Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma

Bai ala ez?

Kaleko jendea izango da Eskoziak independente izan behar duen edo ez erabakiko duena. Alde bietako joerak berdinduta daude, eta botoa argi ez duenik ere badago eskoziarren artean.

Herritarrak erreferendumean parte hartzera deitzen dituen kartel bat, Edinburgon. ANDY RAIN / EFE.
Miren Altuna
Edinburgo
2014ko irailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Galdera bakarra, eta bi erantzun posible. Iritsi zaie eskoziarrei erantzuteko eguna. «Eskoziak herrialde independentea izan behar al luke?». 16 urtetik gorako eskoziarrek eta Eskozian bizitzen sei hilabete baino gehiago daramatzaten Erresuma Batuko, Europako Batasuneko eta Comonwealtheko herritarrek dute bihar botoa emateko eskubidea. Erreferendumak sortu duen interesaren erakusgarri, bozkatzeko aukera zutenen %97 erregistratu dira, inoizko portzentaje altuena.

Azken asteetako inkestek eta politikarien adierazpenek hautsak harrotu dituzte. Westminster eta Holyrood parez pare, herritarrak konbentzitu nahian. Kalean, oraindik zalantzati asko.

GALDERAK:

1 Erreferendumean bozkatuko al duzu?

2 Zer bozkatuko duzu? Zergatik?

3 Ziur al zinen hasieratik zer bozkatuko zenuen?

4 Baietzak ala ezetzak irabaziko du?

 

GERY LAW Edinburgo. Margolaria, 45 urte

«Ezetza aterako da, aberatsek euren dirua ondo gordeta nahi dutelako»

1. Bai, noski, bozkatuko dut; horrelako aukerarik ez dut galduko.

2. Baietz bozkatuko dut. Ni bezalako langile jendea nazkatuta gaude Westminsterri hainbeste diru emateaz. Guk geuk kudeatu nahi dugu gure dirua. Eskoziarrok eskoziarron dirua bertatik eta bertara kudeatu. Horregatik, baietz bozkatuko dut, Eskozia independentea izan dadin eta burujabetza ekonomikoak klase sozialen arteko desberdintasuna berdindu dezan.

3. Hasieratik ziur nintzen zer bozkatuko nuen; ez dut aldatu nire iritzia, nahiz eta saiatu diren hedabideak.

4. Ezetzak irabaziko duena ere ziur naiz. Jendea oso ondo bizi da, jende aberatsa. Orain estatu independenteak ekar lezakeen aldaketa ekonomikoa ez zaie komeni askori. Ni bezalako herritar langile batentzat subiranotasun ekonomikoa beharrezkoa da. Ezetza aterako da aberatsek euren dirua ondo gordeta nahi dutelako.

 

PHILIP STOTT Dundee. Alderdi Sozialistako kidea, 50 urte

«Iritsi da austeritatea amaitzeko ordua»

1. Bozkatuko dut.

2. Baietz bozkatuko dut. Bi arrazoirengatik. Bata, austeritate politikaren kontra egin behar delako. Austeritatea amaitzeko ordua iritsi da, eta Londresekin ez goaz inora. Langile klaseak berdintasuna lortzeko garaia da. Erreferendumak aukera hori ematen digu. Bestetik, berdintasun hori lortzeko subiranotasuna beharrezkoa da. Eskoziak bere parlamentua izan dezan, sistema barrutik aldatzeko eta gizarte justuago bat eraikitzeko.

3. Erreferendumean bozkatzeko ez dut zalantzarik izan.

4. Ez dakit zer gertatuko den. Oso estu daude gauzak, eta nik esperantza ez dut galdu. Baina ezetza ateratzen bada, ez da ezer aldatuko, eta berriro kapitalismoaren txotxongiloak izango gara. Berriro egin beharko litzateke erreferenduma. Baietza ateratzen bada, aukera ezin hobea izango da Eskoziak alderdi sozialista bat sortu eta hura gobernura iristeko. Barrutik sistema guztia irauli eta langile klasearen alde egiteko.

 

SHARON BOW Edinburgo. Ikaslea, 17 urte

«Lehen aldiz bozkatuko dut, eta baiezkoa izango da»

1. Lehen aldiz bozkatuko dut, eta baiezkoa izango da. Ilusio handia egiten dit bozkatzera joateak.

2. Baietz bozkatuko dut, onena iruditzen zaidalako guretzat. Hala ere, oraindik gaztea naiz, eta ez ditut gauza hauek ulertzen. Etxean eta lagunei entzundakoagatik dakit dakidana.

