Gaur astebete Fuerteventura (Espainia) uharteko Playa Blanca hondartzara 28 lagun iritsi ziren pneumatikozko txalupa batean. Bakoitzak 600 euro ordaindu ostean, hamazazpi ordu eta 120 kilometro egin zituzten itsasoan, «infernutik ihes egiteko». Sahararrak ziren denak, eta horietatik sei adingabeak.
«Beste aukerarik ez zegoelako egin dugu ihes. Txalupan etorri garen guztiok Agdaim Izik erresistentzia kanpalekuan egon ginen, eta Polizia gure atzetik dabil. Hankan bala batekin zaurituta etorri da bat, herren. Beste batek hautsita dauka eskua». Txalupan zihoan Abdalaren hitzak dira.
Fuerteventurara iristeaz batera, Mendebaldeko Saharakoak zirela esan eta babes politikoa eskatu zuten 22 nagusiek; sei adingabe sahararrak, ostera, adingabeen zentroan sartu ditu Kanarietako Gobernuak. Guardia Zibilak El Matorraleko atzerritarren zentroan sartu zituen nagusiak, eta hantxe daude oraindik ere. Alabaina, guztiek babes politikoa eskatu dutenez, Espainiako Barne Ministerioa atzo hasi zitzaien deklarazioa hartzen, eta gaur ere segituko du. CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak abokatu talde bat bidali du Fuerteventurara sahararrei laguntza emateko. «Begi bistakoa da Mendebaldeko Saharako egoera babes politikoa onartzeko bezain kezkagarria dela», dio Mauricio Valiente CEAReko aholkulari juridikoak.
Iheslarien nortasuna eta ibilbidea egiaztazean CAERek babes politikoa eskatzeko laguntza emango die. Behin eskaerak eginda, Espainiako Gobernuak lau egun izango ditu babes eskakizunak onartu ala ez erabakitzeko. Ezezkoa emanez gero, sahararrek bi egun izango dituzte helegitea jartzeko, eta, ondoren, administrazioak beste bi egun izango ditu behin betiko erantzuna emateko.
«Espainiak emango die babes politikoa euren akusazioak sinesgarriak badira», esan du Juan Fernando Lopez Aguilar PSOEko eurodiputatuak. Hala ere, ikusteko dago zer erabaki hartuko duen gobernuak, ororen gainetik Marokorekin harreman ona edukitzea xede duela erakutsi baitu joan den azaroaren 8an marokoarrek Aaiungo kanpalekua indarrez hutsarazi zutenetik.
«Ez litzaidake arraroa izango Mendebaldeko Saharatik Espainiara txalupa gehiago etortzea», zioen etsita Abdalak. «Poliziak etxeko atea bota eta kartzelan sartzen du jendea. 300 baino gehiago sartu dituzte. Edozer egin diezazukete han. Jende asko dago basamortuan ezkutatuta, Aaiunera bueltatu ezinda. Egoera dramatikoa da». UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria ere Abdalaren iritzi berekoa da: «Sahararren babes eskaera kopurua igo egingo da 2011an». Espainiako Barne Ministerioko datuek ere joera hori erakusten dute. 2009an 73 marokoarrek eskatu zuten babes politikoa Espainian —sahararrak ere marokoartzat hartzen ditu Espainiako Gobernuak—, 2010ean, berriz, 122 lagunek —abenduko datuak kontuan hartu gabe—.
Tortura salaketak
Abdeljalil Larussi (Aaiun, 1978) 2010eko azaroaren 12an atxilotu zuen Poliziak Burjadurren (Mendebaldeko Sahara). Aaiunera eraman zuten, eta behin eta berriz torturatu zuten, bai psikologikoki bai fisikoki: biluzik eta begiak estalita eduki zuten lau egunez, airean zintzilik zegoen makila batean zintzilikatu zuten, gorputz guztian kolpatu zuten, deskarga elektrikoak jasan zituen, ilea errotik atera zioten... eta zerrendak luze jarraitzen du.
Abenduaren 13 eta 16an Marokoko Agadir hiriko Abokatuen Elkargoko bi abokatuk Epaiketa Militarraren zain Saleko kartzelan dauden hemeretzi preso saharar bisitatu zituzten. Abdeljalil Larussiren egoera bertsuan aurkitu zituzten denak. Hori horrela, Sahararren Giza Eskubideen Defentsarako Kolektiboak torturak salatu ditu.
Babes politikoaren esperoan
Joan den asteazkenean Fuerteventura (Espainia) uhartera txalupan iritsi ziren 22 sahararrek babes politikoa eskatu dute; aaiundar gehiagok hartuko du bide bera aurten, UNHCR-ren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu