Iragarpen ofiziala datozen orduetan egingo dute, baina dagoeneko zabaldu da sare sozialetan. FARCeko negoziatzaile taldeko kide Timoleon Jimenezek jakinarazi du:
Estamos a las puertas de importantes anuncios que nos acercan al acuerdo final #VamosPorLaPazhttps://t.co/lUiLqDNtoA
— Timoleón Jiménez (@Timochenko_FARC) 2016(e)ko abuztuak 23
Izan ere, 52 urteko gatazka luzearen ostean eta lau urtez negoziatzen aritu eta gero, Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko bake elkarrizketak amaitzear daude Habanan. Bi aldeek aitortu dute oraindik hutsune txikiak geratzen direla argitzeko, baina puntu nagusiak —lurrak, droga trafikoa, biktimak, justizia eta armagabetzea— itxiak dituzte. "52 urteko gatazka armatuaren ostean, gurea izango da FARCik eta haien aurkako gerrarik gabe bizi ahal izango den lehen belaunaldia", nabarmendu du Claudia Nayibe senatariak.
Gaur zehaztuko dute noiz sinatuko duten bi aldeek akordioa. Egun horretatik hasita, gerrillak 180 eguneko tartea izango du arma guztiak emateko. Prozesua NBEko nazioarteko bitartekari talde batek egiaztatuko du. Dena den, behin betiko akordioa ez da indarrean sartuko baldin eta herriak erreferendumean baietza ematen ez badio.
Kolonbiako Memoria Historikoaren Zentro Nazionalak egindako Aski da! Kolonbia: gerra eta duintasun memoriak txostenaren arabera, gatazka armatuak 218.000 hildako, 25.000 desagertu eta 10 milioi desplazatu utzi ditu 1958az geroztik. "Erailketa selektiboen" bidez hildakoak 173.000 dira, gehienak eskuin muturreko talde paramilitarren eskuetan.