3. Hasieran ez nekien bozkatzeko eskubidea nuenik ere. Baina jakin nuenean ahal nuela, asko poztu nintzen.

4. Auskalo zer gertatuko den. Ez dakit; espero dut baiezkoa ateratzea.

 

AMANDA HARPER Midlothian. Erretiratua, 58 urte

«Oso ongi bizi gara orain; nik ez dut aldaketarik nahi»

1. Bozkatuko dut datorren ostegunean, bai.

2. Ezetz bozkatuko dut. Arrazoi sinple batengatik: oso ongi bizi gara orain; nik ez dut aldaketarik nahi. Eskoziarra naiz, baina baita britainiarra ere. Batasunean hobeto bizi naiz. Ez zait ezertxo ere falta, eta gustuko dut Cameronen gobernua.

3. Hasieratik garbi nuen bozkatuko nuela eta ezetz bozkatuko nuela.

4. Ez dakit zer aterako den; oso estu daude gauzak. Ezetza ateratzea nahiko nuke; Osborne Ekonomia ministroak esan zuen Eskoziako Gobernuari batasunean jarraituz gero autonomia gehiago emango ziola. Beraz, zertarako hautsi dena beste bat sortzeko, horrela ondo bagaude? Hala eta guztiz ere, esan beharra daukat pozik nagoela. Oso ariketa demokratikoa iruditzen zait erreferendumarena, herritarrok bozkatu ahal izatea zer nahi dugun izan.

 

SAMANTHA FRESHEM Livingston. Zerbitzaria, 24 urte

«Bihotzak baietz bozkatzeko esaten dit; buruak, ezetz»

1. Ez dakit bozkatuko dudan. Aste honetan, bozkatzea erabaki dut, baina oraindik ez dakit. Zer bozkatu ere ez baitakit.

2. Bozkatzekotan baietz bozkatuko dut, edo akaso ezetz. Ez dakit zer egin. Inork ez dit arrazoi garbirik ematen bata edo bestea bozkatzeko. Bihotzak baiezkoa bozkatzeko esaten dit, eskoziar bezala; buruak, aldiz, ezezkoa. Ekonomikoki oso arriskutsua izango da, eta jendea beldur da horretaz. Independentzia aldarrikatuz gero krisi ekonomikoa egongo delako, zergak… dena aldatuko da. Diruarekin ez dakigu zer gertatuko den, ezta Europako Batasunean jarraituko dugun edo ez ere. Baietz bozkatzen badut, Westminsterri gure dirua kentzeagatik bozkatuko dut. Gaztea naiz, eta ez dut nahi Londresko gobernuak nire dirua kudeatzea. Eskoziak parlamentu boteretsua izatea nahi dut, gure dirua guk geuk banatzeko herriak nahi duen bezala.

3. Zalantzaz beterik nago. Bost egun eskas gelditzen dira, eta egun osoa daramat gauza bera pentsatzen. Bai ala ez?

4. Nire ustez, ezetza aterako da. Jendeak ez du arriskatu nahi ekonomikoki. Ez dago prest gauzak aldatzeko, jakin gabe nora goazen. Irteten dena irteten dela, espero dut denon onerako izatea.

 

ALLAN SCOTT Aberdeen. Enpresaria, 35urte

«Eskozia ekonomikoki ez da independentea izateko gai»

1. Bozkatuko dut.

2. Ezetz bozkatuko dut. Ezetz bozkatzeko arrazoia? Finantza eta ekonomiari begira jartzea besterik ez dago. Eskozia ez da gai estatu independente bat izateko. Bankuetan dena aldatuko litzateke, zerga gehiago ordaindu beharko genituzke, petrolioaren merkatua hankaz gora jarriko litzateke. Ez diot baiezkoari inongo gauza onik ikusten, egia esan. Ze diru izango dugu, ez badigute Europako Batasunean sartzen uzten eta ezta libra esterlina erabiltzen ere? Nik ez dut nahi Eskozia independente bat. Neure burua britainiar gisa ikusten dut. Aberdeengoa naiz, eskoziarra eta britainiarra.

3. Hasieratik garbi nuen ezetz bozkatuko nuela.

4. Ez dakit zer gertatuko den, baina espero dut ezetza ateratzea. Salmond lehen ministroaren hitzak entzunda, ez daukat batere gogorik eskoziar abertzaleei arrazoia emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.