Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna munduan

Baliabide gehiagoren beharra

NBEren datuen arabera, egunero 137 emakume hiltzen dituzte munduan euren bikotekide edo senideek. Indarkeria motaren bat jasan duten emakumeen erdiek baino gutxiagok jotzen dute laguntza eske

Abortatzeko eskubidearen aldeko protesta bat, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Datuak ez ziren onak lehen ere, baina pandemiak eta hura gelditzeko hartutako neurriek okertu egin dute egoera. NBE Nazio Batuen Erakundeak atzo zabaldutako informazioaren arabera, zenbait herrialdetan lehen halako bost dira orain indarkeriaren bat jasan dutenentzako laguntza telefonoetarako deiak, eta, hala ere, nazioarteko datuei dagokienez, indarkeriaren bat jasan duten emakumeen %40k soilik jotzen dute laguntza eske. Horien artean gehienek familia edo lagunengana jotzen dute, eta oso gutxik instituzioetara. Laguntza eskatzera ausartzen direnetatik %10 inguruk soilik jotzen dute Poliziara.

Bestetik, eta datu ofizialen arabera, egunero 137 emakume hiltzen dituzte, eta kasu gehienetan hiltzaileak familiako kideak edo bikotekideak dira. 2017an, esaterako, mundu osoan hildako 87.000 emakumeen kasuen erdietan baino gehiagotan senitartekoren bat izan zen hiltzailea. Horri lotuta, emakumeen %35 izan dira noizbait indarkeria fisikoaren edo sexu abusuen biktima datu horiek ez dute kontuan hartzen jazarpena. Zenbait herrialdetan kopuru horiek %70era hel daitezke, eta indarkeria mota hori jasan duten emakumeen artean ohikoagoak dira depresio arazoak eta abortuak. Kasu honetan ere, pandemiak okertu egin du egoera. COVID-19aren aurretik, 15 eta 49 urte arteko emakumeen %18ri indarkeria motaren bat egina zien bikotekideren batek, baina, azken urtean, kopuru hori %24ra igo da, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan.

Babesguneak, zabalik

Pandemia desagertzen ez den bitartean, eta beste krisiren bat piztuko balitz ere, NBEko Idazkari nagusi Antonio Guterresek eskatu die estatu kideei emakumeentzako aterpeak oinarrizko zerbitzu izenda ditzatela, alerta sistemak ezar ditzatela botika eta janari saltokietan, eta inbertsio handiagoak egin ditzatela Internet bidezko zerbitzuetan eta emakumeentzako gizarte laguntzetan. Horrez gain, gizon eta mutilentzako kontzientziazio kanpainak bultzatzeko ere eskatu du Guterresek, eta bila ditzatela moduak emakumeei laguntza eskaintzeko, erasotzaileen arreta erakarri gabe.

Guterresen deiari erantzunez, 43 herrialdek neurriak hartu dituzte indarkeriaren biktima izan diren emakumeentzako aterpeak pandemia garaian ere zabalik egon daitezen. Horiek dira Fiji eta Tongako kasuak. Bi herrialde horietan oinarrizko zerbitzutzat jo dituzte aterpeok. Norvegian, berriz, urrats bat gehiago egin dute, eta aterpeotako eta emakumeentzako zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeetako langileei aukera eman diete seme-alabak eskolara bidaltzen jarrai dezaten, nahiz eta horiek itxita egon gainerako herritarrentzat. Hala, langileok lanean jarraitzeko aukera dute berrogeialdia ezarri arren. Portugalek ere larrialdietarako bi zentro berri zabaldu ditu, lesbiana, homosexual, bisexual, transgenero eta intersexualentzat bereziki prestatuak.

Hala ere, badira herrialdeak «giza krisi bat» dutela aitortu dutenak. Horietako bat da Mexiko, non 2.874 emakume hil dituzten urtea hasi zenetik. «Urteetan egindako aurrerapenak suntsitu ditu osasun krisiak», salatu zuen atzo Belen Sanzek, NBEren Mexikorako ordezkariak.

Iazko kopuruen aldean, %0,3 egin du gora emakumeen aurkako indarkeriak Mexikon. Herrialde hartan, egunean hamar emakume hiltzen dituzte batez beste. Horiek hala, Sanzek ohartarazi zuen, osasun krisiak atzerakadarik eragingo ez badu, «neurri sendoak» hartu behar direla emakumeen parte hartzea bermatzeko.

Mexikokoa ez da kasu bakana. Latinoamerika osoan, emakumeen aurkako indarkeriak %31,5 egin du gora aurten, iazko datuekin alderatuta. Urtea hasi denetik, 4.640 feminizidioren berri eman dute. «Beldurgarria da indarkeria matxistak hartu duen neurria. Ezkutuko pandemia bat da hau», ohartarazi zuen Alicia Barcenak, Latinoamerika eta Kariberako Batzorde Ekonomikoko idazkari nagusiak. Erakundeak jasotako datuen arabera, Honduras, El Salvador, Dominikar Errepublika eta Boliviak dituzte daturik okerrenak: 100.000 biztanleko %6 eta %2 arteko hilketa tasa. Barcenaren esanetan, herrialde gehienek indarkeriaren aurkako neurriak hartu dituzten arren, horien eragina «oso mugatua» izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.