Baldintzarik gabeko elkarrizketa exijitu dio Irani 5+1 Taldeak

IAEAk eskatutako instalazioak erakusteko eta «informazio garrantzitsu guztia» helarazteko eskatu diote

Erredakzioa
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Irango auzi nuklearraren inguruan sortutako 5+1 Taldeak negoziazioei «serioski eta baldintzarik gabe» ekiteko exijitu dio Teherani. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko bortz kide iraunkorrek —AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak— eta Alemaniak osatzen dute 5+1. Horrez gain, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari «gehiago» laguntzeko eskatu dio Irani. Negoziazioei berrekitea onartu du 5+1ek, Said Jalili Irango negoziatzaileak hala eskatu ondoren.

5+1ek, bertzeak bertze, IAEAk eskatutako instalazioak bisitatzen uzteko exijitu dio Irani, eta «informazio garrantzitsu guztia» helarazteko. Programa nuklearra dela eta, AEBen eta Israelen mehatxupean dago Iran, eta Mendebaldeak zigor ekonomiko gogorrak ezarri dizkio. Errusia eta Txina, ordea, erasoen aurka daude, eta ez diote Irani zigor gehiago ezarri nahi. Negoziazioei berrekiteko erabakiak diplomaziari bide txiki bat ireki dio.

Obamaren «bide ona»

Gerrako mehatxu giroa baretzetik urruti badago ere, Irango estatuburu Ali Khamenei aiatolak Barack Obama AEBetako presidentearen adierazpenak baloratu ditu. Diplomaziaren bidea irekia dagoela erran du Obamak, eta, Khameneiren arabera, «bide ona» erakusten du horrek. Hala ere, Ahmad Reza Purdastan Irango lurreko armadako buruak erran du «erabateko alertan» dituztela indar guztiak, Obamak «erranen balu ere aukera militarra ez dagoela mahai gainean».

AEBetako Defentsa Idazkari Leon Panettak, berriz, Iran nazioartean bakartuta dagoela uste du. Horren adibidetzat paratu du Palestinako Hamas alderdi islamista Teherandik urrundu izana. Hala ere, Hamaseko kide Mahmud Zahharrek BBCk argitaratutako adierazpenak ukatu dizkio Irango Fars agentziari. Israelen eta Iranen balizko gerra batean Hamasek ez lukeela esku hartuko argitaratu zuen BBCk, Zahharren solasak aipatuz; Farsi erran dio, ordea, Hamas Iranen alboan egonen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.