Bigarren Mundu Gerraz geroztik «adiskidetzea, demokrazia eta giza eskubideak babesteko egindako lanagatik», Bakearen Nobel saria jaso du Europako Batasunak. EBren izenean jaso dute saria Herman van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak eta Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteak. Osloko udaletxean egin dute saria emateko ekitaldia, eta bertan Van Rompuyk adierazi duenez,jasotako sariak gorazarre egiten die bakean dagoen Europa batekin amets egiten zuten herritar guztiei. Durao Barrosoren esanetan, nazioarteak Europarekin elkarlanean segitu ahal izango du «mundu guztian bakea, askatasuna eta justizia lortzeko ahaleginean».
Saria jasotzera oholtzara igo ziren EBko hiru ordezkariez gain, Oslon izan ziren erakundeko kide diren 27 herrialdetako 21 ordezkari ere. Han ziren, besteak beste, Angela Merkel Alemaniako Kantzilerra, François Hollande Frantziako presidentea eta Mariano Raxoi Espainiako presidentea.
Nobel akademiak urrian iragarri zuen aurtengo Bakearen Nobel saria EBri emango ziola. Haren arabera, EBk pasarazi du Europa «gerra kontinente izatetik bake kontinente» izatera. «Bere inperfekzio guztiekin, EB sinbolo bat eta inspirazio bat da munduarentzat» nabarmendu zuen atzo Durao Barrosok.
Van Rompuyk, hala ere, ohartarazi du lanean jarraitu behar dutela Europak egun duen krisitik ateratzeko:«Agian, bakea ez da buruan darabilten kezka hil amaierara iristeko arazoak dituzten gurasoek, ikasketak bukatu eta lanik lortzen ez dutenek edo lanetik bota dituzten herritarrek».
Sariaren aurkako protestak
Bakearen Nobel saria EBri eman izanak hainbat herritarren eta erakunderen kritikak eragin ditu. Igandean, mila lagun inguruk akademiaren erabakia salatu zuten, Osloko kaleetan egindako manifestazio batean. Adolfo Perez Esquivel 1980an Bakearen Nobel saria jaso zuen argentinarrak ere kritikatu du EB saritzea: «Sariak kargu hartzeko keinu bat izan behar du, Europak beste kontinenteetan dituen esku sartze militarrak gelditzeko».
Amnesty International erakundearen arabera, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua beti daude munduko arma esportatzaile handienen zerrendan hirugarren, laugarren edo bosgarren postuetan, eta Afrikako, Asiako, Ekialde Hurbileko eta HegoAmerikako herrialde ugaritara saltzen dituzte armak.
Bakearen Nobel saria jaso du EBk, Europa «bakean» eraikitzeagatik
Erakundeko kide diren 27 herrialdeetako 21 ordezkari Osloko udaletxean egindako ekitaldian izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu