Kolonbia. Bake prozesua

Bakearen lehen eguna

Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EP gerrillak behin betiko su-etena hitzartu dute. Azken bake akordioaren data zehaztuko dute gaur Habanako bileran

Gizon bat Antioquia departamentuko desagertuen mapari begira, 2016ko apirilaren 9an, Kolonbiako biktimen aldeko egunean, Medellinen. LUIS EDUARDO NORIEGA / EFE.
2016ko ekainaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Gaur da gerraren azken eguna». Aldarrikapen horrekin eman zuen akordio historikoaren berri FARC-EPk (Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadak). Gerrillak eta Kolonbiako Gobernuak behin betiko su etena adostu dute, eta gaur bilduko dira Habanan akordioa zigilatu etazehaztasunen berri emateko. El Laguito eraikina momentu historikoaren lekuko izango da —bertan eraman dituzte aurrera negoziaketak 2012az geroztik—, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak eta Rodrigo Londoño Echeverri Timochenko gerrillako liderrak bostekoa ematen dutenean. Haiekin batera izango dira, Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen erakundeko idazkari nagusia, Raul Castro Kubako presidentea eta Borge Brende Norvegiako Atzerri ministroa —Kolonbiako bake prozesuaren bermatzaileak—, Nicolas Maduro Venezuelako presidente eta Michelle Bachelet Txileko presidentea. Komunikatu bateratuan publiko egindako behin betiko meniak amaiera puntua jarriko dio 52 urteko gerrari, 300.000 hildako eta 7,5 milioi biktima inguru eragin dituena. Ameriketako gatazka armatu zaharrena da Kolonbiakoa. «Lortu dugu!», adierazi zuen Carlos Antonio Lozada gerrillariak, bakearen akordiorako batzorde teknikoko buruak.

Atzo adostutako puntua Bukaerako Akordioa izenez izenpetu arren, gaur ez dute bake prozesua bukatutzat emango. Lau izango dira gaur sinatuko dituzten neurriak: su-etena, armen entrega, gerrillarien segurtasuna eta akordioak kolokan jar ditzaketen erasoen jazarpena. Hala, estatuaren eta gerrillaren arteko behin betiko su-etena zuzenduko duen bide orria aurkeztuko dute El Laguiton. Garrantzitsua izango da oso, orduan jakingo baita su-etena gaur bertan sartuko den indarrean alabake akordioa sinatzen dutenean egingo duen. Bakerako data historiko hori ere gaur jakinaraziko dute, Lozadak aurreratu duenez. Ez da 60 egun baino beranduago izango. «Uste dut uztailaren 20rako lortuko dugula negoziazioak zarratzea Habanan, eta hor herrialdea garai berri batean sartuko da», esan zuen Santosek aste hasieran. Timochenkok zuhurtzia eskatu zion orduko hartan: «Praktikak erakutsi digu datak zehazteak min egiten diola prozesuari; are gehiago, ez denean akordioa... pausoak eman arren, ilea falta da mototsa egiteko».

Ikusmin handia dago ere FARCen kokalekuak zehaztuko dituen kronograma ezagutzeko. FARCeko kideek gerrillari izateari utziko diote, eta kokaleku horietara mobilizatuko dira, azaldu du Roy Barreras gobernuko negoziazio batzordearen laguntzaileak. Bertan, NBEk kokalekuak egiaztatu, FARCeko kideak identifikatu eta armak erregistratuko dituzte. Halere, hainbat galderek airean jarraitzen dute: zenbat kokaleku izango diren, non egongo diren, zenbat denboran funtzionatuko duten eta, zehazki, nola funtzionatuko duten. «Prozesuak sei hilabete iraun ditzake», zehaztu dio Bareras senatariak Caracol irratiari.

Orain arte emandako aurrerapausoak aintzat hartuz gero, bake akordio osoa indarrean sartzeko ezarri beharreko prozedurak zehaztea baino ez litzateke faltako. Halere, oraindik badira mugatu gabeko neurriak. Tartean, gerrillarien gizarteratzea. Aurreko prozesuetan gobernuak zibil gisa bizitzeko aukera eskaini zien gerrillariei. Prozesua konplexuagoa izango da, FARCen nahia alderdi politiko bat bihurtzea baita, eta harremana mantendu nahi baitu gerrillaren oinarriekin eta kideekin. Era berean, adostutako biktimen inguruko puntuari dagokionez, zehazteke gelditu zen nola aukeratuko dituzten Bakerako Auzitegi Berezia osatuko duten magistratuak. Ez FARCek, ez gobernuak, ezingo dituztela modu zuzenean aukeratu eurenak.

Dena den, gatazkaren bukaera ez da indarrean sartuko harik eta akordioa zigilatu eta kolonbiarrek hautestontzietan berretsi arte. Gerrillak dio logika nagusitzen bada, baietzak irabazi behar duela: «Herriak ezetz esaten badu, FARCek ez du nahi iragarpen goiztiarrik egin nahi. Ez dugu espekulatuko. Guk bakea lortu nahi dugu, eta kolonbiarrek bakea nahi badute, baietz esango dute erreferendumean».

Saiakeren ostean, bale

Kolonbiako gatazka armatuaren partaide izan da hasieratik FARC gerrilla, 1964an sortu zenez geroztik. Halere, 1950. hamarkadan hasi zen gorpuzten, orduko gobernu kontserbadorearen indarkeriatik babesteko talde gisa. Urteek aurrera egin ahala gerrillaren dimentsioak hazizjoan ziren, eta haiekin batera gastuak ere. Hala, 1980ko hamarkadan bahiketen eta estortsioen bidez hasi ziren dirua biltzen. 1970. eta 2010. urte bitartean Kolonbian izandako 40.000 bahiketetatik, %37 FARCi egozten dio 2013an publikatutako bahitutako egia txostenak. Garai hartan hasi ziren ere gerrillaren eta narkotrafikoaren arteko harremanak, nahiz eta FARCek beti ukatu izan duen bere esku hartzea narkotrafikoaren negozioan. FARCen eta estatuaren arteko aurreneko negoziazioak 1984an abiarazi ziren, Belisario Betancourt gobernu buru zenean. Cesar Gaviria presidentea ere saiatu zen bakea hitzartzen, baina 1991n hasitako bake elkarrizketek urte bete iraun zuten. Hirugarren saiakera Andres Pastrana presidentearen gobernuaren eskutik etorri zen, 1999. eta 2002. urte bitarteko elkarrizketetan. Hainbat saiakeren ostean, eta 52 urteko gatazka odoltsuaren ondoren, herrialdearen historiaren orri beltzenetakoak atzean utzi eta aro berri bati ekingo diote kolonbiarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.