EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

Bake plan berritzailea abiatu da, bi aldeen ekimen zibilari esker

Genevako Ituna deituriko egitasmoa Palestina eta Israelgo gizarteetako eta nazioarteko 800 ordezkarik sostengatu dute

Erredakzioa
2003ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Sinbolikoa izan arren, itzal handiko bake egitasmoa sinatu zuten atzo Suitzako Geneva hirian 400 ordezkari palestinar eta israeldarrek, mundu osoko dozenaka agintari eta agintari ohien sostenguarekin. Genevako Ituna deiturikoak dituen berrikuntza nagusiak honakoak dira: bi herrialdeetako gizarte zibilak sortu du, alde batetik. Bestalde, negoziazio prozesu bat ezarri beharrean, azkeneko emaitza eginda ematen die negoziatzaileei, denek jakin dezaten nora doazen. Atzo Genevan ekitaldi jendetsu batean bi urtez isilpean landuriko proposamena ozen plazaratu arren, egitasmoaren eragina ikuskizun da, bi aldeetan kontrako jarrera sutsuak eragin baititu. Israelgo Gobernuak «subertsibotzat» jo du plana.

«Bada plana», zioen atzo sinadura ekitaldia egiteko atonduriko aretoan apaingarri nagusia zen mezuak. Suitzako Gobernuak kontrataturiko txarter hegazkin batean heldu ziren Tel Avivetik bake ituna bultzatuko zuten 200 israeldarrak. Eta Jordaniatik heldu zen beste horrenbeste palestinar biltzen zituen ordezkaritza. Bi taldeetan, politikari, idazle, irakasle eta gizarte mugimenduetako ordezkariak ziren nagusi.«Lehen aldiz gatazkaren ehun urte baino gehiagotan, gatazkaren gai korapilatsuenak konpontzen dituen irtenbide zehatz eta zabala hitzartu da», esan zuten itunaren negoziatzaileek atzo, agiri baten bidez. Israelen ondoan estatu palestinarra sortzea proposatzen du itunak, israeldarrek 1967ko gerraren aurretik zuten mugetara gutxigorabehera atzera eginda. Gaza eta Zisjordania ia osoa palestinarren esku geratuko litzateke, Jerusalemgo zati batekin batera. Ordainez, estatu juduaren sorrerak eragin zituen ia lau milioi errefuxiatu palestinarrek uko egingo liokete egun Israel den lurrraldean zituzten etxeetara itzultzeko eskubideari.Mundu osoko 58 presidente, lehen ministro, atzerri ministro eta bestelako agintarik agiri bat plazaratu zuten atzo Genevako itunari «sostengu sendoa» agertzeko. «Israel eta palestinarren arteko gatazkak biktima gehiegi eragin ditu jada», esan zuten, besteak beste, Mikhail Gorbatxov Sobiet Batasuneko buru ohia, Frederik Willem de Klerk Hegoafrikakoa, zein Alemaniako Errepublika Federaleko Atzerri ministro ohi Hans-Dietrich Genscherrek. Genevako egitasmoa «indarkeriaren alternatiba» dela esan zuen Jimmy Carter Estatu Batuetako presidente ohiak 800 gonbidatuen aurrean plana aurkeztean. Washingtongo egungo gobernuari «palestinarren ongizatea gutxietsi eta bazterrean utzi» izana leporatu zion Carterrek. Israeldarrei «auzoekin bake iraunkorra, edo lurralde okupatuetan koloniak gordetzea» nahi ote duten erabakitzeko eskatu zien. Palestinarrei, «Israelgo herritarren kontrako indarkeriari» uko egiteko esan zien.

Egitasmoaren berrikuntza

Ekialde Hurbilerako azken urteotan mahai gainean jarritako proposamenekin alderatuta, berrikuntza bat dakar Genevako Itunak. Beste egitasmoek, gurdia idien aurretik jartzen zutela esan zuen atzo Robert Malley Bill Clinton Estatu Batuetako presidentearen aholkulari izandakoak: urratsak egitea eskatzen zieten aldeei, amaierako ituna zein izango zen jakin gabe. «Genevako Itunak kontrako bidea proposatzen du: Lehenbizi behin betiko konponbidea ematen du», esan zuen Malleyk.

«Iraganeko akatsetatik ikasi dugu», adierazi zuen atzo Jasser Abed Rabbo Palestinako Aginte Nazionaleko ministro ohiak. Israelgo Justizia ministro Yossi Beilinekin batera, itunaren sortzaile nagusia da Rabbo.Ituna Errepide Mapa egitasmoarekin bateragarria dela nabarmendu zuten bultzatzaileek, eta nazioarteko ordezkariek.Etsai ugari ditu itunak, halere. Hura sinatzea «Israelen suizidioa onartzea» litzatekeela esan zuen atzo Tel Aviveko gobernuko aholkulari Raanan Gissinek. PANeko presidente Jasser Arafatek nabarmendu zuenez, itunak ez du bere edo Palestina Askatzeko Erakundearen sostengu ofizialik. Sinadura ekitaldian parte hartu zuten palestinarrek ez zutela gobernua ordezkatzen esan zuen Ahmed Kureia PANeko lehen ministroak.Genevan bake egitasmoa izenpetzen zuten bitartean, lau palestinar 9 urteko haur bat tartean hil zituen Israelgo Armadak Zisjordaniako Ramala hiriaren kontra eginiko erasoaldian. Honez gain, 60 herritar etxegabe utzi zituen Hebronen, hiru solairuko eraikin bat suntsitzean.

-

Proposamenaren puntu nagusiak





Israel, estatu judua: Palestinarrek Israel juduen estatu gisa onartuko dute.

1967ko mugak: Israel 1967ko gerra aurreko mugetara itzuliko da, salbuespen batzuekin.

Ekialdeko Jerusalem: Ekialdeko Jerusalemgo auzo arabiarrak palestinarrentzat izango dira, juduak Israelentzat.

Gune erlijiosoak: Meskiten Zelaigunea palestinarrentzat izango da, baina nazioarteko indar bat egongo da, fededun guztiei irismena bermatzeko. Judu otoitzik ez da egingo barruan, ezta indusketa arkeologikorik ere. Deitoreen Harresia juduen subiranotasuna izango da.

Kokaguneak: Israelenak izango dira Zisjordaniako Givat Zeev, Maale Adumin eta Gush Etzion kokagunearen alde historikoa. Ariel, Efrat eta Har Homa kokaguneak palestinarrenak. Gazan, Negeveko kokagunearen zati bat palestinarrei emango zaie. Halutza zatia ez da horren barruan sartuko.

Palestina, estatu desmilitarizatua: Palestinarrek konpromisoa hartuko dute «terrorismoa» saihestu eta erakunde armatuak desarmatzeko. Estatu desmilitarizatua izango dute, eta Israelekiko mugak nazioarteko indar batek zainduko ditu.

NBEren ebazpenak, baliogabe: Akordioak NBEko aurreko ebazpen guztiak ordezkatuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.