Bagdadeko hiru leherketak Karrada auzune sunitan gertatu ziren, eta bertatik igarotzen ari ziren dozenaka mila erromes xiita izan ziren biktimak. Ustez emakumeak ziren hiru ekintzaile suizidak euren jantzietan zeramatzaten lehergaiak zartarazi zituzten erromesen artean, goizeko 07:00ak eta 08:00ak bitartean. Leherketek ondorio itzelak izan dituzte, gutxienez 25 lagun hil baitira -beste informazio batzuek 28 edota 32 hildako aipatzen dituzte- eta 70 zauritu -92 edo 102 beste iturri batzuen arabera-.
Eraso odoltsu horien jopuntuan hartutakoak Bagdadeko Khadamia santutegi xiitarako bidean zihoazen erromesak ziren. Horiek, urteroko legez, 779. urtean pozoituta hil zen Mussa al Kadhim imamaren martirioa gogoratzeko erromesaldian parte hartzen ari ziren.
Erromesaldi horretan gertatutako hilketa handiena, baina, 2005. urtean jazotakoa izan zen. Urte hartan, mila bat erromes xiitak bizia galdu zuten jende oldearen artean ekintzaile suizidak bazirelako zurrumurruak eragin zuen izualdiaren ondorioz. Horrelakorik berriz gertatzea galarazteko asmoz, Irakeko Gobernuak 5.000 polizia eta militar zabaldu ditu erromesaldiaren ibilbidean. Segurtasun indarrek ibilgailuen zirkulazioa debekatu dute Bagdadeko zati horretan, eta kontrol guneak ezarri dituzte, parte hartzaileak miatu ahal izateko. Neurri horiek, baina, ez zuten atzoko erasoak gertatzea eta herenegun beste zazpi erromes xiita tiroka hiltzea eragotzi.
Atzoko erasoen aurretik, Bagdaden izandako azkenengo atentatu odoltsuena, joan den ekainaren 17an gertatu zen. Egun hartan, 63 lagunek bizia galdu zuten, xiiten aurkako erasoaldian. Indarkeria murriztea Irakeko segurtasun indarrek eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadak ekintzaile islamisten kontra gauzatutako oldarraldien emaitzatzat jo dute Bagdadek eta Washingtonek.
Kirkuken, kurduak jomuga
Ofizialki Iraken menpeko Kurdistan autonomoan kokatuta ez dagoen arren, Kurdistango zati da Kirkuk. Han egin zuten atzoko bigarren eraso odoltsuena. Gutxienez, 27 lagun hil ziren eta 126 zauritu. Han ere, ustez emakumea zen ekintzaile suizida batek bere burua zartarazi zuen manifestazio bat egiten ari ziren milaka kurduren artean. Leherketa horren ondorioz, gutxienez 11 manifestarik bizia galdu zuten, eta beste 54 zauritu ziren. Lehen gertaera horren ostean, ordea, izualdi bat egon zen protesta egileen artean eta tiroketak izan ziren. Ondorioz, beste 16 lagun hil ziren eta 72 zauritu, agintariek eta erietxeetako iturriek emandako datuen arabera. Balantze hori, baina, behin-behinekoa da eta larriagotu daiteke datozen orduetan.
Erasoaren jomuga izan ziren kurduak, hil honen 22an Irakeko Legebiltzarrak onartutako hauteskunde legearen kontra protesta egiten ari ziren. Testu horrek, Kirkuken bizi diren kurdu, arabiar eta turkmenoen artean boterea partekatzeko ereduak finkatzen ditu. Alabaina, kurduentzatKirkuk Kurdistan da -Saddam Hussein Irakeko presidente zenak beste eskualde bati lotu zion-, eta ondorioz, hauteskunde lege horren kontra agertu dira. Izan ere, hiria Gobernu autonomoak administratzea nahi dute.
Irakeko Legebiltzarrean bigarren indar politikoa osatzen duten diputatu xiitek lege proposamenaren kontra bozkatu zuten. Jalal Talabani Irakeko presidente kurduak eta bere bi presidenteordeek ere testuari betoa jarri zioten. Kirkuken inguruko eztabaidak atzeratu egin ditzake datorren urrirako finkatuak diren hauteskundeak.
Irak eraikitzeko AEBek emandako diruaren %20 «galdu» egin dela salatu dute
Kaliforniako Parsons enpresak 212 milioi euro eskuratu ditu53 eraikin egiteko, eta erdiak soilik egin dituErredakzioa
2003ko martxoan Irak inbaditu eta suntsitu ondoren, AEB Ameriketako Estatu Batuek herrialdea berriz eraikitzeko egitaraua iragarri zuten. Egitasmo horretan makurbide asko egin dutela jakinaren gainean zegoen, eta hori egiaztatu egin dute berriro Washingtonek agindutako ikerketa ofizial batean. Ikerketa lan hori Irak eraikitzeko lanak ikuskatzeaz arduratzen den Stuart Bowen eta haren batzordekideek burutu dute, eta horren emaitzak plazaratu zituzten atzo. Horien arabera, «gaizki erabili» dituzte emandako laguntzak.
Bowenen esanetan, Washingtonek Irak eraikitzeko ebatzitako 21.000 milioi dolarretako -13.400 milioi euro- diru-sartzeetatik %20 inguru «nonbait galdu egin da». Ez da kopuru txikia, guztira 4.000 milioi dolarrekoa -2.500 milioi euro- baita «galdutako» diru kopurua. Bowenek «dirua galtze» edo «alferretan xahutze» horietatik zenbaiten berri eman du.
Erabilgarri ez den espetxea
Ikuskatzaile nagusiak aipatutako adibideetatik bat, Bagdadetik hurbil eraiki duten Khan Bani Saadeko espetxea da. Kaliforniako Parsons enpresak du eraiki 1.800 preso hartzekoa zuen espetxe hori. Eginbehar horretarako 40 milioi dolar -25,5 milioi euro- eskuratu dituelarik. Alabaina, lanak «nolanahi» eginak izan dira, eta eraikin hori ez dute sekula presondegiizateko egokituko.
«Parsons da Iraken berreraikuntzarako kontratatu izan dugun enpresetatik okerrena», adierazi du deplauki Bowenek. Ikuskatzaileak eman dituen argibideen arabera, enpresa horri eraikitzeko eskatutako 53 etxebizitza eta merkataritza guneetatik 18 baino ez ditu bururaino eraman. Horietako bat da Khan Bani Saadeko espetxea. Enpresa estatubatuarrak, haatik, 333 milioi dolar -212 milioi euro- eskuratu ditu, nahiz eta bere eginbeharretan ziren eraikuntzetatik erdiak ez dituen burutu.
Bere burua zuritu nahian, Parsonsek azaldu du AEBek ez zutela Iraken indarkeria arriskuez behar bezala abisatu.