Bakoitzak bereari eutsi dio

5+1 Taldearekin bildu da Iran Bagdaden programa nuklearraren inguruan aritzeko; proposamen bana jarri dute mahai gaineanZigorrak arintzearen truke, uranioa %20 aberasteari uzteko eskatu dio seikoteak Irani

2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Irango programa nuklearraren inguruko negoziazioak hasi aurretik baikor agertu dira bi aldeak. Elkarrizketak «aro berri baten hasiera izatea nahi dugu», adierazi du Irango programa nuklearraren negoziazio buru Said Jalilik Bagdaden, 5+1 Taldeko ordezkariekin bildu aurretik. «Uste dugu Mendebaldea ohartu dela presio estrategiaren garaia amaitu dela», azaldu du. Mahaiaren bueltan eseri direnean, baina, alde bakoitzak bereari eutsi dio.5+1 Taldeak —Alemaniak eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek, alegia, AEBak, Erresuma Batua, Frantzia, Errusia eta Txinak osatuak— jarri du mahai gainean lehen proposamena. Besteak beste, zigorrak arintzearen truke, uranioaren aberastea %20etik %5era jaisteko eskatu diote Teherani. Horrek, ordea, nazioartearen plana kritikatu du, eta beste proposamen batekin erantzun dio. Gaur jarraituko dute negoziazioekin.

«Gure proposamenarekin Iranek bere obligazioak betetzea nahi dugu. Orain euren zelaian dago baloia», adierazi du seikotearen negoziazio buruak, Catherine Ashtonen eledunak. «Hainbat gauza eskatu dizkiegu, baina uranioaren aberastea da, noski, nazioartean kezkarik gehien eragiten duen gaia», gaineratu du. Washingtonek zehaztu du seikotearen planean elkarrekiko konfiantza sendotzeko neurriak zehaztu dituztela, eta horrek Irani bere programa nuklearra helburu baketsuetarako dela erakusteko aukera emango diola.

Taleb Mahdi Irango ordezkaritzaren bozeramaileak, baina, jakinarazi du bere taldeak beste proposamen bat aurkeztu diola seikoteak egindako planari. Bi zati ditu irandarren proposamenak, programa nuklearraren ingurukoa bata, eta politikoa bestea, baina Mahdik ez du argibide gehiago eman.

IRNA Irango berri agentzia ofizialak Irango negoziazio taldeko iturriak aipatuz jakinarazi du Teheranen ustez seikotearen proposamena ez dela «orekatua». «Eskatzen dutenaren eta ordainetan eman nahi digutenaren artean ez dago orekarik». Izan ere, Iran helburu garbi batekin joan da bilerara: bere aurkako zigorrak kentzea. Nazioarteko potentziek Iranek trukean zerbait eskaintzea nahi dute. Are gehiago, herrialde asko presioa arintzearen aurka daude, ez dutelako sinesten programa nuklearra soilik erabilera zibilerako denik, Iranek esaten duen moduan. Zigorrekin herrialdeko ekonomia ito nahi dute, programa bertan behera uztera behartzeko.

Hamabost hilabetez izoztuta egon dira Iranen eta seikotearen arteko harremanak. Apirilean berriz ere martxan jarri zituzten negoziazioak, eta Turkiako Istanbul hirian bildu ziren akordio bat adosteko asmoz. Hartu-emana positiboa izan zela adierazi zuten orduan bi aldeek, baina, Bagdadeko bilera zehazteaz gain, ez zuten beste ezer adostu. Oraingoan, ordea, inork ez du esku hutsik joan nahi Bagdadetik. Adituen esanetan Irango ekonomian nabarmena izan da zigorren eragina, eta horiek arintzea lortu nahi du Teheranek. Nazioarteko potentziek, bestalde, gaiztotuta dagoen giroa diplomazia bidez baretu nahi dute, eta, Iran «mehatxu nuklearra» izan ez dadin, urratsak zehaztu nahi dituzte.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak adierazi du Iran prest dagoela gatazka konpontzeko pausoak emateko. Goi bilera baino lehen egin dituzten bileretan Moskuk ondorioztatu du Teheranek ez duela nahi prozesua «etengabe luzatu». Gerturatzeko urratsak, baina, bi aldeek eman behar dituztela adierazi du Lavrovek. Herenegun, hain zuzen, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak jakinarazi zuen Iranekin akordio bat lortu zuela. Oraindik ituna sinatu ez badute ere, aurki izenpetuko dutela adierazi zuen Yukiya Amano erakundeko idazkari nagusiak, eta besteak beste IAEAko behatzaileek Partxinera sartzeko baimena bilduko duela aurreratu zuen. IAEAren iragarpenak itxaropenez hartu dituzte herrialde askok, eta giroa hobetu du elkarrizketetarako.

Herrialde guztien ardura

Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak ere hitz egin du Bagdadeko bileraren harira, eta esan du bere herrialdeak «inoiz» ez dituela arma atomikoak erabiliko, ezta bestelako suntsipen handiko armarik ere. Iranen eta Iraken arteko 1980ko hamarkadako gerran arma kimikoekin egindako erasoetan hildakoen omenaldi ekitaldi batean egin ditu adierazpen horiek. «Islamaren printzipioetako bat da suntsipen handiko armak deuseztatzea. Giza espeziearen iraupena bermatuko duen helburua da, eta herrialde guztiek lan egin behar dute horretarako», esan du Ahmadinejadek. Era berean, esan du debekatuta dagoelaIranen arma nuklearren erabilera eta ekoizpena. Dena den, bere programa nuklearrarekin aurrera jarraitzen du herrialdeak, eta atzo bertan %20 aberastutako uranioa bidali zuen Isfahango zentraletik Teheranen duten erreaktore esperimental batera. Gobernuak esatera, medikuntzarako erabiliko dute uranio hori. Minbizia dutenak tratatzeko isotopo erradiaktiboak ekoitzi nahi dituzte, eta uranioarekin Teherango erreaktorea erregaiz hornitu nahi dutela azaldu dute.

Nazioartean, baina, oraindik kezka eragiten du Iranen programa nuklearrak; are gehiago, iazko azaroan IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak arma nuklearrak egiteko lanak eginak dituela esan eta gero. Israel agertu da gogorren, eta esan du ez duela baztertzen Irani eraso egitea.

AEBen zigorrei kritikak

AEBetako Senatuak Irango petrolio sektorearen kontrako zigorrak gogortzea onartu zuen herenegun, Bagdadeko bileraren atarian, eta Salehik adierazi du norabide okerrean hartutako neurria dela: «Nire ustez, akats estrategiko bat da». Presio neurri horiek ez dute ezertarako balio,Salehiren ustez, eta, zigorrak indartu ordez, gatazka konpontzeko borondatea erakutsi beharko lukete AEBek.

Txinak eta Errusiak ere kritikatu dute Washingtonen erabakia, eta Barack Obama AEBetako presidenteari beto eskubidea erabiltzeko eskatu dio Moskuk. Lavroven hitzetan, halako neurriek ez diete laguntzen 5+1 Taldearen ahaleginei. Irango bankuekin eta petrolio enpresekin negoziatzen duten nazioarteko enpresei zigorrak jartzeko neurriak diraAEBetako Senatuak onartu dituenak, eta Moskuk dio onartezina dela beste herrialdeetako enpresei eragitea.

Irani presio egiteko zigorren bidearen aldeko apustua egin du Obamak, eta gainontzeko herrialdeei ere hala egiteko eskatu die. AEBekin batera, NBEk eta EB Europako Batasunak ere Iranen kontrako neurri ekonomikoak eta diplomatikoak onartu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.