Bermea ordaindutakoan aterako dira espetxetik preso jarraitzen zuten CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako azken bi kideak. Espainiako Auzitegi Nazionalak berme bana jarri die, 30.000 eta 15.000 eurokoa; horrez gain, ezin izango dute atzerrira joan, eta astero joan beharko dute epaitegira sinatzera.
Joan den urteko irailaren 30ean, CDRetako zazpi kide atxilotu zituzten Katalunian, «erakunde terrorista bateko kide» izatea eta etxean lehergailuak ezkutatzea egotzita. Aske geratutako lehen hiruren kasuan, haiek behin-behinean eta baldintzapean aske uztearen alde agertu zen fiskaltza, iritzita ez zutela «lehergailuekin zuzeneko kontakturik izan». Arrazoi berarengatik utzi zuten aske atxilotuetatik laugarrena ere. Kasu horretan, txostenean zehazten zen haren etxean ez zela lehergailurik aurkitu.
Abenduaren 26an geratu zen aske bosgarrena. Epaileak 10.000 euroko bermea ezarri zion hari, eta argudiatu zuen haren etxean ez zutela lehergailurik aurkitu, prozesu jakin bati jarraituz horiek egiteko balio zezaketen gaiak baizik. Azken horren kasuan, aske uztearen aurka agertu zen fiskaltza.