Radio Caracol Kolonbiako irratiak negoziazio mahaian izan diren ordezkariak aurkeztu ditu bere webgunean. Negozioazioak lau urte iraun du Habanan, eta ez dira denak hasieratik izan Kuban, baina bakoitzak bere ekarpena egin dio, eta pixkanaka akordio historiko bat lortu dute.
GOBERNUAREN ORDEZKARIAK
Humberto de la Calle
Kolonbiako presidenteorde eta Barne ministro izan da. Unibertsitateko irakaslea, magistratua eta enbaxadore ere izan da. 2012an izendatu zuen gobernuak Habanako ordezkaritzaren buru. Zuzenbide doktore da. Haren seriotasuna nabarmendu dute, hala FARCen aurrean nola prozesuaren kontra daudenen aurrean.
Sergio Jaramillo
Oxforden filologian eta Toronton filosofian lizentziatua. 2006. urtetik kolaboratzen du Kolonbiako Gobernuarekin. Defentsa ministrorde izan zen, eta Atzerri Ministerioko bake diplomaziaren buru ere izan zen. Segurtasun gaietan aritu da batik bat. Haren izaera auzitan jarri izan da, baina negoziazioetako gai zailenetan oso eraginkorra izan da.
Enrique Mora Rangel
Armadako koronela, erretiroa hartua. 42 urtez aritu zen armadan. Militarren interesak zaindu ditu negoziazioetan, bereziki gatazkaren ondorioz espetxean daudenenak. Estrategian, segurtasunean eta defentsan aditua da. Akordioaren mesedetan agertu da beti, baina prozesuaren kontrakoekin ere bat egin du, horiek salatu zutenean Habanako mahaian militarrak eta gerrillariak berdintzen zituztela.
Oscar Naranjo
Poliziako jenerala. FARC oso ondo ezagutzen du. Gerrillarien eta droga trafikatzaileen kontrako hainbat operazio handitan parte hartu izan du. Gatazkaren ondoren izan litekeen egoeraz aditutzat hartzen da, eta negoziazioetan gai horretan egin ditu ekarpenak, bai bakea sendotzeari dagokionez baita segurtasunari dagokionez ere.
Frank Pearl
Uriberen agindupean, gerrillarengana hurbiltzen saiatu zen gatazkari irtenbide bat emateko. Hark eta Maria Clemencia Rodriguez emazteak helarazi zioten Herny Acosta enpresari eta bitartekariaren gutuna Santosi; hori izan zen oraingo bake prozesuaren abiapuntua. Ekonomialaria da, eta Bakerako goi mandatari eta Ingurumen ministro izan da.
Maria Angela Holguin
Negoziazioetan izan den nazioarteko babesaz arduratu da, baita Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluarena izateaz. Akordioak nazioarteko legediak bete ditzan arduratu da. Politilogoa da izatez, eta gaur egun Kolonbiako Atzerri ministro da; enbaxadore ere izana da. Harvarden Negoziazio Prozesuen Teoria eta Erramintak ikasketak burutu zituen 1997an.
Gonzalo Restrepo
Enpresarien ahotsa izan da negoziazio mahaian. Horien mesfidantza leuntzen lagundu du, eta ezinbestekoa izan da armarik gabeko gizarte batean sektore pribatuak FARCeko gerrillarien gizarteratzean egin dezakeen ekarpena lantzerakoan. Hainbat enpresatako zuzendaritza nagusietan izan da, energia sektorean, oihalgintzan, garraioetan eta telekomunikazioetan.
Maria Paulina Riveros
Zuzenbidean adituz, genero ikuspegia txertatu du negoziazioetan, gatazkan biktima izan diren emakumeen errealitatea mahai gainean jarriz. Berdintasun Eskubideen ministrorde da, eta hainbat ministroren aholkulari izan da. Kolonbiako Unibertsitatearen abokatua da, eta gaur egun Barne Ministerioko Giza Eskubideen zuzendari ere bada.
