Hegoafrikako presidente izandako Nelson Mandelak sortu zuen erakundea, eta egun nazioarteko buruzagi izandako pertsona ugari daude bertan, besteak beste, Kofi Annan. Erakundeko kideek joan den igandeko erreferendumean izandako bortizkeria salatu dute eta negoziatzera esertzeko eskatu diete Espainiako eta Katakuniako gobernuei.
Ohar batean, Annanek adierazi du "Espainian azaleratzen ari den krisi konstituzionalak" biltzera dei egiten duela, eta ez "konfrontaziora". Taldearen izenean, "kezka sakona" azaldu du Katalunian urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumean izandako "konfrontazio bortitzaren" aurrean, eta bi aldeei eskatu die "irtenbide baketsua" bila dezatela "elkarrizketaren bidez".
Halaber, taldeak txalotu egin du Espainiak "1975eko trantsizio demokratikoaz geroztik eginiko aurrerapena. Lorpen hori ez litzateke arriskuan jarri behar. Krisi iraunkor baten ondorio politiko, ekonomiko eta sozialak ez lirateke gutxietsi behar". Gainera, eskatu diete ez dezatela erabili hizkera edo ekintza "zatitzaile edo probokatzailerik".
Nortzuk dira The Elders?
Izen-abizen horietako asko ezagun dira Euskal Herrian, babesa eman baitiote bake eta konponbide prozesuari; Aieteko konferentzian izan ziren, esaterako, Annan eta Harlem, eta babesa adierazi zioten Aieteko adierazpenari Lagosek eta Jimmy Carter fundazioak. Tutuk, berriz, Arnaldo Otegi aske uzteko manifestua babestu zuen, EH Bilduko koordinatzailea espetxean zegoenean.
Nelson Mandelak 2007an Johannesburgon (Hego Afrika) sortutako talde independentea da The Elders, "bakearen eta giza eskubideen alde" lan egiteko eratua. Bere esku hartzeak "eragin positiboa izan dezaeen egoerak" identifikatzen ditu, eta "beren eragina erabiltzen saiatu erabakiguneengana ailegatzeko". Besteak beste, Iranen, Palestina eta Israelen arteko gatazkan, Ziprekoan, Zinbabwen eta Sudan eta Hego Sudanen artekoan aritu da lanean, baina baita iheslarien edota klima aldaketaren inguruan ere.