu hasiera batean, baina ekainaren 7an Burundiko egungo gobernua bertan behera uztea eskatzen duten matxino hutuek erasoari ekin zioten. Bake prozesua salbatzea da, orain, Zumaren asmo nagusia, Burundiko agintariez gain,Ruanda eta Ugandakoekin mintzatzeko orduan.
Hegoafrikak, halere, argi adierazi zuen herenegun Burundin 2000. urtetik dituen bake indarrek ez dutela Gobernu eta matxinoen arteko borroketan esku hartuko: «Zibilak babestea Burundiko Armadaren eginkizuna da», esan zuen astelehenean Pretoriako eledun batek.
«Berehalako aukera guretzat zera da: Burundiko bake ituna defendatzeko konponbide militarra», esan zuen atzo, ordea, Yoweri Museveni Ugandako presidenteak. Tanzanian dira elkartzekoak datorren astean eskualdeko estatuburuak.
Hutu, tutsi etahaur gerrillariak
«Borrokek kolpe ia hilgarria eman diote bake prozesuari», eman du aditzera Jan van Eck Hegoafrikako analistak.Izan ere, apirilaren 30ean Burundiko azken zazpi urteotako lehen presidente hutu bilakatu zen Domitien Ndayizeye. Batez ere zibilak zeuden 1993. urtean hasiriko gerran hildako 300.000 lagunen artean. Burundik dituen 6,5 milioi biztanleetatik %85 hutuak dira eta soilik %15 tutsiak. Halere, boterea eta, bereziki, Armada tutsien esku egon ohi dira. Desoreka horretan dago bi etnien arteko gerraren funtsa.
Hegoafrikako presidente Nelson Mandelaren bultzadak abiatu zuen bake prozesua duela hiru urte. Aurtengo udaberrian hutuek eta tutsiek partekaturiko gobernua ezarri zuten. Pierre Boyoya presidenteak (tutsia) ordu arte presidenteorde izaniko Ndayizeyeri utzi zion kargua. Gobernua behin-behinekoa da, eta 2004. urtean hauteskundeak egin arte da irautekoa agintean.
Demokraziaren Defentsarako Indarrak talde matxino nagusiak su-etena eta bake hitzarmena onartu bazuen ere, Nazio Askapenerako Indarrak muzin egin zien negoziazioei. Presidentea hutua izan arren, tutsiek Gobernua eta Armada menpean izaten jarraitzen dutela argudiatu dute Agathon Rawasa buru duten matxinoek. Taldeak erasoaldi bortitza abiatu zuen joan zen astean hiriburuan, eta hainbat auzo menpean hartu zituzten.Joan zen asteburuan ehun bat matxinoren gorpuak jaso zituztela eman zuen aditzera Bujumburako gobernuak, eta hildakoetako asko 11 eta 16 urte arteko haur gerrillariak zirela.
Hegoafrikak Burundin zabaldurik dituen 2.000 soldaduei beste 1.000 dira aurki gehitzekoak. Azken taldea Mozambike eta Etiopiatik iritsitako tropek osatuko dute. Besteak beste indar honen zabalpenaz da mintzatzekoa Pretoriako presidenteordea eskualdeko estatuburuekin. «Zumak lan zaila dauka», zioen atzo Eugene Nondorera Hegoafrikako ministro ohiak eta inork ez badu ezer egiten, prozesua atzera egiten hastea litekeena dela.
z
Gerra Burundin
1993: Ekainean Melchior Ndadaye Burundiko lehen presidente hutua bilakatu zen, hauteskundeak irabazita. Urrian Armadako bi kide tutsik hil zuten presidentea.
1994: Legebiltzarrak Cyprien Ntaryamira hutua presidente izendatu zuen. Handik gutxira, argitu gabeko hegazkin istripuan hil zen Ntaryamira Ruandako presidentearekin batera.
1995: Erbesteratu hutuen aurka eginiko sarraskiak borrokak eragin zituen Bujumburan.
1996: Pierre Buyoyak estatu kolpea eman zuen, bigarren aldiz.
2000: Gobernuak eta hiru talde tutsik su-etena hitzartu zuten, baina bi talde nagusiek muzin egin zioten akordioari.
2001eko urria: Nelson Mandelak bultzaturiko elkarrizketek tutsiek eta hutuek partekaturiko behin-behineko gobernua eratzeko ituna ekarri zuten.
2002ko abendua: Gobernuak eta talde matxino nagusiak menia sinatu zuten Tanzanian.
2003 apirila: Domitien Ndayizeye hutua presidente bihurtu zen, bake akordioetatik sorturiko gobernuan.
2003ko uztaila: Azken hilabeteotako borrokarik gogorrenak Bujumbura hiriburuan.