Argentinako presidentetzarako hauteskundeak

Azkenaldiko lehiarik ezohikoenetako bat

Argentinan presidentetzarako bozen bigarren itzulia egingo dute gaur: Massa ofizialistaren eta Milei ultraeskuindarraren artean aukeratuko dute.

SEGIO MASSA
Sergio Massa Ekonomia ministro eta hautagai ofizialista, joan den ostegunean, ekitaldi baten ondoren, Buenos Airesen. ENRIQUE GARCIA MEDINA / EFE
Cecilia Valdez
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Argentinan presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute gaur, eta, boz horien atarian, ziurtasunik eza eta kezka ez ezik, beste sentipen bat ere nagusitu da: betekada erabatekoa. Edonola ere, inoiz bukatuko ez dela dirudien hauteskunde prozesu horrek, herritarrak nekarazi arren, lilura ere piztu du, ezustekoz betea baita bozen prozesu politiko hori.

Abuztuko hauteskunde primarioetan hasi eta orain arte, hiru hilabete luze pasatu dira, eta ia denetik gertatu; horrexegatik, ia inor ez da ausartzen iragarpenak egitera. Galdeketa askok Javier Milei ultraeskuindarra —LLA, Askatasuna Aurrera Doa— jo dute garailetzat, eta iragarri dute Sergio Massa Ekonomia ministro eta hautagai ofizialistak —UxP, Aberriaren Aldeko Batasuna— baino puntu batzuk gehiago lortuko dituela; hala ere, jokalekua ezin ilunagoa da.

Lehen itzuliko emaitzak ikusita —Massak botoen %36,7 lortu zituen; Mileik, %30—, bi hautagaiak lehian aritu dira bidean geratu eta bigarren itzulira iritsi ez direnen botoak eskuratzeko, baita zalantzatienak ere. Lehia horretan, jokoan daude Patricia Bullrichek —JxC, Elkarrekin Aldaketaren Alde— lortutako 6,2 milioi botoak, eta litekeena da Massa galduan ateratzea horretan; izan ere, jakina da JxCren boto emaileak peronismoaren eta kirchnerismoaren kontrakoak direla zeharo.

Baina, kontuan hartuta Argentinan azkenaldian izandako lehiarik ezohikoenetako bat dela, Massari mesede egingo dio aurkari duen alderdia ultraeskuinekoa izateak; izan ere, alderdiko buruak, Mileik, ikaratuta dauzka batzuk eta besteak. Horrek azaltzen du, neurri batean, hautagai ofizialistak zergatik segitzen duen lehian eta zergatik duen aukera hurrengo presidentea izateko, ez baita ahaztu behar Ekonomia ministroa dela gaur egun eta haren kudeaketak porrot egin duela argi eta garbi.

Massari mesede egingo dio aurkaria eskuin muturrekoa izateak; Mileik ikaratuta dauzka batzuk eta besteak.

Massak lortu du dolarraren balioari eustea —Argentinako ekonomia bi dibisakoa denez, horrek garestitu egiten du ia dena—, baina erregai falta handia dago herrialdeko petrolio enpresa nagusiekin —estatuarena barne— izandako gatazkaren ondorioz, eta horrek buruko min handiak eman dizkio. Jakina da Ekonomia ministroa onik atera dela hainbat ekaitzetatik, eta zelai osoan jokatzeko balio duela, baina ez da bera bakarrik ari jokoan, eta lehen itzuliko garaipenak ilusio handiegia piztu zien haren aliatu hurbilenei.

Hain handia, ezen hautagaia behartua sentitu baitzen abisu ematera, batez ere ikusita azken galdeketetan iragarri dutela Milei aurretik dabilela. Massak eta haren kanpainako lantaldeak zain egotea hartu dute estrategiatzat, bestearen hutsegiteek erabaki ditzaten hauteskundeak —hori ohikoa izaten da bigarren itzulian—, baina muga batekin egin dute topo.

Presidentegai ultraeskuindarra eta haren lantaldea esaten ari dira Massa eta haren taldea beldurraren kanpaina bat egiten ari direla, eta kanpaina horri erantzutea hartu dute estrategiatzat. Hala, azken egunetan mezu hau zabaldu dute sare sozialetan: «Lasai: erretiroei bai, osasun publikoari bai, hezkuntza publikoari bai. Zer aldatuko da orduan? Politikariek ordainduko dutela doikuntza». Nolanahi ere, zenbaitek erantzun egin zioten adierazpen horri, eta datuak eman.

Nicolas Dvoskin ekonomialari eta politologoak, LLAko buruzagi Iñaki Gutierrezi erantzunez, esan zuen gastu politikoa bakarrik murrizten bada kontuak ez direla ondo aterako; izan ere, ez badute asmorik murrizketak egiteko osasunean, hezkuntzan, diru laguntzetan eta pentsioetan —hala hitzeman zuten—, aurrekontua %0,03 eta %1,8 artean apaltzea baino ez dute lortuko, zenbaterainoko murrizketak egiten dituzten. Bide batez, Dvoskinek Gutierrezi galdetu zion ea nondik aterako dituzten beste 13 puntuak, Mileik hitzemana baitzuen aurrekontu nazionalean %15eko murrizketa egingo zuela, motozerra erabilita. Gainerakoan, LLAren plataformak dioenaren kontrakoa ere bada azken mezu horiek diotena; plataformak dioenez, ordaindu egin beharko dira hezkuntza eta osasuna, nahiz eta alderdiko eledunek nabarmendu duten arlo horien ehunekoak ez direla puntu bat ere apalduko. Mileik argi utzi zuen, ordea, bete egingo duela herrialdea dolarizatzeko promesari, eta itxi egingo duela Banku Zentrala.

Bestetik, lehen itzuliko emaitzen harira, eta Bullrichek eta Mauricio Macri presidente ohiak (2015-2019) Milei modu esplizituan babestu dutela-eta, barne krisia sortu da JxC alderdian. Horrek ondorioak izan ditu, ez bakarrik alderdi barruan, baita ultraeskuinaren sektorean ere. Alde bateko eta besteko astinaldiek agerian utzi dute ezinegon handia dagoela LLAko buruzagi batzuen artean, ez baitatoz bat eginiko itunarekin.

JxCkoak LLArekin aliantza bat osatzearen kontra azalduak ziren, baina erabaki dute neutral agertzea eta jarraitzaileen esku uztea botoa; Bullrichek eta Macrik, ordea, Mileiren alde bozkatzera deitu dute aho betean. Badirudi Mileiren itzalpeko jokalaria dela Macri, eta, nahiz eta ez duten eman akordioaren inguruko xehetasunik haren etxean bukatu zuten akordioa osatzen, ateak itxita, pentsatzekoa da Macrik berak hartuko duela buruzagitza Mileik presidente izatea lortzen badu. Dena den, presidente ohiak, zeinak oso ospe txarra baitu Buenos Airesko konurbazioko herritarren artean %80 inguruk dute iritzi hori, modu diskretuan jokatu du.

Mileiren tonua

Mileik baretu egin du tonua oro har, eta bazter batean utzi du motozerra kanpainaren garai honetan. Hotsandiko adierazpenak ere alde batera utzi ditu, eta hizkera moderatuago baten alde egin.

JxCrekin egindako akordioan, lasaiago aritzeko eskatu zieten hari eta haren erreferente nagusiei, Bullrichen aldeko botoak irabazteko helburuz. Gainera, Mileiren estrategia arduradunek ondorioztatu dutenez, kanpainaren amaieran bere onetik aterata aritzeak eta rock star baten gisan azaltzeak kalte egin zion botoak lortzeko orduan.

Batzuk lasaitu dira, baina beste batzuk ez: esaterako, Diana Mondino, haren Atzerri ministro izango dena. Mondinorekin gertatutakoa deigarria da; izan ere, desoreka handirik ez izateko aukeratu zuten eledun, baina, egin dituen azken elkarrizketetako batean, organoen merkatuaren alde azaldu da —Mileik baztertu egin behar izan zuen proposamen hori, polemika handia piztu zuela eta—, eta zorriak edukitzearekin konparatu du sexu berekoen ezkontza.

Botoak aldakorrak dira, eta badirudi ez dela nagusituko politika interpretatzeko orain arte erabili den logika.

Botoak aldakorrak dira hauteskunde hauetan, eta badirudi ez dela nagusituko orain arte Argentinako politika interpretatzeko erabili izan den logika; horrek are gehiago nahasi du jendea, eta harrituta utzi batzuk eta besteak. Gobernu ultraeskuindar bat izateko mehatxuak, ordea, Mileiren kontra eta Massaren alde jarrarazi ditu pertsonaia publiko —eta ez hain publiko— ugari, eta, hain justu, orain dela aste batzuk pentsaezina zen jarrera hori hartuko zutela.

Hauteskunde hauek mugarritzat jotzen dira; are, ezkerreko eta mugimendu sozialei lotutako zenbait sektorek, hautagai ultraeskuindarraren garaipen posiblea mehatxutzat harturik eta presidentegai ofizialista ere begi onez ikusi ez arren, botoa eman beharra sentitu dute, eta botoa ematera deitu beharra, nahiz eta hautagaiarekin guztiz bat etorri ez eta hura oso gogoko izan ez.

Jair Bolsonaroren Brasilen, Luiz Inacio da Silva Lula-ren aldeko ezkerreko aliantza bati esker lortu zuten ultraeskuinari galga jartzea. Argentinakoa, ordea, ezin da konparatu horrekin; izan ere, PT Langileen Alderdiak, Lularen talde politikoak, ezkerrean ditu erroak, peronismoak ez bezala. Argentinan, ezker trotskistako alderdia, Ezkerraren eta Langileen Frontea Myriam Bregman da burua, bosgarren geratu zen lehen itzulian, eta, orain, Mileiren alde ez bozkatzeko deia egin dute kideek, baina, argitu dutenez, horrek ez du esan nahi Massa babestuko dutenik politikoki eta bozetan. Erabaki horren harira, sektore progresistetako askok kritikatu egin dute alderdia, boto erabilgarri edo estrategikoaren alde baitaude gehienak.

Alde horretatik, gero eta ugariagoak dira Mileiren kontra eta batzuetan Massaren alde egiten duten seinaleak. Esaterako, 100 ekonomialarik gutun bat argitaratu dute Erresuma Batuko The Guardian egunkarian, ohartarazteko zein arriskutsua litzatekeen ultraeskuineko gobernu bat edukitzea; Nature aldizkariak ere editorial bat argitaratu du, eta kulturan, musikan, zientzian eta abarretan aritzen diren Argentinako zenbait kolektibok eta pertsonaia publikok ere komunikatuak atera dituzte.

Deigarrienak hauek izan dira: swiftie-ena Taylor Swiften jarraitzaileen komunitatearena, rollingena Rolling Stones taldearen jarraitzaileena eta otakuena. Baina, dudarik gabe, Mileiren adierazpen batzuek atera dute zaratarik handiena azken orduetan, futbol taldeak pribatizatzeko aukeraz aritu baita —Argentinan, erabateko instituziotzat dauzkate—.

Javier Milei presidentegai ultraeskuindarra, joan den ostegunean, kanpaina itxierako ekitaldian, Cordoban (Argentina). ARIEL ALEJANDRO CARRERAS / EFE
Javier Milei presidentegai ultraeskuindarra, joan den ostegunean, kanpaina itxierako ekitaldian, Cordoban (Argentina). ARIEL ALEJANDRO CARRERAS / EFE

Hori ikusita, futbol entitate batzuek arbuioa adierazi dute, eta beldur dira Mileik irabaziko ote duen, hura River eta Boca taldeak pribatitzatzeaz aritua baita, besteak beste. Alde horretatik, Mileiren taldekide Victoria Vilarruelek esandako hitz batzuek ere eragin handia izan dute kanpainan, hark atea ireki baitio gizateriaren aurkako krimenak egiteagatik preso dauden genozidei amnistia emateari. Hori gogor arbuiatu dute askok, eta ekintzak ere izan dira. Desagertutako batzuen bilobak egindakoa izan da azpimarragarriena: metrora igo zen, berak eta familiak diktaduran bizi izandakoa kontatzeko eta adierazteko kezkatuta dagoela, litekeena delako Milei gobernura iristea eta zapaltzaileak aske geratzea.

Emakumeak eta disidenteak

Emakumeak eta disidenteak ere funtsezkoak izan dira hauteskunde prozesu honetan, baita haien botoa ere. Lehen itzulia baino lehen ere igarri zen hori, eta agerian geratu da emaitzak ikusi ondoren: Sergio Massak lortutako 36,7 puntuetatik, %45 emakumeen botoak izan ziren, eta %30, gizonenak.

Mileiri, ordea, gizon gazteek ematen diote botoa batik bat. Nagusiki Mileiren proposamenek azaltzen dute hori, askotariko eskubideak murriztearen aldekoak baitira, eta haietako askok genero agendarekin baitute zerikusia; Massaren kanpainan, ordea, genero kontuak gero eta gehiago aipatu dira, eta, pixkanaka, esplizitu bilakatu dira besteak beste zaintzari, heziketari eta genero arrakalari dagozkien proposamenak.

Ultraeskuina boterean egoteak dakarren mehatxuaren eta atzerapenaren kontra, erabakigarriak izan dira bai mikromilitantzia eta bai antolaketa eremu formalagoak, hala nola emakumeenak eta beste batzuenak.

Massari «boto erabilgarria» ematearen arazoa zera da, botoa —Mileiren— aurkakoa izango dela, eta ez —Massaren— aldekoa. Eta oso egoera zaila da hori, kontuan hartuta herrialdea krisi larrian dagoela eta hautagai ofizialistaren alde egiteko arrazoiak Mileik dakarren arriskuan oinarritzen direla batez ere, eta ez hainbeste Massak berak pizten duen ilusioan. Hala ere, askok erabaki dute alde batera uztea beren desioak eta erabateko pragmatismoz jokatzea, helburu garrantzitsuago baten mesedetan; alegia, Mileik eta haren lagunek ez dezaten lortu gobernua osatzea.

Orain, beste galdera bat sortu da: ea oraindik garaiz dauden galga jartzeko eskuinaren erasoari, diktadura osteko Argentinan aurrez ikusi gabeko oldarraldi bati.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.