IRAKEKO OKUPAZIOA

Bagdad, Mosul eta Falujako erasoetan 35 pertsona hil dituzte

Kenneth Bigley bahitu britainiarra beste talde baten esku utzi dutela iragarri du Kuwaiteko egunkari batek

Erredakzioa
2004ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Gutxienez 21 irakiar hil eta beste 96 zauritu ziren atzo Bagdaden bi bonba-auto lehertu zirenean. Lehen atentatua Gune Berdearen kanpoaldean izan zen, AEB Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadatik eta Irakeko behin-behineko gobernuaren delegazioetatik gertu. Iarmouk erietxeko iturrien arabera, 15 pertsona hil eta beste 81 zauritu ziren atentatuan. AEBen arabera, berriz, soldaduak onik atera ziren erasotik.

Lehenengo bonba-autoa lehertu eta ordu erdira eztandarazi zuten bigarrena, Palestina eta Bagdad hoteletatik gertu, Saadoun kalean. Lekukoen esanetan, konboi militar bat igarotzen ari zen unean izan zen leherketa. Ondorioz, sei lagun hil eta beste 15 zauritu ziren. Leherketa izan eta berehala tiroketa bat ere izan zen ekintzaileen eta Poliziaren artean. Leherketaren eraginez, hotelen inguruan zeuden autoak hondatuta geratu ziren. Mosulen beste bonba-auto bat leherrarazi zuten bi ekintzaile suizidak. Atentatuan ekintzaileak eta handik gertu zegoen zibil bat hil ziren, eta beste 11 pertsona zauritu .

Bonbardaketak

Falujan soldadu estatubatuarrek bi etxe bonbardatu eta 11 pertsona hil eta 12 zauritu zituzten. Armadaren arabera, Abu Musab Al Zarkauiren jarraitzaileak biltzen ziren bi etxe horietan. Hainbat lagun bahitu eta hil dituen Monoteismoa eta Gerra Santua erakundeko buru izatea leporatzen diote Al Zarkauiri. Ospitaleko iturrien arabera, aldiz, hildakoen artean hiru emakume eta lau haur zeuden.

Bagdaden Zientzia eta Teknologiarako Ministerioko arduradunetako bat eta funtzionario bat hil zituzten atzo tiroz. Horretaz gain, Bakuban Daud Al Ausi Poliziako komandantea hil zuten tiroz eta hiriko eraikin bati eraso zioten morteroekin. Ondorioz, lagun bat hil eta beste 35 zauritu ziren. Abu-Bakr Al Siddik Brigada Salafista deituriko taldeak bi bahitu hil zituela esan zuen atzo. Aiad Uali irakiarra eta Yalmaz Dabja turkiarra dira bi bahituak. Al Jazeera telebistara bidalitako bideoan, espioitza lanetan aritu izana leporatzen diete biei. Uali irakiarra izan arren Italian bizi zen, eta haren anaiak ezer egin ez izana leporatu dio Erromari. Irakeko Armada Islamiarrak deituriko erakundeak joan zen astean bahitutako bi emakume indonesiarrak askatu zituen atzo. Bestalde, Kenneth Bigley beste talde baten eskuetan dagoela iragarri zuen atzo bahitu britainiarraren anaiak. Paul Bigleyren esanetan, segur aski talde horrek bahisaria eskatuko du, eta, hala balitz, errazagoa litzateke hura askatzea.Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak azaldu zuenez, Kuwaiteko egunkari batek zabaldu zuen berria. Kazeta horren arabera, Monoteismoa eta Gerra Santua erakundeak beste talde bati saldu dio bahitua, eta azken honek bahisaria eskatuko du. Bigarren talde hori bi italiarrak askatu zituen bera da, ustez. «Errazagoa da bahisaria ordaintzea, Gobernuak euren eskaera betetzea baino», esan zuen bahituaren anaiak. Christian Chesnot eta Georges Malbrunot frantziar kazetariei dagokienez, berriz, negoziazioak eten egin direla jakinarazi zuen atzo Didier Julia diputatu frantsesak. Julia bahitzaileekin negoziatzera joan zen Irakera. Baina, bere esanetan, negoziazioak bertan behera geratu ziren AEBen erasoen ondorioz. Jean-Pierre Raffarin Frantziako lehen ministroaren arabera, ordea, Juliak arriskuan jarri du bahituen bizia. Ondorioz, Michel Barnier Atzerri ministroa, Dominique Villepin Barne ministroa, Michelle Alliot-Marie Defentsa ministroa, Francois Fillon Hezkuntza ministroa, Renaud Donnedieu de Vabres Komunikazio ministroa eta Dominique PerbenJustizia ministroarekin bildu zen atzo Raffarin, bahituen berri eman eta zer egin erabakitzeko. Oposizioak, bestalde, azalpenak emateko eskatu zion Juliari. Jerzy Szmajdzinski Poloniako Defentsa ministroak atzo adierazi zuenez, datorren urteko abenduan aterako dituzte soldaduak Iraketik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.