Bake elkarrizketak «krisian» daudela ohartarazi du ELNk

Petrok talde armatua narkotrafikatzaileekin parekatu izanak eragin du gerrillaren haserrea. Bogotak esan du ez dagoela krisirik eta elkarrizketek aurrera jarraitzen dutela

ELNko komandante Pablo Beltran —erdian—, gerrillaren bake ordezkaritzaren agerraldi batean, Habanan. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Asteburuan piztu zen krisia ELN Nazioa Askatzeko Armadaren eta Kolonbiako Gobernuaren artean, Gustavo Petro presidenteak egindako adierazpen batzuen ondorioz. Armadarekin egindako ekitaldi batean, hauxe esan zuen estatuburuak: «Jada ez dago gatazka ideologiko edo politikorik, legez kanpoko ekonomiaren aurkako borroka baizik». Horrez gain, agerraldian Petrok adierazi zuen ELNren bake ordezkaritzak ez duela aginterik gainontzeko kideengan, eta taldean ez dagoela «barne batasunik». Adierazpenok gerrillaren haserrea eragin dute, eta haiei eta elkarrizketei «errespeturik ez erakustea» egotzi diote Petrori. ELNko iturri baten arabera, elkarrizketak «etenda» daude astelehenetik, eta bi aldeek gertatutakoaren gaineko ebaluazio bat egitekoa zuten atzo; ondo bidean, ondoren jarraitu behar zuten elkarrizketek.

Sareetan zabaldutako bideo batean, gerrillako komandante Pablo Beltranek —Israel Ramirez Pineda du benetako izena— jakinarazi du elkarrizketak «krisian» daudela. Bideoan, Beltranek salatu du Petroren adierazpenak ez datozela bat haren ordezkaritzak negoziazio mahaira eramandako proposamen eta jarrerekin: «Mahaiak gauza bat esaten badu eta presidenteak beste bat, gu erdian geratzen gara; horregatik eskatzen dugu azalpen bat. Egia da egon direla adierazpen publiko batzuk nolabait ere gobernuaren jarrera argitu dutenak, baina oinarrian dagoen arazoa ez dute konpondu».

Bake prozesuan aurrera egiteko ELNren eskaera nagusietako bat da gerrillari «talde armatu antolatua» izendapena kentzea; izan ere, Kolonbiako legediak zehazten du talde kriminalak «menperatu» egin behar direla, eta, talde politiko-militarrekin, ordea, elkarrizketak has daitezkeela. Horrez gain, ELNko presoak ere ez dituzte preso politikotzat hartzen. Gerrillako buruak salatu du bake elkarrizketen aurka daudenen diskurtsoa indartzen duela Petrok esandakoak, iradokitzen duelako ezin dela hitz egin ELNrekin. Beltranek argi du: «Gauzak diren moduan izendatu behar dira, eta hori egiten bada, ez da berriz halakorik gertatuko».

Gobernuaren aitortza

Gobernuak esan du ez dagoela krisirik, eta ohar bat plazaratu du nabarmentzeko elkarrizketek bere hartan jarraitzen dutela. Idatzian berresten dute negoziazioak «politikoak» direla, eta Bogotak eutsi egiten diela Mexikon sinatutako akordioei. «Gobernu gisa, aitortzen ditugu ELNren ordezkaritzaren legitimitatea, agenda eta nazioarteko begiraleen lana», irakur liteke oharrean. Bide beretik, baina, gerrillarigogorarazten dio herritarrek su etena eskatzen dutela, eta hori dela elkarrizketen lehen helburua.

Gerrillak berak ere nabarmendu izan du menia baten beharra, baina ohartarazi bi aldeek bete behar dutela, ez soilik ELNk. «Petro heldu da gobernura, eta lider sozialen aurkako erasoak ez dira amaitu; Petro babesten duten liderrak hiltzen dituzte oraindik ere, lehen bezala. Erregimen zaharrak herri mugimenduen aurka egiten du, eta gobernuak erantzun egin behar dio horri».

Hau ez da negoziazioek gainditu behar duten lehen oztopoa. Antzeko zerbait gertatu zen iazko urte amaieran ere: Bogotak iragarri zuen aldebiko su eten bat hitzartu zuela ELNrekin, baina gerora atzera egin behar izan zuen, gerrillak berak ohar batean adierazi baitzuen ez zuela halakorik sinatu. Ordu hartan, alde bakarreko erabaki bat «inposatu» nahi izatea egotzi zion gerrillak gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.