Promesena atzean utzi, eta neurri zehatzak iragartzeko fasean dago Bashar al Asad. Siriako presidenteak ere protestak isilarazi eta botereari irmoki lotzeko diktadoreek jarraitu ohi duten dekalogoaren pauso guztiak betetzen ari da. Duela bi aste hasi ziren protestak ukatu zituen hasiera batean, baina larunbatean hainbat preso politiko askatu zituen; atzo, berriz, teknokratez osatutako gobernuaren dimisioa onartu zuen, eta, gaur, salbuespen legea bertan behera uztekoa da —1963. urtetik dago indarrean—. Nazioartetik, hala ere, gero eta gehiago dira herritarren ahotsa entzuteko eskaera egiten dioten politikariak.
Azkenaldian agerian gelditu da diktadura guztiek urrats berdinak egiten dituztela azkenetan direnean: hasieran, ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen dute, errealitatea ukatuz; ondoren, promesak egiteari ekiten diote; gero, demokraziarako bidea hartzeko neurri zehatzak iragartzen dituzte, baina ordurako berandu izaten da. Eta azken erabakian dago gakoa: amore ematea edo gerrari ekitea. Siriak Tunisiaren, Egiptoren edo Libiaren bidea hartuko duen ikusteko dagoen arren, iraultzaren txinparta piztu da han ere. Eta Al Asad presidenteak zer norabide hartuko duen iragartzea ezinezkoa da, espekulazio hutsa, boterea utzi behar izan duten diktadoreekin ezaugarri asko partekatzen baditu ere, berezitasun propioak dituelako. Bashar al Asad ez delako Zine el Abidine Ben Ali, Hosni Mubarak edo Muammar Gaddafi. Eta Siria ez delako Tunisia, Egipto edo Libia.
Bashar al Asad
Boterean lau hamarkada luze daraman klanaren oinordekoa da Bashar al Asad (Damasko, 1965). Hafez el Asadek 1970ean emandako estatu kolpeari esker jaso zuen sendiak jumlukia —errepublika eta monarkia hitzak bateratzen dituen esamoldea—. Ondare horri esker familiaren eskuetan egon da beti boterea. Basil anaia zaharrena zen aitaren lekua betetzekoa, baina auto istripu batean hil zen 1994an. Al Asad Londresetik jaioterrira itzuli behar izan zuen, bere etorkizuna politikara bideratzeko, eta aitaren heriotzaren ostean hartu zuen agintea, 2000. urtean. Erreforma demokratikoak iragarri zituen presidente kargua hartu eta berehala, eta keinu batzuk egin bazituen ere, ezerezean gelditu zen Damaskoko Udaberria. Hamarkada batean agerian utzi du aitaren semea dela; Damaskoko lehoiaren kumea. Al Asadena erregimen hertsia da. Gizon zuhurraren atzean, agintari zorrotza dago, beluzko eskularruaren azpian, burdinazko eskua. Ekonomiaren alorrean egin dituen erreforma arinek, hala ere, sostengu zabala eman diote hainbat sektoreren artean, baina liberalizazioak hazkundea ekarri badu ere, langabezia handia da. Eta herritarren %40 da 15 urtetik beherakoa.
Al Baath
Damaskon eratu zuten 1947an Al Baath Iraultza Arabiarreko Alderdi Sozialista. Iraken eta Sirian baino ez da egon agintean alderdia. Sirian 1963an eskuratu zuen boterea, baina aurki zatikatu zen; Hafez al Asadek ez zituen panarabistetatik gertuago zeuden nazionalisten iritziak partekatzen, eta bere adarra nagusitu zen. Al Asadek alauiten artean banatu zuen botere politiko eta militarra leialtasun tribalean oinarritutako harremanak sustatuz. Botere sistema hori indarrean dago oraindik ere eta alderdiaren guardia zaharra eragin handia du oraindik ere presidentearengan. Alderdian bere gertukoak sartu baditu ere, makineria zaharrak martxa eta pisu propioak ditu, eta, hainbat analistaren iritziz, demokrazian urratsak egitea boikotatu du.
Alauiak
Sirian bizi diren hogeita bi milioi lagunetatik %10 baino ez dira alauitak, baina botere guztia kontrolatze dute —drusoak, kurduak eta armeniarrak dira beste gutxiengoak—. Gobernua laikoa baldin bada ere, alauiten mesedean aritu da, eta zatiketa eragin du horrek gizartean. Frantziako kolonialismoak alauitak babestu zituen musulman suniten aldean (populazioaren %80), eta 1946an, independentziarekin, baztertuta gelditu ziren. Armadan sartu ziren orduan estatu kolpe bidez boterea eskuratu zuten arte. Djebel Nosairi mendiaren inguruetan dute jatorria, ipar-mendebaldean. Musulman xiiten adar bat dira alauitak, nahiz eta heterodoxoak diren oso: txerria jatea debekatua dute, baina ardoa onartuta. Ez dute meskitetan errezatzen—etxean edo egurats zabalean egiten dute— eta islamaren arau batzuk urratzen dituzte —Mekara joatea ezinbestekoa dela dioena—. Korana aintzat hartzen badute ere, liburu sakratu propioa dute; Kitab al Majmu. Emakumeak maila apalago batean daude, eta zuhaitzak eta errekak adoratzen dituzte horiek. Adituek ere ez dituzte adar horren xehetasun guztiak ongi ezagutzen.
Oposizioa
Anaia Musulmanak dira oposizioko alderdirik handiena. Euren kontrako jazarpena aspaldikoa da. Hama eta Homs hirietan bere kontra altxatu ziren musulman suniten kontrako sarraskia eragin zuen 1982an Hafez el Asadek —20.000 lagun hil zituen—. Egipton bezala gainontzeko mugimenduak, laikoak gehienak, sakabanatuta eta ahulduta daude, ahots disidenteen kontrako jazarpena handia baita; asko dira erbestean eta kartzelan daudenpolitikari, ekintzaile eta abokatuak. 2005ean Damaskoko Ituna sinatu zuten trantsizio politikorako bide orri bat zehazte aldera, baina islamistak hortik atera ziren ondoren.
Kokalekua
Ekialde Hurbilean leku aparta du Siriak. Irak albo batean, ekialdean, eta bestean, Israel eta Libano, mendebaldean. Txikia bada ere geoestrategikoki duen garrantziaz ohartuta malabarismo politikoak egin ditu historikoki, interes puntualen arabera aritu da joko diplomatikoan, orain batzuekin eta gero, beharrezkoa bada, besteekin. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunarekin egin zuen bat. Washingtonentzat, berriz, estatu kriminala da —Al Kaedaren kontrako gerran batera aritu badira ere—; Iranetik Libanoko Hezbola talde islamistarentzat armak pasatzea leporatzen baitio. Siriak talde honi babesa eman izana zabaldu da, hala nola, milizia palestinarrei eta Hamasei. Ezen betiko aurkaria partekatzen dute. Israelek 1967an okupatutako lurraldea oraindik ere beretzat aldarrikatzen du Siriak; Golango Gaina. Horrek, baina, ez dio galarazi tarteka negoziazio sekretuetan aritzea Israelekin. Iran eta Israel, beraz, kezkaz eta arretaz ari dira auzora begira. Iranek eskualdean duen aliatu bakarra delako. Eta Israel militarki indartsuago bada ere, erregimen alauita nahiago duelako etor dakiokeena baino.
Henry Kissingerrek berak adierazi zuen behin zonaldean ezin zela gerra egin Egiptoren babesa gabe, eta ezin zela bakea egin Siria gabe. Eta aforismo horren berri du nazioarteak.
Protestak herrialde arabiarretan
Azkenetan azkena
Bashar al Asad Siriako presidenteak gobernuaren dimisioa onartu du, protestak isilaraztearren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu