Narkotrafiko delituak egotzita, zazpi lagun urkatu zituzten atzo,Iranen. Azken hiru egunotan exekutatutakoak hemeretzi izan dira guztira.
Heroina eta crack sintetikoa prestatu eta banatzen zutela ebatzi zuen epaileak, eta horrexegatik kondenatu zituen hiltzera. Narkotrafikoaren aurkako borrokan irmo eta hutsunerik gabe jarraituko dutela azaldu zuen azken erabakian.
Azken hiru egunotan hildako beste hamabi lagunetatik zortziri ere narkotrafiko delituak egotzi zizkieten. Gainontzekoak, berriz, bortxaketa delituengatik izan ziren exekutatuak.
Iranen xaria edo lege islamiarraren interpretazio bat dago indarrean. Horren arabera, hiltzaileak, bortxatzaileak, narkotrafikatzaileak eta Alaren legearen edo Irango Errepublikaren aurka egiten dutenak hiltzera kondenatzen dituzte.
Amnesty Internationalen datuen arabera, urtean 300 lagun inguru exekutatzen dituzte Iranen. Txinaren atzetik pertsona gehien hiltzen duen herrialdea da, hain zuzen ere.
Gobernu aldaketa
Horrez gain, Mahmud Ahmadineyad Irango presidenteak hamalau aholkulari kargutik kentzea erabaki du. Gutun bidez jakinarazi die, eta ez du erabakiaren azalpenik eman. Irango komunikabideen arabera, ordea, Ahmadinejadek ministro taldea berritu nahi du.
Duela bi aste Atzerri ministroa kargutik kendu zuen ezustean, bidaia ofizial batean zegoen bitartean. Oraintsu 22. ministerioa eratzeko asmoaren berri eman du, baina, horretarako, Legebiltzarraren baiezkoa behar du.
Aldaketa horien erdian, Irango Gobernuaren barne zatiketaren zurrumurruak geroz eta ozenagoak dira. Programa nuklear zibila dela-eta nazioartetik Iranek jasandako presioa izango litzateke zatiketaren arrazoietako bat.
Gizartean ere atsekabea da nagusi, gasolinaren eta beste hainbat produkturen diru laguntzak kendu baitituzte berriki.
Azken hiru egunotan hemeretzi lagun exekutatu ditu Iranek
Mahmud Ahmadinejad presidenteak hamalau aholkulari kargutik kentzea erabaki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu