Berebiziko garaipena lortu genuen duela bi aste: gaddafitarrak ekialderago mugiarazi ostean, haien koheteak ezin dira gurera iritsi gaur». Osama Jueli pozik dago. Duela gutxi arte, Zintan eskualdeko buruzagi matxinoak erasopean ikusi behar zuen bere herria, ia egunero. Egia da erregimenaren soldaduek ez zutela inoiz zapaldu mendiko herrixka hori; euren amorrua, baina, GRAD errusiar kohete eta antzekoen bidez helarazten zieten hangoei. Eta anitz izan ziren.
Zintan izan zen, hain juxtu, Muammar Gaddafiren kontra altxatu zen lehen herria. Ausartak eta egoskorrak omen dira menditarrak, baina ezin ukatu mendiek herria babestu dutela beti, kurduak, txetxeniarrak nahiz libiarrak izan.
Nafusa mendikatean arabiarrak eta berbereak bizi izan dira mendeetan. Libia ekialdeko mendilerro hori Tunisiako mugan hasi eta berrehun kilometrora zabaltzen da ekialderantz. Hala, muga bide hura mendean hartzea izan ohi da matxinoen helburu nagusia. Apirilean 21ean lortu zutenetik, era guztietako hornidurak igaro dira bertatik; ura bezain oinarrizkoak, bai eta armak eta diasporatik eta Tripolitik etorritako gerlari berriak ere.
«Tunisiako igarobide hura da gure garaipenik handiena dagoeneko. Gaddafiren esku berriz eroriz gero, akabo denak hemen», dio Sale zintandarrak.
Gerra hasi eta handik bi astera, Salek Tunisiara ihes egin zuen, bere familiarekin. Basamortu erdiko iheslari gune batean lau hilabete eman dituzte dagoeneko. Nekatuta daude. «Egoera ikuskatzeko besterik ez naiz etorri. Nabarmen baketu dela iruditu zait, eta, agian, nire familia ekarriko dut laster».
Ugariak dira oraindik bonbardaketak utzitako arrastoak, baina Salek zortea izan du: ez da koheterik edo mortero granadarik erori haren etxe gainean.
Erlojupeko gerra
Boluntario talde batek hartu du bere gain herriko garbiketa. Umeak dira denak, Tunisiatik bueltatu berriak. Besterik ezean, zaborra jasotzea, paretak zuritzea eta gerra arrasto oro ezabatzea izango dute udako jarduera nagusia. Irailean eskolara bueltatuko ote diren, ordea, ez dago jakiterik.
«Tripoli hiru asteren buruan eskuratuko dugu», igorri zion BERRIAri mendebaldeko fronteko komandante Mohtar Malid Fernanak. Baina Zintanen ez dira denak buruzagi militarra bezain baikorrak.
Duela lau hilabete baino ez, Ualidek Frantziako petrolio konpainia batentzat egiten zuen lan; egun, ordea, Zintango herritar horrek Tunisiatik ekarritako gasolina bota behar izaten dio autoari. «Ramadana abuztuan da aurten. Ordurako guda amaitzen ez bada, irailera luzatuko da dena, baraua iraun bitartean ezin baikara borrokatu. Dena etengo da», kexu da Ualid.
Tunisiako eta Egiptoko diktadoreak hain azkar erori ostean, gutxik uste zuen Gaddafik hainbeste iraungo zuenik. Hil honetan gertatu ezean, Zintango umeek Tunisiako kanpamentuetan ekin beharko diote hurrengo ikasturteari.
Berbereak, sutan
Bai, Gaddafiren tropak kanporatu ostean bakea da nagusi Zintanen, baina ez da hori ohiko egoera Nafusa mendilerro osoan. Mendebaldeko Nalut herriak bonbapean jarraitzen du, ia egunero. Eta berdin gertatzen da Nafusa ekialdeko Jefrenen. Sarbideko kontrolgunean izan ezik, nekez topa daiteke inor hango kale hautsietan. Ez da harritzekoa, berbere herri horretan ez baitago ez urik, ez argindarrik, eta botikarik apenas, ospitalera iristen diren zauritu ugarientzat. Zintanen ez bezala, erregimenaren tropak bortizki sartu ziren Jefrenen. Herria mendean izan zuten bitartean, hainbat emakume bortxatu zituzten, horietatik bi ospitalean: erizaina bat eta gaixoa bestea. Joan aurretik, soldaduek arpilatu eta su eman zieten etxe askori.
«Otsailaz geroztik ez dugu soldatarik jaso, baina ezin dugu alde egin, jendeak inoiz baino gehiago behar gaitu eta», dio Mohamed Abdulkasserrek. Oraindik hango medikua da, eta urtarrilean hasi zen lanean. Ez zeukan jakiterik, inondik ere, horrelako larrialdiari eutsi beharko ziola lanaldia hasi eta aste gutxiren buruan.
Jefrengo ospitaletik atera eta metro eskasera, herriko plaza dago. Ez dabil umerik hango kulunketan, ezta familiarik ere zuhaitzen gerizpetan. Giza arrasto bakarra erdian dagoen eraikinean aurki daiteke: hiru langile ari dira egokitze lanak egiten. Herriko udaletxea zegoen tokian memoriaren museoa altxatuko omen dute. Oraingoz, azken hilabeteotan eroritako obus, kohete eta bestelako lehergailuen bilduma apala besterik ez dago ikusgai.
Baina bizitza egon badago Jefrenen, eta ezkutua bezain aberatsa. Paradoxa bada ere, gerrak bide eman dio berbere herriari; gero eta ugariagoak dira egunkariak eta irratsaioak haien hizkuntzaz, 42 urtez debekatuta egon ondoren. Zailtasunak zailtasun, Nalut, Jadu, Kabau eta mendikateko beste berbere herrietatik bereizten da Jefren. Joan zen astean, berbere hizkuntzako lehen eskola jarri zen martxan han. «46 ume dauzkagu, adin desberdinetakoak, baina hemengoak denak. Gure hizkuntzaren alfabetoa ez ezik, kantak eta ipuinak ere irakasten dizkiegu. Oraingoz, hiru ordu besterik ez dira egunero, lehen urratsak ematen ari gara eta», dio hango irakasle Mahabak.
Nafusako berbereek amazig deitzen diete euren buruari, eta tamazight milaka urtez bertan hitz egin den hizkuntzari —euskaraz, amagizera—. Tagraula eta tilele dira umeek ikasten edo gogoratzen dituzten lehen hitzetako batzuk: iraultza eta askatasuna. «Irakatsi baino gehiago, normaltasun giro bat eskaini nahi diegu umeei, oro har. Ez zaigu irakasteko boluntariorik falta; bai, ordea, psikologoak. Ume hauek asko sufritu dute», azaldu du irakasle kementsu horrek.
Bitartean, umeek ikasitako azken kantari edo, hobeto esanda, leloari eutsi diote: «One, two, three, sukran Sarkozy!» («Bat, bi, hiru, eskerrik asko, Sarkozy!»).
Bake aztarnak mendietan
Libiako gerra bosgarren hilabetean sartuko den arren, hego-mendebaldeko mendietako hainbat herrik normaltasunerako bidea hartu dute; Nafusa mendikatean arabiarrak eta berbereak bizi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu