Txile. Maputxeak

Bacheleten asmo indigenak

Bigarrenez agintera heldu berritan, maputxe herriari barkamena eskatu dio Txileko presidenteak, eta Estatuak harekin daukan «zorra» kitatzea hitzeman du. Indigenak, ordea, ez dira fio gobernuaren politika ekonomikoez.

Samara Velte.
2014ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Egidazu mesede bat», idatzi zion 2006an Jose Saramago Literaturaren Nobel saridunak Michelle Bachelet Txileko presidenteari: «Egidazu mesede bat, eta begiratu maputxeei». Une hartan, bere lehen agintaldiari ekitear zen Bachelet, diktaduraz geroztik Santiagon ia beti agindu duen zentro-ezkerreko koalizioaren buru. Baina, aurreko gobernuekin gertatu antzera, maputxeen eskariek ez zuten erantzunik jaso 2006-2010ko legegintzaldian.

Ordutik, Bacheletek lau urte egin ditu NBE Nazio Batuen Erakundean; zapaldutakoen giza eskubideez aritu da nazioarteko konferentzietan, eta Txileren gaitz guztiak garbituko dituen haize berria ekartzeko promesarekin itzuli da presidentetzara. Joan den astean, kargua hartu osteko lehen hitzaldian, Augusto Pinocheten diktaduratik indarrean den konstituzioa aldatuko duela agindu zuen. Maputxeentzako ere izan zuen hitzik: barkamena eskatu zien Txileko Estatuaren izenean, haien lurrak «ostu» eta «okupatzeagatik». Bere egin zituen Araucaniako gobernadore berriak lehentxeago esandako hitzak.

Lehenbiziko aldiz, Indigenen Gaietarako Ministerioa izango du Txileko Gobernuak: «Demokraziaren urteotan guztiotan aurrerapausoak eman ditugun arren, zorra kitatzeko daukagu. Tratu berri bat proposatzera nator, indigenen eskubideak benetan bermatuta egon daitezen eta merezi dituzten aukerak jaso ditzaten, euren lurrak eta kultur ondarea lehengora itzulita».

Maputxeen komunitateak errezeloz erantzun du: ez da lehenbiziko aldia Bacheleti antzeko hitzak aditzen dizkiotena. «Estatua sortu zenetik 200 urte baino gehiago igaro dira, eta betiko politika nazio-bakar, kultura-bakar eta elebakarrarekin jarraitzen du, herri indigenok baztertuz eta gure eskubideak urratuz», adierazi zuten joan den uztailean hainbat erakundetako ordezkariek, Elisa Loncon akademikoaren ahotik: «Horregatik, gure parte hartzea kontuan hartzen ez duen edozein konstituzio eredu ez da zilegi izango guretzat».

Maputxeak Txileko talde etniko handiena dira: herritarren %9 inguruk dute jatorri maputxea. Hego Konoaren hegoaldean bizi dira nagusiki, Espainiako kolonizazioak kendu ezin izan zizkien lurraldeetan. Kultur nortasun sendoa dute, baita elkarbizitzarako eta gizarte antolaketako arau eta jurisdikzio propioak ere; ikuspegi indigenatik, hertsiki lotuta doaz guztiak. Historikoki, Txileko elite politikoetatik baztertuta egon dira, eta beraz, estatuaren eraikuntza prozesu guztietatik kanpo; horrek bigarren mailako herritar bihurtu ditu. Gaur egun, pobrezia tasa handiagoa da indigenen artean.

Demokraziatik espero zutena

1990eko hamarkadan eta 2000koaren hasieran, Txileko Gobernuak hainbat ekinbide abiatu zituzten komunitate indigenen parte hartze politikoa bultzatzeko. Diktaduraren osteko urteak ziren, eta ikusmin handia piztu zuten zentro-ezkerreko gobernu berriaren asmoek: maputxeek erruz helarazi zizkieten euren proposamenak instituzio publikoei, baina gehienak paperean geratu ziren, edo laguntzeko programa eskasegiei eman zieten bide. Ordutik, protestatik eta bestelako bideetatik aldarrikatu dituzte euren eskubideak. Batetik, maputxe herria Txileko naziotzat hartzeko eskatzen diote Santiagori: konstituzioa erreforma dezala, eta nazio guztiak aitor ditzala, hangoen bertakoen hizkuntzei estatus ofiziala emanez. Bestetik, indigenen leku sakratuak babesteko legeak eskatzen dituzte, geroz eta gehiago baitaude enpresa publiko zein pribatuen egitasmoengatik mehatxatuta.

Pinocheten diktaduran abiatutako erreforma neoliberalek eta globalizazioak botere desoreka hori areagotu besterik ez dute egin. Gaur egun, nazioarteko enpresa handiek ustiatzen dituzte Txileko natur baliabideak, sarri maputxeenak izan ohi diren jatorrizko lurrak bereganatuz. Horregatik, urteen poderioz, baliabide horien banaketa bihurtu da gatazkaren erdigune.

Txile Espainiarekiko estatu independente gisa eratu zenetik, komunitate indigenak euren jatorrizko lurrak galduz joan dira, besteak beste, behartuta edo iruzurra jasanda. 1929rako, maputxeen kontrolpeko erreserbek irla sorta sakabanatu bat osatzen zuten Txile hegoaldeko lurralde zabalean. Inguruko lurrak Estatuak hartu zituen jabetzan: gehienak enkantean ipini zituen, eta indigenak ez ziren norbanakoen eskuetara igaro ziren —haietako gehienak, kolonoak eta eliteko kideak—. Gerora, latifundio zabalak eratu zituzten lurrotan.

Diktadura militarrak ekarritako eredu ekonomikoak kalte gehiago eragin zuen. Estatuaren kontrolpean egondako merkatuak araugabetzen eta liberalizatzen hasi ziren, besteak beste, baliabide naturalak, arrantza, ura, meatzaritza eta basogintza. Gobernuak enpresa publikoak pribatizatu zituen; eta zerbitzuak, orokorrean, enpresa logika kapitalistaren menpe gelditu ziren. Eredu horren eraginez, Hego Amerikako «mirari ekonomiko» bihurtu da Txile Mendebaldearen begietan: Latinoamerikako BPG handiena du buruko, baina baita diru sarreren banaketan desoreka handienaere. Herritarren goiko esferetan, %1 aberatsenak herrialde osoko kapitalaren %30aren jabe dira. Proportzioan pobrezian bizi direnak, berriz, beste herrialdeetan baino gehiago dira: bost herritarretik baten diru sarrerak batez bestekoaren azpitik daude.

Politika horiek erabakigarriak izan dira maputxeentzat. 1975etik aurrera, basogintzako enpresei lurralde zabalak monolaborantzarako erabiltzea ahalbidetu zien gobernuak, eta indigenen lurrak negozio horien interesgune bihurtu ziren. Gaur egun, Txileko elitearekin lotura estuak dituzten hiru enpresa talde nagusik milioi eta erdi hektarea kontrolatzen dituzte lur horietan; pinua eta eukaliptoa landatu dituzte ia guztietan. Komunitate maputxeari, berriz, 600.000 hektarea geratzen zaizkio, 2012ko erroldaren arabera.

Herri indigenek era aski desberdinean kudeatu izan dituzte natur baliabideak. Jabetzak modu pribatuan antolatu ordez, erabilera komunitarioa eman diete lurrei, hura baitator bat indigenen mundu ikuspegi orokorrarekin. Kostako eskualdeetan ere badituzte euren tradiziozko erabilerarako gordetako espazio batzuk. Biobio eskualdetik hegoaldera dauden labarrak, esaterako, mugimendu indigenaren gune preziatuenetarikoa dira: han Lafkenche maputxeek kudeatzen dituzte natur baliabideak. Joan den hilean, baina, gobernuak arrantza pribatizatu zuen, eta zazpi enpresa talderi eman zien haren gaineko eskumena.

Desjabetze horien ondorioz, pobreziarako arriskua are handiagoa da indigenen artean. Ekoizle handiek espazioa jan diote eskualdeko produkzio txikiari, eta nekazaritzan jardun ohi zuten familia eta kooperatiba askok bizibidea galdu dute; ohartzerako, multinazionalei erosi behar dizkiete euren etxe alboan hazitako produktuak. Hazkunde eredu horren aurka, hainbat mugimendu sortu dituzte maputxeek. Nagusiki basogintzako enpresa handien eta latifundioen aurka egiten dute protesta, eta euren garapen-ereduekiko errespetua eskatzen dute. Eta ez dituzte soilik Txileko Estatuak juridikoki aitortutako tituluetan agertzen diren erreserbak aldarrikatzen, Txilek anexionatu arte maputxeenak ziren lur guztiak baizik.

Konstituzio berria

Nazioarteko hainbat erakundek ere eskatu diote Txileko Gobernuari maputxeei jatorrizko lurrak itzultzeko; besteak beste, NBEren Giza Eskubideen Batzordeak. Nazioarteko legediak ere hainbat prozedura ahalbidetzen dizkie indigenei baliabide horiek berreskuratzeko. Estatuak, ordea, gogor erreprimitu ohi ditu kaleko protestak.

Bacheletek agindutako erronka handiena diktadurako konstituzioa aldatzea izango da. Mugimendu indigenak urteetan eskatu du hura eraitsi eta kultura aniztasuna aitortuko duen berri bat idaztea; agiri horrek, besteak beste, estatus ofiziala aitortuko lieke hizkuntza gutxituei, eta autonomia emango lieke maputxeei. Hala dio Wallmapuwen antolakunde politikoaren proposamenak: «Estatu berria batzorde konstituziogile batetik sortuko da, eta deszentralizatua izan beharko du arlo guztietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.