ditu batzuek diotenez, gizarte palestinarrak hiru zati ditu: hiriak, herriak eta iheslari guneak. Balata Zisjordaniako iheslari gunerik handiena da. Nabulus hiriaren barruko hiri bat.
Balatan 21.645 lagun daude erroldan; horietatik 18.000 ingururen bizitoki finkoa da. 1952an sortu zuten iheslari gunea, errefuxiatu multzorik handiena eragin zuen 1948ko gerraren ondoren. Garai hartan, soilik 7.000 palestinarri aterpea emateko eraiki zuten, baina orduz geroztik, handitzen joan da. Gaur egun, ez dago kanpin-dendaz osatuta; Nabulusen barruko auzo bilakatu da. Jakina, auzo txiroa; behar baino askoz jende gehiagorentzako etxe xume eta txikiak baitira. Hori guztia kilometro bateko zabalera eta 800 metroko luzera duen esparru batean. Kaleska guztietan daude iheslari guneko martiri-en irudiak jarrita: Israelgo segurtasun indarrek hil zituzten borrokalariak edo ekintza armaturen bat egin zutenak. Israelgo segurtasun indarrek Zisjordaniako hiri guztietarako sarrerak kontrolatzen dituzte kontrol militarren bitartez, baita Nabuluserako sarrera ere. Hala, herritar gehienak bakartuta uzten ditu. Horrez gainera, gauero bereziki gauezBalatan sartzen da Armada, bere jomugen bila. Eraso militarrak eguneroko bizimoduaren parte bilakatu dira. Azken hilabeteetan Israelen izandako atentatu suizidetako ekintzaileak Nabuluskoak ziren. Indarkeria geldiaraztea zaila dirudi. Herri Batzordeetako kide Sabri Thukanen arabera, bigarren Intifada piztu zenetik (duela lau urte), 115 martiri izan dira Balatan, 55 etxe suntsitu ditu Armadak eta 250 lagun baino gehiago espetxeratu dituzte. Sabri Balatan jaio zen, 1964an. Bere aitak eta aitonak Jaffa utzi behar izan zuten, 1948an, Israelen aurka galdu zuten gerraren eraginez. «Txikitandik itzultzeko grina eragin zidaten», dio. Iheslari guneko hilerriaren aurrean, zera gogoratzen du: «Errugabe asko hil dira. Egunero sufritzen dugu eta erresistitu beharra daukagu, tankeen kontra harriekin borrokatu behar badugu ere». Palestinar guztiek ez dituzte anai-arrebatzat jotzen iheslari guneetako biztanleak. Batzuek gutxietsi egiten dituzte; diotenez, beren egoera hobetzeko aukera izan dute, baina ez dute egin, errefuxiatu izaera ez galtzearren. Edozein modutan ere, bigarren Intifadatik nabarmen okertu da egoera eta askok lana galdu dute, bai iheslari gunearen barruan bai kanpoan. Herri Batzordeekin batera lanpostuak sortu eta azpiegiturak garatzeko premiazko lege bat jarri zen martxan. Batzorde horiek tokian tokiko agintaritza ordezkatzen dute eta hiru alderdik ordezkatzen dituzte: Al Fatak, Hamasek eta FPLP Palestina Askatzeko Herri Fronteak.
Boikoterako deialdia
NBEren UNRWA agentziak ematen die laguntza behar gorrienean dauden herritarrei eta, horrez gainera, hezkuntzarekin, osasunarekin eta ingurumenarekin lotutako kontuak antolatzeaz arduratzen da. Iheslari guneko 4.000tik gora ikaslek hasierako ikasketak hemen egin ditzakete, baina gero atera egin behar dute. «Une honetan, 800 lagun ari dira laguntzak jasotzen diru arazo larriak dituztelako», adierazi du UNRWAko buru Daud Taisirrek.
Barne segurtasunari eusteko arazoak ere badaude. Edozein liskar txiki larriagotu daiteke. PANek ezin du iheslari guneetan egon eta haien segurtasuna bermatu, are gutxiago Balatan: Israelek uniformea eta armak erabiltzea debekatu dio. Liskarretako batzuk familien edo alderdien bitartekaritzarekin konpontzen dira. Gaurko bozetarako lau bozkaleku jarri dituzte Balatan. Guztira 11 hautes-mahai dituzte. 2004ko martxoan, iheslari gune guztietako batzordeetako ordezkariak bildu ziren, PANeko Iheslarien Auzietarako Sailaren eskutik. Udal bozei boikot egitea erabaki zuten, orduan, gizarte palestinarrean asimilatuta ez geratzeko eta errefuxiatu izaerari nahiz estatusari eustea, jatorrizko lurretara itzuli ahal izateko. Erabaki horrek, ordea, ez du eraginik presidentetzarako eta legebiltzarrerako bozetan. Taisirrek dioenez, biztanleen %80k eman zuten izena, Arafat oraindik bizirik zela, hauteskunde erroldan. Eztabaida politikoan esku hartzeko interes handia dagoela adierazten du horrek. Alabaina, zenbait daturen arabera, Balatako herritarren erdiak Hamas babesten dute eta Hamasek bozak boikotatzeko eskatu du. Interesgarria izango da parte-hartzea ezagutzea, batez ere kontuan hartuta kanpainako auzi askok iheslariekin dutela zerikusia.
EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. PALESTINAKO HAUTESKUNDEAK. PALESTINAKO PRESIDENTETZARAKO BOZAK
Balata, iheslari gune nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu