Bi urte egin dituzte balizko bake elkarrizketa formalak hasteko aukerak aztertzen, eta azkenik heldu da akordioa. ELN eta Kolonbiako Gobernua prest agertu dira bakeaz hitz egiten hasteko; Frank Pearl gobernuko ordezkariak esan duenez, "gatazka armatuari amaiera emateko akordioa erdiesteko". Sei puntuko bide orria sinatu dute: gizartearen parte hartzea, demokrazia, aldaketak, biktimak, gatazkaren amaiera eta inplementazioa.
Juan Manuel Santos presidenteak jakinarazi du "gai humanitario batzuk" konpondutakoan hasiko direla elkarrizketak; besteak beste bahituak askatutakoan.
Gobernuko ordezkariek eta ELNko negoziatzaile taldekoek eman dute akordioaren berri. Prentsaurreko horretan bertan zehaztuko dute nondik nora joango den elkarrizketetarako bide orria, eta baita horiek noiz hasiko diren ere. Zenbait iturriren arabera, ELNko negoziatzaile taldeko kideetako bat izan daiteke Nicolas Rodriguez Gabino buruzagia.
Otsailaren hasieran bertan, Nicolas Rodriguez Gabino buruzagiak azpimarratu zuen gerrillak negoziatzen jarraitzeko borondatea duela eta ELNk "bakearen bila" segituko duela, "sinetsita hura bilatzeko bidea ez zela gerra izan behar inoiz".
Bake elkarrizketa horiek bultzatzen aritu dira, besteak beste, Kuba, Norvegia, Venezuela, Txile, Brasil eta Ekuador.
ELNk urtarrilean jakinarazi zuenez, azaroan Juan Manuel Santosen gobernuari adierazi zion fase konfidentzialetik publikora igarotzeko prest zegoela. Otsailean, ordea, eten egin zituzten elkarrizketa horiek.