FARC-EN ORDEZKARIAK
Ivan Marquez
Luciano Marin Arango du izena, baina gerrillan Ivan Marquez goitizenarekin da ezagun. Kolonbiako Gaztedi Komunista (JUCO) alderdi politikoko kide izan zen, eta FARCekin hasi zen kolaboratzen. 1980ko hamarkadan zinegotzi eta diputatu izan zen. Gerrillako buruetako bat da, eta Habanako ordezkaritzaren burua izan da; gerrillaren goi mailako ideologotzat jo dute. Bake prozesuan parte hartu duten militarrek diote argia eta serioa dela, eta berarekin edozer gairi buruz eztabaidatu zitekeela. Kolonbiako armadak Alfonso Cano hil zuenean, 2011ko azaroaren 4an, bake elkarrizketak etetearen alde agertu zen, baina aurrera jarraitzea erabaki zuen beste gerrillari batzuek horretara lagunduta.
Pablo Catatumbo
Negozioazio prozesuaren bultzatzaile nagusietako izan da Jorge Torres Victoria Pablo Catatumbo. Alfonso Cano gerrillako buruaren gertukoa zen, eta hura izan zen Marquez bake elkarrizketekin jarraitzera animatu zuena. Santosen negoziatzeko asmoaren berri izan zuen lehenetariko bat izan zen. FARCen ordezkaritzaren bigarren ordezkari nagusia izan da. Elkarrizketak hasi eta sei hilabetera gehitu zitzaien besteei, bera buru zuen gerrillari taldea elkarrizketen kontrakoa zela zabaldu zenean. Lasaitasuna eraman zuen Habanara. Segurtasun akordioa lortzeko ezinbestekoa izan zen, eta akordioa lortzeko talde paramilitarrak desegin behar zirela sutsuki defendatu zuen.
Pastor Alape
Alderdi Komunistako kidea da; 1970eko hamarkadan sartu zen FARCen Felix Antonio Muñoz Lascarro Pastor Alape. Hainbat urtez paramilitarren aurka borrokatu zen. Timoleon Jimenez FARCeko buru nagusiaren konfiantzazko pertsona da. Habanako mahaian gerrillarien ordezkaritzaren komunikazioen ardura izan du, besteak beste. Habanan komunikazio estrategia aldatu zuten gerrillariek iritzi publikoari adierazteko proiektu politiko berriaren eraikuntza; Twitter kontua sortu zuten gerrillariek. FARCen idazkaritzaren babes osoa zuen, eta horren sendotasuna eman zien bake elkarrizketei.
Carlos Antonio Lozada
Negozioazio mahaiko ezusteko handienetako bat izan da Luis Antonio Losada Gallo Carlos Antonio Lozada. JUCOko kide izan zen. Su zelaian beldur handia zioten segurtasun indarretako kideek, baina Habanan haren ideia politikoek, entzuteko eta eztabaidtzeko gaitasunak eta praktikotasunak gobernuaren ordezkaritza harritu dute. Bake elkarrizketak azkartu egin ziren haren presentziarekin. FARCen gatazkaren azpi batzorde teknikoaren buru izan da, eta, Javier Florezekin batera, hari zor zaizkio desarmea, su etena eta akordioaren ardatz izan diren beste hainbat gai. Lozada Kolonbiako militarrekin batera agertzea prozesua bide onean zegoelako frogatzat hartu zuten askok. Une honetan Kolonbian da, X. Batzar Gerrillari Nazionala antolatzen.
Joaquin Gomez
Milton de Jesus Toncel Redondo Joaquin Gomez negoziatzaile beteranoenetako bat izan da, Habanara iristen azkenetariko bat. 2014. urte amaieran Kolonbia hegoaldean negoziazioaren kontrako ahotsak zeudela zabaldu zenean deitu zuten mahaira. Su zelaian gerrillari ezaguna izan zen, beldurra eragiten zuen segurtasun indarren artean horrek ere, baina negoziazio mahaian lasaienetako bat izan da. Tentsioak gora egiten zuenean giroa baretzen zuen. FARCeko idazkaritzako kide, Raul Reyes ordezkatu zuen. Berarekin eraman zuen Habanara Hernan Dario Velasques El Paisa izeneko gerrillaria, disidentzia zurrumurruak amaitzeko.