Mundua

Bachelet: "Lehen itzulian irabazi dugu, eta abenduaren 15ean ere irabaziko dugu"

Bacheletek eta Nueva Mayoria koalizioak irabazi dituzte Txileko hauteskundeak, baina bigarren itzulian Matthei eskuineko hautagaiarekin lehiatu beharko du presidentetzarako.

jon ordonez garmendia
2013ko azaroaren 18a
11:34
Entzun

"Hemen ez dago bi irakurketarik. Irabazi dugu, eta alde handiz egin dugu", esan zuen atzo Michelle Bachelet Nueva Mayoria koalizioko hautagaiak. Botoen %46,67 eskuratu du Bachelet buru duen koalizioak atzo egin ziren parlamenturako eta presidentetzarako hauteskundeetan, baina presidentetzarako hautagaiak gehiengo osorik lortu ez duenez, abenduaren 15ean Txileko presidentetza lortzeko bigarren itzulian Evelyn Matthei eskuineko hautagaiarekin lehiatu beharko du.

Asko ziren atzo ezkerreko hautagaiak gehienego osoa lortuko zuela uste zutenak, eta horrek atzo lortutako emaitzen balorazioa ilundu du. Hala ere, emaitzak argi uzten du Sebastian Piñeraren agintaldiaren ondoren, Bacheletek herrialdearen norabidea aldatzeko agertu duen asmoak herritarrengan sustraitzea lortu duela. PCCh Alderdi Komunista ere sartu zen koalizioan, eta litekeena da Gobernuan ere egotea, Bacheletek osatuz gero.

Abstentzio handia

6,6 milioi herritarrek eman zuten atzo botoa, Txilen eskubide hori dutenen erdiak. Atzora arte botoa ematea derrigorrezkoa zen Txilen, baina atzoko hauteskundeetan, lehen aldiz, beharrezkoa izateari utzi zion eta horrek abstentzioa igotzea ekarri du (%52), adituen ustetan, Bacheleten kalterako. Zortzi hautagai aurkeztu ziren, eta Matthei kenduta beste seiak ere ezker joerakoa izateak ere oztopatu du lehen itzulian gehienego osoa ez jasotzea.

Evelyn Matthei eskuineko hautagaia izango da Bacheletekin lehian abenduaren 15ean. Botoen %25 eskuratu zuen horrek atzo. "Bigarren itzulia hasi berri dugu", esan zuen emaitzen berri jakin ondoren. Marco Enriquez-Ominami Alderdi Progresistako hautagaiak lortu zituen horren ondoren boto gehien, hirugarren, kopuru osoaren ia %11 jasota. Francisco Aldo Parisi hautagai independentea laugarren izan da botoen %10,11rekin. 

Txileko hamabost eskualdetan irabazi du Bacheletek, eta horietako bederatzietan, gehiengo osoz, egin du gainera. Aipagarria da Bio Bio eskualdean jaso duen babesa; 2010eko lurrikarak gehien kolpatu zuen eskualdea izan zen. Emaitza onena Maule eskualdean lortu du, Bio Bioren ondoan. Orokorrean Nueva Mayoriaren emaitzak hobeak izan dira hegoaldean iparraldean baino. Santiagon %41,3 lortu du Bacheletek eta %27,6 Mattheik. 

Ikasleen mugimenduko lau lider, parlamentuan

Nueva Mayoriaren emaitzarekin PCCh Txileko alderdi komunistak bikoiztu egin du bere ordezkaritza parlamentuan, eta sei ordezkari izango ditu hurrengo agintaldian. Horietatik bi, gainera, gazteri komunistetako bi kide izango dira: Camila Vallejo Txileko Unibertstitateko Ikasleen Federazioko presidente ohia eta Karol Cariola Concepciongo Unibertsitateko Federaziokoa izandakoa. JJCC Gazteri Komunistak erakundea parlamentura itzuliko da 40 urte geroago, Pinochetek estatu kolpea eman zuenez geroztik lehen aldiz.

Aipagarria da bi ordezkari horiekin batera, ikasleen protestetan nabarmendu diren beste bi lider izango direla parlamentuan: Giorgio Jackson Iraultza Demokratikoa alderdikoa eta Gabriel Boric Ezker Autonomokoa. Guztiak Nueva Mayoria koalizioarekin aurkeztu ziren atzo. Ikasleen mobilizazioak ugariak izan dira Piñeiraren agintaldian, batik bat, hezkuntzaren erreforma eta doakotasuna eskatuz. Bacheletek unibertsitatea doan izango dela agindu du, eta horretarako aberatsenei zergak igoko dizkiela.

Pinocheten konstituzioa, kolokan

Hezkuntzaren erreformaz gain, Konstituzioa aldatzea izanago da Nueva Mayoria koalizioko kideen erronka nagusia. 1981. urtean sartu zen indarrean Pinochet diktadorearen konstituzioa, eta hauteskunde kanpainan hautagai ia guztiak agertu dira hori bertan behera uztearen alde. Orain arte aldaketak egin dira horren gainean, baina konstituzio berri bat egitea da orain ezkerreko liderren asmoa. Hezkuntzaren erreformaren eta zerga bilketa sistemaren aldaketekin batera, konstituzio berria egitea izan da Bacheleten kanpainaren hirugarren ardatz nagusia.

Bacheleten asmoa parlamentuan bertan konstituzio berria hitzartzea da ondoren erreferendum batean herritarrek bozkatu dezaten, baina ez zuen baztertu parlamentuan nahikoa babes ez baldin bazuen, asanblea konstituziogile bat osatzera deitzea. Oztopo nagusia eskuinetik iritziko litzaioke, horiek ez baitute konstituzioa aldatu nahi. Atzoko hauteskundeetan hainbat ikasle, sindikatu eta ezkerreko alderdik AC asanblea konstituziogilearen aldeko gelaxka markatzera deitu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.