Bombayko atentatuak etendako bake elkarrizketei berriro ekitea erabaki dute Indiako eta Pakistango gobernuek. Bi herrialdeen bereizketaz geroztik harremanak gaiztotu dituzten gai guztiei buruz hitz egingo dutela agindu dute. Horien artean dago Kaxmirren etorkizuna ere —biek aldarrikatzen duten lurraldea da—.Oraingoz, behintzat, ezin da askorik espero elkarrizketen emaitzei buruz, aurreko urteotan egindako negoziazioek ezer gutxi ekarri baitute.
Bi herrialdeen arteko mesfidantza eta desadostasunak hain handiak izanik, elkarrizketei buruzko espektatibak gutxitzen saiatu dira New Delhiko eta Islamabadeko agintariak. «Hariak lotzen saiatuko gara, eta urratsez urrats abiatuko gara. Haurtxo txikien urratsak izango dira, gainera», azaldu dio BBCri Vishnu Prakash Indiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak.
Pakistanen eta Indiaren arteko bereizketa bezain luzea da bi herrialdeen ezinikusia. Britainiarrek 1947an eman zion independentzia bere menpeko Indiari, baina musulmanak nagusi ziren mendebaldeko lurraldeek estatu propioa eratzea erabaki zuten. Bereizketa horren ondoren izandako istiluetan milaka lagun hil ziren, eta milioika izan ziren muga berriaren alde batera edo bestera mugitu ziren herritarrak: musulmanak Pakistanera eta hinduak eta sikhak Indiara.
Hiru gerra
Kaxmirren beraren banaketak bi gerra eragin zituen, 1947an bata eta 1965ean bestea. 1971n ere guda izan zen, eta Pakistanek gaur egungo Bangla Deshen independentzia onartu behar izan zuen. 1998an ere borroka txikiak izan ziren, berriro ere Kaxmirren estatusa zela eta. Azkenik, 2001. urtean ere gerraren atarian egon ziren, Indiak ziolako bere parlamentuaren aurkako eraso armatuan Pakistanek zeresana izan zuela.
2004an hasi zituzten bake elkarrizketak. Prozesuak bien arteko mesfidantza gutxitzeko zenbait keinu baizik ez zituen ekarri: mugaz bi aldeetako hiriak lotzen zituzten autobus linea bat eta zenbait cricket partida. Baina 2007an, urrats handiagoak emateko itxaropena handitzen ari zela, etena gertatu zen, Pervez Musharraf Pakistango presidenteak boterea galdu zuenean. Etena haustura bihurtu zen urtebete beranduago, Kaxmir osoa Pakistanen parte izatea aldarrikatzen zuen ekintzaile islamista talde batek Indiako Bombay hirian eraso andana egin ondoren. Atentatuetan 174 lagun hil ziren, bederatzi ekintzaile barne. Komandoak Pakistanen trebatu izana salatu zuen Indiak eta harremanak hautsi zituen. Islamabadek akusazioak ukatu zituen lehenik, baina gero onartu zuen atentatuak be-re lurrean prestatu zirela. Pakistandarra da onik irten geratu zen ekintzaile bakarra. Ordutik hona, zazpi lagun auzipetu ditu erasoetan zeresana izan zutelakoan.
Negoziazioei berriro ekiteko hainbat saio egin dituzte orduz gero, baina atzora arte ez zuten emaitza handirik lortu. Izan ere, mahaiaren inguruan eseri aurretik Indiak exijitu dio Pakistani neurri gogorrak har zitzala bere lurraldeari eraso egiten zietenen aurka. Arazo horri helduko diote oraingo negoziazioetan, baita Kaxmirren geroari eta harreman ekonomikoei ere. Uztailean, Makhdoom Shah Mahmood Qureshi Pakistango Atzerri ministroa Indiara joango da elkarrizketen emaitzak neurtzera.
Bake negoziazioak berriro hastea erabaki dute Indiak eta Pakistanek
Bi herrialdeen artean mesfidantza oso handia denez, «haurtxo txikien urratsak» baizik ez ditu espero Indiako GobernuakKaxmirren geroa, ekintzaileen aurkako borroka eta ekonomia daude eztabaidagai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu