Kolonbiako Gobernuak eta FARCeko gerrillariek hitzartutako bake akordioa gauzatzeko, hasieratik sortu ziren kezka berak daude, Habanan 2012an elkarrizketak hasi eta prozesua abiatu zenez gero. Sei hilabete igaro dira Bogotako Kolon antzokian akordioa sinatu zutenetik, eta gerrilla armagabetzeko eta bizitza zibilera eta politikora sartzeko dataren atzerapen ia ziurrak zalantza sortu du Kolonbiako gizartean.E Eguna +180 datorren ostegunean beteko da, ekainaren 1ean. Hitzartutakoak ez dira beteko, ordea, itxura guztien arabera.
Auzitegi Konstituzionalak fast-track edo prozesu azkarra berrikustea erabaki zuen, «Konstituzioaren ordezkoa» dela argudiatuta, eta «botere banaketaren printzioa urratzen» dela uste duelako. Erabaki horren ostean FARCeko Idazkaritzak «egutegia berregokitu» beharra ikusi du, eta, oraingoz, espero da data beste 90 egun atzeratzea, abuztuaren amaiera arte.
Fast-track delako figura juridikoak Juan Manuel Santos presidenteari boterea ematen dio akordioan hitzartutako puntuak azkar bideratzeko, eta Kongresuak ezin du akordioa aldatu gobernuaren baimenik gabe. FARCek ohartarazi du «txiki-txiki egin» dutela sinatutakoa: «Auzitan dago estatuaren seriotasuna, mundu osoaren aurrean», idatzi dio Rodrigo Londoño Timochenko-k Santosi Esperamos sus hechos, Presidente eskutitzean (Ekitea espero dugu, presidente).
FARCeko lider gorenak pentsatzen du bake prozesua «hasieratik izan duen unerik zailenean» dagoela, eta «ziurgabetasunik gabeko denborak» espero ditu. Uste du «Santosek bere hitza mantsoegi betetzen» duela, eta «beste botereek, Auzitegi Konstituzionala kasu honetan, zalantzaz ez bada, modu susmagarrian jokatzen ari» dela.
Oposizioaren trikimailuak
Ivan Duque, CD Zentro Demokratikoko kide eta Auzitegi Konstituzionalaren ekimenaren bultzatzaileak uste du erabaki honek balioko duela «Santosen gobernuaren sudur puntatik harago begiratzeko. Ez da konstituzioa blindatu behar delitugileak babesteko». Gerrillariez ari da.
Alvaro Uribe presidenteordearen alderdi kontserbadorea da CD, eta oposizioa gidatzen du. Alderdi horren estrategia da, Oscar Ivan Zuluaga CDk presidentzarako hautagaiak gidaturik, gobernuari aurre egitea eskura dauzkaten baliabide guztiak erabilia, baliabide juridiko, politiko, eta sozialak: herritarrek presioa eginez kaleetan, prozesua geldiarazteko.
«Esperientzia oso mingotsak ezagutu ditugu Estatuak ez dituelako bete armak hartu zituztenekin egindako akordioak», azaldu du Humberto de La Callek, gobernuaren talde negoziatzaileko buruak. Datorren urteko maiatzeko hauteskundeetarako hautagai sendoenetakoa da De la Calle.
Polemika horrek agerian utzidu gizartean dagoen banaketa, zeinak harrituta utzi zuen nazioarteko komunitatea joan den urriaren 2ko erreferendumean, ezezkoak irabazi zuenean. Oraindik hori presente dago Kolonbian. Uribezaleen taldetik gertuen dauden juristek ziurtatu dute amnistia eta bakerako justizia berezia ez daudela arriskuan; aldiz, gobernuaren aldeko adituek salatu dute Auzitegi Konstituzionalaren erabakia kolpe hilkorra dela akordioarentzat.
Batzuek uste dute gerrara itzulera berehalako kontua izango dela, eta beste batzuek, berriz, dena demokraziaren aldekoa dela. «Santosen gobernua hilzorian dago, eta hemen eraikitzen denak interes orokorrean oinarritu behar du», defendatu du Ivan Duquek. Bien bitartean, Enrique Santigo FARCen aholkulari juridikoak dioenez, gerrillarien tropek «larrimin handia dute», eta «oso ausarta izan behar baita armak uzteko jakinda ez dituztela babestuko, eta ez dela aukerarik egongo bakearen prozesua azkar egiteko, inoiz egiten bada».
Gizartearen iritzia
Hainbat aldetatik estutzen doan tenazen aurrean, badirudi kolonbiarrek galdua dutela kemena, eta ahaztu egin dutela hainbat sektorek kalean erakutsi zuten haserrea, erreferendumaren ezezkoaren ondoren —batez ere alde zeudenek, baina baita kontra zeuden batzuek ere—.
Maiatzean hainbat aldarrikapenek egin dute bat kalean, besteak beste, taxi gidarienak, irakasleenak eta espetxeetako funtzionarioenak.Uholdeek alertan jarri dute gobernua,Buenaventura portuko herritarren protesta sekulakoa izan da —Kolonbiako handiena da—, eta Choco departamentuko manifestazioak ere bai —eskualde pobreenetakoa da, eta indarkeriak gehien astindu duenetakoa—, liskarrak eraginez polizien eta manifestarien artean.
Bainabakearen aldeko deiak hainbat bilera egitera mugatu dira:#abrazoporlapaz bidaltzeko ekimena hasi zuten Twitterren,herenegun, aldeei presio egiteko asmoz bake akordioa bete dezaten, eta hortik aurrera azken aldian gutxi. Arcadia aldizkariak gogoeta egin berri du gaiari buruz eta galdera hau egin du: «Non dago bakearen aldeko jendea».
Gobernuari leporatu diote oposizioaren jokoa jarraitzea, eta nahastea prozesuaren aurrera urratsak datorren urteko bozekin. «Akordioa ezartzeko hainbat erabaki garrantzitsu eta premiazko ez dira hartzen uribezaleen erreakzioaren beldur direlako, bakea porrotera kondenatuz», iritzi dio Ariel Avilak, Bake eta Bizikidetzarako Fundazioko kideak. Analista da bera, eta haren ustez, ez dira aurrera aterako akordioaren punturik polemikoenak. Gatazka armatuan nahasturik egon diren lurjabeei edota enpresariei jarri beharreko zigorrak, FARCeko gerrillariak gizarteratzeko prozesuaren akatsak, eta batez ere nekazaritza erreforma aipatu ditu: «Landa eremuko elitea, uribezalea da ia dena, eta gobernua behartu du erreforma frustrazio politiko bilakatzera».
BERRIA-k Pondoresera (Guajirara) egindako bidaietako batean baieztatu ahal izan zuenez, atzerapena egon da trantsiziorako 26 puntuak eraikitzeko orduan, gune guzti-guztietan. Maiatzean, E Eguna+180 iristeko hilabete baino gutxiago dagoenean, gehienak %50ean soilik daude eraikiak. FARCek behin eta berriz esan du gobernua ez dela hitzartutakoa betetzen ari. Gerrillak, berriz, oraindik norbanakoen arma gehienak entregatu behar dituzte, eta 900 zulo baino gehiagotan gordeta dituzten lehergailu eta armak. Une haugiltzarria da jakiteko Kolonbiak uko egingo dion mende bat baino gehiago sinatzea kosta zaion bakeari.
Kolonbia. Bake prozesua
Bakea, unerik zailenean
Kolonbiako Bake Ituna sinatu eta sei hilabetera, Konstituzionalak arrisku larrian jarri du, akordioak indarrean jartzeko prozedura azkarra gerarazi ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu