Irakeko Legebiltzarraren aurkako erasoa, eguerdi aldean izan zen, diputatuak eraikinaren barruko jatetxean aurkitzen zirelarik. Gerrikoa lehergaiez beteta zuen ekintzaile suizida batek bere burua zartarazi zuen eta eztandak bi legebiltzarkide eta sei langile hil zituen -beste hamar bat lagun zauritu ziren-. Mohamed Auad Nazio Elkarrizketarako Fronte Irakiarreko diputatu sunita da hildako diputatuetako bat - bestea xiita edo kurdua zen ez zegoen argi-. Nazio Elkarrizketarako Fronte Irakiarrak orotara 11 diputatu ditu Legebiltzarrean. Irakeko Parlamentuan 275 diputatu daude guztira eta indar politiko xiitak dira nagusi.
Legebiltzarraren jantokian soilik diputatuak eta egoitzako langileak sar daitezke. Eztandaren unean diputatu ugari bazkaltzen ari ziren. Lekuko batek gertatutakoaren berri eman zuen: «Leherketa handi bat izan zen. Sua ikusi nuen eta kea ikaragarria zen. Jende asko lurrean etzanda zegoen eta odola ere ikus zitekeen». Khalaf al Ilian diputatu sunita erasoaren lekuko izan zen: «Guztiak ginen eraso honen jomuga. Legebiltzarrean, izan ere, gizartearen talde guztiak ordezkatuta baikaude». Atentatua hiriburuko gune seguruenetako batean gertatu izanak nabarian utzi du, diputatuaren iritziz, gobernuak indarrean jarritako segurtasun planaren eraginkortasun eza: «Plan honek erabat porrot egin du».
SEGURTASUN PLANARI DESAFIOA. Ameriketako Estatu Batuetako eta Irakeko armadek joan den otsailaren erdialdean jarri zuten martxan, hiriburuan, legea bermatu segurtasun plana. Planaren eraginkortasuna, baina, auzitan gelditzen da egunero.
Ekintzaile suizida batek, era berean, kamioi-bonba bat eztandarazi zuen hiriburuko zubi batean -Tigris ibaiaren gaineko Al Sarafia zubian-. Leherketak zubitik zihoazen ibilgailu andana uretara erortzea eragin zuen. Horren ondorioz hamar bat lagun hil eta 26, gutxienez, zauritu ziren. Tigris eta Eufrates ibaien gainetik igarotzea ahalbidetzen duten hamabi zubietako bat da Al Sarafiakoa. Al Atafia auzo xiitaren eta Uaziria auzo sunitaren artean lotura egiten du eraikuntza honek. Zubia erabat hondatuta gelditu zen.
SEGURTASUN PLANARI DESAFIOA . AEBetako agintari gorenek, bien bitartean, gogor gaitzetsi zuten eremu berdean egindako erasoa. George Bush presidenteak «Irakeko demokraziaren sinboloari» oldar egitea salatu zuen. Gordon JohndroeEtxe Zuriko eledunak ere gogor salatu zuen erasoa: «Iraki bakea eta segurtasuna bermatu nahi dion gobernu baten jarduera kolokan jartzea da terroristek egin nahi dutena da». Iraken orotara 145.000 soldadu dituzte AEBek. Datozen hilabeteetan beste 28.000 bidali nahi dituzte. Hori baina ez dela eragingarria ikusten da egunero eta zaindutako eremuetara ere sartzeko gai dira ekintzaileak.