Balearen arrantzan ez dira asetzen zenbait herrialde. Horien artean dago Japonia. Teorian, helburu zientifikoekin egiten den arrantza da, baina ez da onartzen, eta horretan dihardu. Praktikan, ordea, negozio oparoa da Japonian baleen arrantza, estiman baitute han balea jateko. Urtean 1.000 bale inguru arrantzatzen ditu, eta mugak jarri nahi dizkiote hainbat herrialdek. Egunotan, Alaskan, Anchoragen (AEB), Bale Arrantzari Buruzko Nazioarteko Bilera egin dute, eta ebazpen bat onartu dute Japoniak baleak arrantzatzeko orduan duen jarrera gaitzetsiz. Ez eragozpenik gabe. Ebazpenak aldeko 40 boto jaso ditu, eta aurkako bi. Baina 26 herrialdek abstentzioaren hautua egin dute, eta hein batean, postura horrekin, Japoniaren alde egin dute.
Norvegia, Islandia eta Japonia dira munduko bale arrantzale handienak. Baleak arrantzatzeko debekua -1986an ezarria- indarrean badago ere, helburu zientifikoekin arrantza egiteak ematen dien zirrikitutik iaz 2.500 bale harrapatu zituzten. Behar baino askoz ere gehiago izan zirela diote erakunde ekologistek, haserre. Japonian, esaterako, soberakinak izan zituztela salatu dute, eta, azkenean,txakurrentzat jana egiteko erabili zituztela. Debekua ezarria izan zenetik ez zen orain arte lehenago horrenbeste bale arrantzatu.
Japoniaren aurkako ebazpena, Zeelanda Berriak aurkeztu du, eta baleen arrantza bertan behera utzi nahi duten hainbat herrialdek sostengatu dute, hala nola AEB Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Frantziak. Ebazpenaren aurkako botoa eman duten bi herrialdeak Norvegia eta Errusia izan dira. Baleen arrantzaren aldeko jarrera irmoa dute bi herrialde horiek ere, eta debekua bertan behera uztea nahi dute.
Japoniak ez du kezka handirik azaldu bere kontra onartu duten ebazpenarengatik. Ez da loteslea. Ez du zertan bete behar. Baleen arrantzaren kontra ari diren herrialdeen jarrera kritikatu dute, gainera, Anchorageko bileran parte hartzen ari diren Japoniako ordezkariek. «Gorrotoan» oinarritutako proposamenak aurkeztea egotzi diete. Kritikak egiten dizkieten herrialdeak funtsik gabe ari direla diote. Hain justu, hitz egiteko prest daudela azaldu dute: «Negoziaziorako borondatearekin etorri gara bilerara».
Beti norabide berean hitz egiten dute Japoniako ordezkariek, ordea. Ase ezin. Iazko biltzarrean, esaterako, baleen arrantzarako debekua bertan behera uzteko ebazpen sinboliko bat aurrera ateratzea lortu zuten. Ebazpen harekin sinbolikotasunetik harago egin ezin izan zutela eta, ordea, saihesbidea bilatu nahi dute baleen arrantzan ahalik eta muga gutxien izateko. Zenbait komunitate indigenari -inuitei, esate baterako- onartzen die Bale Arrantzaren Nazioarteko Batzordeak arrantzarako eskubidea, eta, bide horretan, beraiek ere eskubide hori bera aldarrikatzen dute.
ERAKUNDE EKOLOGISTEN AURKA. Erakunde ekologistek Anchorageko biltzarrean parte hartu dute. Kezkatuta, hainbat kexu egin dituzte. Atzo, biltzarrean beraien jarduerak gaitzesteko mozio bat onartu zuten. Aho batez. Baleen arrantzan jardun duten Japoniako hainbat ontziren kontrako ekimenak egin dituzte ekologistek, eta horrelakoak gaitzetsi ditu mozioan, «arriskutsuak» izan daitezkeelakoan. Greenpeacek ekintza «baketsuak» baino ez dituela egiten gogorarazi du.
Bale gosearen ase ezinak kezkatuta
Iaz, 2.500 bale harrapatu zituzten, debekua ezarri zutenetik inoiz arrantzatu duten gehiena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu