Irlanda. Armadaren sarraskiak gogoan

Azken martxa, ospatzekoa

Londresek Igande Odoltsuko sarraskian gertatutakoa onartu ondoren, egia eskatzeko azken ekitaldia egingo dute biharBiktimen senideek abokatuen esku utzi dute hilketaren ardurak zehazteko lana

Amaia Alvarez.
Derry
2011ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
1972ko urtarrilaren 30a eta 2010eko ekainaren 15a. John Kellyren oroimenean bi data horiek daude grabatuta. Igande Odoltsuarena lehena; Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek hilketa horiengatik barkamena eskatu zuenekoa bigarrena. Bihar, 39 urte beteko dira armada britainiarreko F soldaduak Johnen anaia Derryn tirokatu zuela Irlanda iparraldean. «Michaelek 17 urte besterik ez zuen; lagunak hara beharrak zirelako erabaki zuen manifestaziora joatea», gogoratu du Kellyk, saminez. Guztira, hamalau gizon hil eta hamalau zauritu zituzten paraxutistek egun hartan. NICRAk (Ipar Irlandako Eskubide Zibilen Erakundea) antolatu zuen manifestazioa, eta nazionalisten aurka armada egiten ari zen epaiketarik gabeko espetxeratze sistematikoak salatzea zuen helburu. Hogei minutu iraun zuen sarraskiak.

Harrezkero, urtero, urtarrileko azken igandean eskubide zibilen aldeko eta Bloody Sunday-n gertatutakoari buruzko egia aldarrikatzeko manifestazioa antolatu dute Derryn. Gaurkoa ezberdina izanen da. Igande Odoltsuko senideek egia eta justizia eskatzeari utzi eta Bindikatuak (Vindicated) lelopean eginen dute martxa. «Aurtengoa, eginen dugun azken martxa izanen da, eta kanpainaren arrakasta ospatuko dugu», adierazi du Kellyk. Manifestazioaz gainera, eskubide zibilen inguruko ekitaldiak asteburu guztian antolatzen dituzte Derryn. Datorren urtetik aitzina, ekitaldi horiei guztiei eutsiko diete, elkarretaratzeei, hitzaldiei eta mezari.

«Egia aldarrikatzeko ordua amaitu da, eskubide zibilen aldeko borrokan jarraituko dugu, baina, gure senideei dagokienez, egia ezagutaraztea lortu dugu, errugabeak zirela frogatu da», azpimarratu du Kellyk. Izan ere, iaz aurkeztu zen ikerketak —Saville txostenak— ondorioztatu duenez, paraxutisek sarraskiari buruzko testigantza faltsuak eman zituzten. Orduko gobernu britainiarrak, gainera, armadaren ekintzak zuzenak izan zirela ziurtatu zuen. «Gobernuak mundu guztiari helarazi zion mezua oso argia izan zen: gure senideek armak zituzten, eta bonba-jartzaileak ziren. Hedabide guztietan atera zen bertsioa ere horixe izan zen», gehitu du Gerry Duddyk. Haren anaia Jackie Duddyk 17 urte zituen 1972ko igande hartan.

Edonola ere, senideek ez dute uste Londresko gobernuak agindutako ikerketa perfektua denik. Ezta gutxiago ere. Izan ere, txostenak ez du argitzen errua norena izan zen, alegia, sarraskia nork agindu zuen. Hortaz, iazko ekainaren 15a haiendako egun handia izan bazen ere, hiru eskakizunetatik bi bete zituztela gogorarazi du Duddyk: «Egia eta barkamena lortu ditugu, baina ez dugu oraindik arduren afera argitu». Irlandako Iparraldeko Erruduntasun Zerbitzuaren esku geratu da orain inputazioak egiteko erabakia.

Biktimen afera

Irlandako iparraldeko egunkarietan ia egunero ikusten ahal dira gatazkako biktimen inguruko albisteak. Asko dira biktimak, baita ordainketak egiteko eta haiek oroitzeko moduei buruzko iritziak ere. Guztiak ari dira egiaren bila. Alabaina, Saville txostena ezagutarazi zuten garai berean, Cameronek nabarmendu zuen ez dutela halako ikerketarik berriro eginen. Igande Odoltsuko senideek ez dute uste hori bide zuzena denik. «Denok merezi dugu egia jakitea, protestante izan nahiz katoliko izan», nabarmendu du Duddyk. «Nahiz eta Cameronek hori esan, Igande Odoltsuari buruzko ikerketak erakutsi du badagoela itxaropena egiaren eta justiziaren alde dauden familia guztiendako, bai Irlandan eta bai mundu guztian; estatus ofizialaren bertsioaren kontra borroka egiten ahal dela erakutsi da».

Biktimen oroimena gordetzeko bidea ez da erraza. Pil-pilean dago eztabaida hori, askotan ez dago-eta oso argi aldarrikapenak noraino eraman. Igande Odoltsuaren kasuan, esaterako, familia guztiek ez dute bat egin martxa bertan behera uzteko erabakiarekin. Hiru senidek argudiatu dutenez, Saville ikerketa ez da aski, haien arabera, soldaduak zigortu arte ezin baita esan justizia egin denik. Kellyk eta Daddyk, halere, familien gehiengoak bezala deritzote, eta ikerketaren ondorioak garaipen gisa ikusten dituzte:«Arduren lana abokatuen esku dago orain; gai legala da; guk ezin dugu gehiago egin». Senideak hil zizkieten soldaduen kontrako auziak ikustea gustatuko litzaieke, hori bai. «Hemendik aurrera egiten ahal duguna hezkuntza lana da; gertatutakoa kontatu, berriro gerta ez dadin, eta gu bezala dauden familiak babestu, Irlandan hamaika baitira Igande Odoltsuak», azaldu du Duddyk.

Bai Kelly eta bai Duddy orain dela 39 urteko martxan egon ziren. Gerryk 14 urte zituen, 23 Johnek. Soldaduak tiroka hasi zirenean, Michaelek eta Jackiek hartu ez zituzten bideak hartu zituzten, lasterka. Geroztik aritu dira kasua berriz ere irekitzeko borrokan. Beste hogeita bost familiarekin batera, kanpainari ekin zioten 1992. urtean. Modu independentean egin zuten, beti alderdi politikoetatik bereizita. «Kanpaina hasi genuenean ez genekien gauzak nola egin; ez genekien nora gindoazen. Hilketak egin eta hogei urte beranduago hasi ginen. Nire kasuan, debekatua izan nuen etxean gertatutakoaz hitz egitea; aita beldur zen. Ez zen erraza izan», azaldu du Daddyk. Azkenean, 1998an, bake akordioaren testuinguruan, Tony Blairrek ikerketa agindu zuen. Zazpi urte eman zituzten ikertzen, eta bost urte gehiago ondorioak biltzen. 250 milioi euro baino gehiago balio izan ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.