ERASOA INDONESIAN

Baliko bi turismo lekutan lau bonba lehertu eta izua zabaldu da uhartean

Gutxienez 22 lagun hil eta beste ehun zauritu dira, behin-behineko datuen arabera

Erredakzioa
2005eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Indonesian, Bali uharteko Jimbaran eta Kuta opor lekuetan, leherketa olde bat izan zen atzo. Behin-behineko balantzeen arabera, gutxienez 22 lagun hil eta beste ehun zauritu dira. Eztanda horiek atentatuak izan direla jakinarazi zuten hasieratik agintariek, eta ekintzaile islamistei leporatu zieten erantzukizuna. Kutako bainuetxean jazo zen erasoetako bat, hain zuzen ere, orain dela ia hiru urte berrehun lagunen heriotza eragin zuen atentatua izan zen hirian bertan. Beste 500 pertsona baino gehiago zauritu ziren eraso hartan.

Jimbarango hondartza bazterreko taberna batean izan zen aurreneko leherketa. Larunbat iluntzea zen, eta bertara oporrak igarotzera joandako atzerritarrez eta bertako langilez mukuru zegoen taberna. Eztandak izua zabaldu zuen inguruan zegoen jendearen artean.

Lekuko batzuen arabera, beste leherketa bat gertatu zen handik minutu gutxira, aurrenekoa izan zen lekutik ehun bat metrora. Poliziak eta sorospen zerbitzuetako arduradunek emandako lehen datuen arabera, atzerritar andana zegoen leherketa horrek eragindako hildako eta zauritutakoen artean. Australiako enbaxadore Alexander Downerrek zehaztu zuenez, gutxienez australiar bat hil eta beste bi zauritu ziren. Hildakoen artean japoniar bat ere bazegoela jakinarazi zuten agintariek.

Jimbaranen leherketak gertatu ziren unean bertan, beste bi eztanda jazo ziren handik hogeita hamar kilometrora, Kuta hirian; uharteko gune turistiko handienetako bat da hiri hori. Raja tabernaren eta Matahariko merkataritza gunearen inguruetan izan ziren leherketak.Indonesiako agintariek leherketen berri izan eta berehala aldarrikatu zuten leherketa horiek guztiak atentatuak izan zirela. Atzerri Ministerioaren bozeramaile Marty Natalegawak honelaxe azaldu zuen: «Dauzkagun argibideen arabera, leherketak jendez mukuru ziren lekuetan gertatu dira eta argi da, beraz, bonba hauek jarri dituztenek ahal bezainbat biktima eragiteko helburua zutela». Atentatu hauen erantzuleak nortzuk diren zehaztu ez bazuen ere, zera gaineratu zuen: «Aurretik izandako erasoen erantzule gehienak oraingoz ez daude atxiloturik eta horrek arrisku ugari sortzen du».

Eraso andana hiru urteotan

Indonesiako presidente Susilo Bambang Yudhoyonok gogor salatu zituen atentatuak, eta berehala joan zen uhartera erasoak izandako lekuak ikustera. Indonesiako segurtasun zerbitzuetako arduradunekin biltzekoa zen gero, egoerari aurre egiteko neurriak aztertzearren.

Eraso horietatik bi, beraz, oporretan joaten diren atzerritarrak jasotzen dituen bainuetxe ezagun batean izan ziren: Kutako bainuetxean. Hiri horretan bertan, hain zuzen ere, atentatu itzel bat izan zen duela ia hiru urte. 2002. urteko urriaren 12an dantzaleku batean izandako leherketa batean 202 lagun hil eta beste 500dik gora zauritu ziren. Hildakoen artean 88 australiar zeuden.

Jamaa Islamia taldeari leporatu zioten atentatu horren erantzukizuna. Al Kaeda erakunde islamistaren sarean sartuta omen dagoen talde horretako ustezko hainbat kide atxilotu eta epaitu dituzte geroztik. 2003. urteko martxoaren 5ean, taldeko buruzagi goren Abu Bakar Bashir erlijioburua bi urte eta erdiko espetxe zigorrera zigortu zuten Kutako dantzalekuko atentatuaren erantzule morala izatea leporatuta.Indonesian, alta, eraso andana izan da azkeneko urteotan. 2003. urteko abuztuaren 5ean hamabi lagun hil ziren Jakarta hiriburuko Marriott hotelean izandako atentatuan. Australiako enbaxadaren aurka iazko irailaren 9an jazo zen erasoan ere hamabi hildako izan ziren.

Al Kaedari leporatzen diote eraso hauen guztien erantzukizuna.

BALIKO UHARTEA



 

Hinduismoa nagusi den eskualde bakarra





Indonesiako artxipelagoa 17.000 uhartek osatzen dute, baina horietatik 6.000 uharte tan soilik bizi da jendea orotara 224 milioi. Indonesiarren %86,9 musulmanak dira; hala, munduko herrialde musulman jendetsuena da. Baliko uhartea, alta, salbuespen bat da. Bertako bizilagunen %91 hinduak dira. Horiek hala, aditu batzuen arabera, ez da kasualitatea ekintzaileek uhartea erasoen jomuga nagusitzat izatea. Nazioarteko adituen ustez, ekintzaile islamisteknahiago dute hindu erlijioa nagusi den eskualde batean gogor ekitea musulmanak gehiengo direnetan baino. Horrela, Baliko ekonomia jardueraren %80 osatzen duen turismoari kalte egiten diote ekintzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.