Hamasek aske utzi du bahitu bat

Israelek Gazako aterpe bat bonbardatu du, eta hamazazpi pertsona hil ditu.

Hamasek aske utzitako bahitu bat, otsailean. HAITHAM IMAD / EFE
Hamasek aske utzitako bahitu bat, otsailean. HAITHAM IMAD / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko maiatzaren 12a
17:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzo iragarri zuen Hamasek Ameriketako Estatu Batuetako bahitu bat aske utziko zuela, eta arratsalde honetan baieztatu du, ohar bidez, askatu duela dagoeneko. Israelgo armadak ere adierazi du Gurutze Gorriarekin elkartu dela bahitua, eta armadarekin biltzear dagoela.

Talde islamistak adierazi du «baikor eta malgu» jokatu duela AEBekin izandako elkarrizketetan, eta «ahalegin» dadila eskatu dio Washingtoni, «[Israelgo lehen ministro Benjamin] Netanyahu gerra kriminalak Gazako zerrendan haurren, emakumeen eta babesgabeen kontra hasitako gerra amaiarazteko». Erantsi duenez, bien bitartean, «bitartekariak ahaleginetan ari dira su etena lortu, pasabideak ireki, eta Gazako zerrendara laguntza eta lasaitasuna hel dadin».

AEBek baieztatu duenez, Hamas eta Washington su eten bat negoziatzen ari dira, baita laguntza humanitarioa Gazan sartzeko modua emango duen akordio bat ere. Donald Trump AEBetako presidenteak, prentsaurreko batean, esan du espero duela talde islamistak «beste bahituak» ere aske uztea.

Hamas prest agertu da «tregoa zabal eta iraunkorra» erdiestearren negoziazioei «berehala» ekiteko; zera ere nahi dute eztabaidatu: «[Israelgo] armadak okupazioa utz dezala, setioa amaitu dadila, preso trukea egitea eta Gazako zerrenda berreraikitzeai». Oharrean erantsi duenez, elkarrizketa «serioek eta modu arduratsuan» egindakoek berekin dakarte bahituak askatzea: «Dena den, oldarraldian jarraitzeak haien sufrimendua luzatzea dakar, eta baliteke haiek hiltzea».

Israelek eta Hamasek hiru faseko su etenari bide emango zion menia bat adostu zuten urtarrilean. Lehenengo faseak martxoaren 1era arte iraun zuen. Fase horretan, Hamasek 33 gatibu askatu zituen; horietatik 25, bizirik, eta zortzi, hilik; eta Tel Avivek 1.900 preso palestinar inguru utzi zituen aske. 

Aldeek, baina, ez zuten lortu ados jartzea bigarrena abiatzeko. Ordutik, erasoak areagotu ditu Israelek, eta Gazan laguntza humanitarioa sartzea eragozten ari da. Are, Israelgo Gobernuak adierazi du hilabete honetan zerrendaren aurkako erasoa gogortzeko asmoa duela. Joan den astelehenean, zerrendako lurreko operazio militarra handitzeko plan bat onartu zuen Israelgo Segurtasun Kabineteak. Asteburu honetan, aterpe bihurtutako eskola bat bonbardatu du, eta hamazazpi lagun hil.

Aurrerapauso bat

Qatarrek eta Egiptok, zeinak negoziazio lanetan ari baitira —AEBekin batera—, ontzat jo dute Hamasen erabakia. Adierazi dutenez, «borondate oneko keinu bat» da, eta aurrerapauso bat «su etena lortzeko negoziazioetara» itzultzeko. Joan den astean, bi herrialdeek nabarmendu zuten negoziatzen segitu beharra dagoela «inoiz ez bezalako» krisi humanitario hori amaitzeko, zeina areagotu egin baita Israelek zerrendan ezarritako blokeoaren ondorioz. Izan ere, Israelek plan berria onartu eta gero, Majed al-Ansari Qatarko Atzerri ministroak esan zuen bitartekariek aurrera segitzen dutela menia bat negoziatzeko ahaleginean, «zailtasunak gorabehera».

Al Jazeerak adierazi duenez, Hamaseko bi kidek AFP albiste agentziari esan diote elkarrizketak martxan daudela AEBrekin Dohan, eta «aurrerapausoak» egon direla, «batez ere zerrendan laguntza» sartu ahal izateko eta «bahituen eta preso palestinarren» trukerako.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.