Bihar argitaratuko du ICESek aholkuak jasotzen dituen txosten osoa. Agirian arrantza presioa arintzera aholkatuko ditu Europako Batzordea eta gobernuak. «Ez dago zantzu argirik bakailao sardak suspertzen ari direla esateko. Horrez gain, bistan da sarda horiek jasaten duten arrantza presioa handiegia dela oraindik», esan du ICESeko idazkari nagusi David Griffithek. «Beste arazo bat dute zientzialariek: harrapatzen dena baino gutxiago aitortzen da, eta horrek zaildu egiten du sarda horien egoeraren benetako irudia izatea», gaineratu du.
Arrain gehienak, urritzen
Ehun urte baino gehiago du ICES erakundeak, eta Danimarkatik 19 Estatutako 1.500 itsas zientzialari baino gehiago koordinatzen ditu, Ipar Atlantikoaren inguruko ikerketak egiteko, Islandiatik Gibraltarreraino. 2004. urteko txostenean dioenez, Ipar Itsasoan dagoen bakailao kopurua 46.000 tona sarda gordetzeko behar den gutxieneko kopurua baino askoz txikiagoa da: gomendatutako 150.000 tonen herenak baino gutxiago, alegia. Ikuspegi bera erakusten dute Irlandako Itsasoak eta Eskoziaren mendebaldeko urek, bakailaoari dagokionez.
Legatza ere makal dabil Europako hegoaldean: hiru aldiz behar baino txikiagoa da sarda. 1982 eta 1986 bitartean beherakada handia pairatu zuen, eta urtez urte jarraitu du behera egiten. Bizkaiko Golkoan eta Portugalgo kostaldean 2005ean legatzik ez harrapatzera aholkatuko du ICESek.Sarda bat gomendaturiko gutxieneko kopurutik behera dagoenean ez zaio ematen aukerarik ugaltzeko eta arrain multzoak ekosisteman duen produktibitateak behera egiten du. Horrek ez du ezinbestean esan nahi espeziea galduko dela. Bai, ordea, arrantzaleek egungo presioa gutxitu beharko luketela.
Arrantzaleen protesta
ICESen asmoak zabaldu bezain pronto etorri dira Eskozia eta Irlandako arrantzaleen erantzuna. «Emaitzok ez datoz bat guk entzun dugunarekin, hau da, bakailao sardak handitzen ari direla», esan du Carol McDonald Eskoziako ekintzaileak. Europako Batzordeak bakailao harrapaketei debekua jartzeko duen asmoen aurka borrokatzen ari da McDonald. «ICESen aholkuak hutsaren hurrengoa dira. Ezin dira indarrean jarri», esan du Lorcan O'Cinneide Irlandako arrantza industriaren ordezkariak.
ICESek 135 arrain eta itsaski espeziei egiten die jarraipena. Uretan bitan biltzen da txostena prestatzeko. Kaietan lehorreratzen diren arrain kopuruen datuak biltzen dituzte Europa osoan eta ikerketa ontzien zein bestelako ikerketen ondorioekin bateratzen dituzte, arrantza-guneen irudi orokorra lortzeko.
-
BALEAREN ARRANTZA
Legez kanpo aritzea leporatu diote Japoniari
Australian baleak legez kanpo harrapatzen ari dira Japoniako ontziak, Gizarte Gizatiarraren Nazioartekoa (HIS) talde ekologistaren arabera. Japoniarrek 440 zere txiki espezieko bale hiltzen dituzte urtero Hego Ozeanoan «arrantza zientifikorako» baimena erabilita. 2000. urtean bere uretan baleak jazartzea debekatu zuen Australiak. Ekologisten arabera, japoniarrek arrantzaturiko baleetatik 428 Australiaren uretan harrapatu dituzte. Legea gauza dezala eskatu diote Camberrari.
hans lassen -ICES-en txostenaren batzordeko burua
«Gomendioei jarraitu ezean, hondoa joko dute espezieok»
Edu Lartzanguren - DONOSTIA
Hans Lassen Europako arrantza-guneen inguruan Itsasoaren Esploraziorako Nazioarteko Kontseiluaren (ICES) txostena idatzi duen batzordeko burua da.
Larrialdi deia egin duzue hainbat espezierentzat. Nola daude Europako arrantza-guneak, oro har?
Itsasoaren hondoan bizi diren arrain askok presio handia jasaten dute, eta oso kopuru baxuetan daude: horra hor irudi orokorra. Azaleko uretan bizi diren beste espeziek berdela eta sardinzarra, esate baterako ez dute halako presiorik pairatzen, eta askoz hobeto daude. Gaizki dauden espezietan okerrena dagoena bakailaoa da. Legatza ez dabil horren larri, baina bientzat murrizketa zorro-tzak eskatu ditugu gure txostenean.
2005ean espezieok ez arrantzatzeko eskatzen duzue. Nahikoa izango da urtebete espeziea suspertzeko?
Bi arrainon kopurua oso txikia da eta ez dakigu biologikoki nola jokatuko duten. Edonola ere, zientzialari asko oso kezkatuta dago eta ez dute uste urtebeteko babesa aski izango denik. Urtebetean ongi funtzionatzen badu ere, bi edo hiru urte beharko dute datorren urtean jaiotako arrainek behar bezalako tamaina izan arte. Beraz, guk beti hiru edo bost urteko tarteaz ari gara pentsatzen. Litekeena da datorren urtean ere eskatu behar izatea espezieon arrantza gelditzeko.
Irlanda eta Eskoziako arrantzaleek, ordea, arrainon susperraldia sumatu dutela diote.
Izan dira susperraldiak espezie gutxitan, baina oso susperraldi txikiak izan dira.
Arrantzaleek ez dute pozez hartuko zuen txostena. Ba al dute beste espezieak harrapatzerik?
Ez dago alternatibarik Atlantikoaren iparraldean. Arrantzaleek ez dute beste espezietara jotzerik, halakorik ez dagoelako.
Aholkua emango diezue Europako Batzordeari eta gobernuei. Iraganean jarraitu al dituzte zuen aholkuak?
Ez oso zorrozki. Bistan da, arrantza kudeatzea ez da soilik arrainak kudeatzea, kontuan hartu behar dira horretatik bizi diren pertsonak.
Zer gertatuko da zuen aholkuak jarraitzen ez badituzte?
Arrisku handia dago arrain espezie gehiagok hondoa jotzeko. Azkenean inork ez du arrantzatik bizitzerik izango, sardak agortuko direlako.