Espainia. Hauteskunde autonomikoak

Azken gotorlekuaren galera

Gaur egingo dituzte bozak Andaluzian, eta inkestek gehiengo osoa ematen diote PPren hautagaiari

Jon Fernandez.
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Andaluzia ez da edozein lurralde Espainiako lehia politikoan. Eskualde autonomikorik jendetsuena da —zortzi milioi eta erdi biztanle, ia-ia—, eta, beraz, Madrilgo gorteetarako bozetan ere garrantzi handia izaten du Andaluziako botoaren joerak. 1978an Espainiako Konstituzioa ezarri zenetik,PSOEren esku egon da Sevillako agintaritza. Gaur aukeratuko dute Andaluziako gobernu berria, eta, 30 urtean lehen aldiz, inkestek deskalabrua iragarri dute sozialistentzat, eta sekulako garaipena, aldiz, popularrentzat.

Helburu ezberdinekin, baina PSOEk eta PPk euren makineria osoa jarri dute martxan kanpainarako. Jose Antonio Griñan Andaluziako egungo presidente eta hautagaiak Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiaren eta Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiaren ondoan bukatu zuen kanpaina, ostiralean, Sevillan. Hiri hartantxe, Javier Arenas hautagai popularrak Mariano Raxoi presidentearen babesa jaso zuen herenegun. Iaz udaletako eta autonomietako hauteskundeetan ia estatu osoko mapa urdinez marraztea lortu ostean, Andaluzia ere bereganatu nahi dute kontserbadoreek, eta badakite oraingoan badezaketela.

Griñanek ere badaki, Rubalcabari iazko Espainiako bozetan gertatu bezala, ezin duela irabazi. Jendaurrean onartu ez arren, ahalik eta porrotik duinena lortzea da sozialisten helburua. Metroscopiaren inkestak %34ko babesa eta 41 diputatu eman dizkio —hamabostgalduko lituzke—. Gaur, egoerari buelta emateko konfiantza duela esan du Griñanek; faktore guztiak, baina, kontra ditu egungo presidenteak.

Hasteko, 2009ko apirilean iritsi zen boterera, baina ez zuten hauteskundeetan aukeratu, ordura arteko Andaluziako presidente Manuel Chavesek Madrilgo gobernura joatean utzitako lekua betetzeko iritsi baitzen. Horregatik, andaluziar askok ez dute begiko. Arenasen gorakada geldiarazteko, Raxoiren gobernuaren murrizketa politika erabili du Griñanek arma gisa, eta estatuko aurrekontuak gaurko bozak igaro arte ezkutatu izana ere leporatu dio. Baina hautagai popularrak erraz isildu du, mahaiaren gainean Andaluziako langabezia tasa jarrita —%31 da orokorra, eta %50tik gora gazteen artean—, baita Sevillako gobernu sozialistaren erregulazio espedienteen ustelkeria ere.

Herritar askoren babesa galdu du PSOEk, agerian geratu baita Andaluziako Gobernuko Lan Sailean ustelkeria izan dela gutxienez azken hamar urteetan. Azpimarratzekoa da, gainera, Griñan bera Ekonomia eta Ogasun sailburua izan zela 2004tik 2009ra, Sevillan. Erregulazio espedienteen auziak hondoratu du, neurri handi batean, sozialisten agintea.

Irabazi ezinaz jabetuta, Griñanek IUrekin balizko «ezkerreko gobernu bat» osatzeko aukera ere aipatu du azken egunetan. Nolanahi ere, ez litzateke ezkontza erraza izango bi alderdiena. Andaluziako Gobernua 1982an sortu zenetik, sozialisten esku egon da, eta, azken inkesten arabera, gobernua aldatzearen alde dago herritarren %70. Arenasek irabazi arren gehiengo osorik lortu ezean, ikusteko dago zein izango litzatekeen IUren aukera: sozialistei boterean eustea ala aldaketaren alde egitea, iazko bozen ostean Extremaduran gertatu bezala. Bederatzi diputatu lor ditzake IUk, duela lau urte baino hiru gehiago. Alderdi Andaluzista, berriz, legebiltzarretik kanpo geratuko litzateke beste behin, botoen %2,7 eskuratuta.

Laugarrenean, bai

Popularrek, berriz, alde dute dena. Metroscopiaren inkestak gehiengo osoa eman die, botoen %47 jaso eta 53 eserleku lortuta—109 aulki daude Sevillako legebiltzarrean—. Bozetara laugarren aldiz aurkeztu da Arenas—1994an, 1996an eta 2008an galdu egin zuen—, eta aldez aurreko euforiari balazta jartzen ahalegindu da kanpainako azken egunetan. «Gehiegizko konfiantza zentimetro bat ere ez» du nahi, eta «boto erabilgarria» eskatu du PSOEk eta IUk ordezkatzen duten «aukera erradikalari» aurre egiteko.

Urtez urte galdu ostean, Arenasek eskura ikusten du Andaluziako Gobernua. «Gobernu zentrista» bat osatuko duela hitzeman du, eta, horretarako, babesa eskatu die «andaluziar moderatuei». Presidente «errespetatua» izan nahi du popularrak, baina ez «beldurra eragiten duena». Cadizko probintziako Isla de San Fernando hirian egindako mitinean, hautesleei deia egin zien igandean Andaluzia «uharte» ez bilakatzeko. «Ez dadila Andaluzia izan 30 urtean aldaketarik izan ez duen komunitate autonomo bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.