Zortzi lur puska baino ez dira, Txinako ekialdeko itsasoaren handitasun eskergan galduak. Guztira zazpi kilometro koadroko lur zabalera daukate, eta ez da han gizaki bakar bat ere bizi. Baina, lur koskor horiek, kalapita gorria piztu dute beste behin munduko bigarren eta hirugarren potentzia ekonomikoen artean, Japonia eta Txinaren artean. Aspaldikoa da lurraldetasun auzi hori, eta hirugarren partaide bat ere bada, azken liskar horretan parte hartu ez badu ere: Taiwan herrialdea, hain zuzen ere.
Tokio eta Pekin artean giroa sumindu duen liskarra, hilaren 7an gertatu zen. Egun hartan, Txinako ontzi bat arrantzan ari zelarik Senkaku irlatxoen ur eremuetan, Japoniako kostazainen barku bik kontrolatu nahi izan zuten. Kontrolari ihes egiten saiatu ziren Txinako arrantzontzikoak, eta hori egitean, japoniar barku batekin talka egin zuten. Ondoren, Txinako ontzia harrapatu eta txopan zeuden kideak atxilotu zituzten Japoniako kostazainek.
Istilu horrek Pekinen kexu gorria piztu du. Izan ere, 1972. urtean Ameriketako Estatu Batuek Senkaku uharteen jabetza Japoniaren esku utzi zutenetik, Txinak etengabe eskatu du pusketa horien gaineko jabegoa. Ez Txina kontinentalak bakarrik, Taiwanek ere bai -Taiwanek bere burujabetza aldarrikatua dio Pekini-. Hortaz, irlatxo horien inguruan istiluak sarritan jazo dira. Irail hasieran jazotakoak, baina, hedadura handia hartu du, Tokio eta Pekin artean, 2006az geroztiko gatazka handiena piztuta.
Patroia ere aske
Txinako arrantzaleak irailaren 13an utzi zituen aske Tokiok, Zhan Qixiong patroia izan ez ezik. Japoniak atzo askatu zuen Qixiong, Pekinek haren askatasuna etengabe eskatu badu ere. «Txina eta Japonia artean auzi honek eragindako ondorioak ikusita, Zhan Qixiong kapitaina atxilo izatea ez zela egoki erabaki dugu». Okinawako prokuradore Toru Suzukik egin zuen iragarpena.
Erabaki hori hartu aurretik, baina, giroa handizki sumindu egin da Tokioren eta Pekinen artean; kalapita Txinako agintariek hazi dute bereziki. Hala, Pekingo gobernu agintariek Japoniakoekin harremanak behin-behinean etetea erabaki dute. Horren ondorioz, bertan behera geratu da aste honetan egitea hitzartuta zegoen bilera, Japoniako gobernuburu Naoto Kan-en eta Txinako lehen ministro Wen Jibao-ren artekoa.
Harreman diplomatikoak kolokan jartzeaz gain, Senkaku irlatxoen auziak, merkataritza alorrean ere ondorioak eragin ditu. Izan ere, Japoniako puntako teknologiek baliatzen dituzten metal bitxien salmentak eten zituzten atzo arlo horretan diharduten Txinako enpresek. Mendeku neurri horren berri jakin zen, ontziko patroia aske utziko zela jakin baino zenbait ordu lehenago. Japoniako puntako industriak metal bitxi horien behar gorrietan dira. Ezen, osagai horien ekoizpen gunerik handienak Txinan daude.
Merkataritza alorrean mendekuz jokatze hori Txinako agintearen maila gorenean hartua izan da. Izan ere, arrantzontziko patroia Japonian atxilo zegoelarik oraindik, Wen Jibao lehen ministroak ohartarazi zion Tokiori «neurri gehiago» har zitzakeela Pekinek. Txinako agintariak ohartarazpen hori egin zuen egunean bertan, hots,joan den asteazkenean, Merkataritza ministroak bilera egin zuen Japoniari metal bitxiak saltzen dizkioten enpresetako buruekin. Bilera horretan partaide zen enpresari batek zehaztu du Senkaku irlatxoen auzia hizpide izan zela bertan eta Japoniara metal bitxien esportazioa eteteko erabakia hartu zela.
Harreman politiko eta diplomatikoak, baita merkatal arloko batzuk ere, behin-behinean etetea, asko dirudi itsasoan galdutako lur pusketa zenbaitengatik. Kontua da, baina, Txinan eta Taiwanen Diaoyu uharteak deitura duten uharte horien ur eremuetan petrolio eta gas erreserba handiak egon daitezkeela. Interes ekonomiko argiak badaude, beraz, Senkaku edo Diaoyu irlatxo hauen inguruko auzian. Hortaz, oso balio handikoak bihurtu egin dira lur porroska hauek. Ez dira beti hala izan, ordea, Txinak eta Taiwanek 1972. urtetik baituteirlatxo hauen gaineko burujabetza aldarrikatzen. 1945ean, II. Mundu Gerra amaitu zenetik AEBen eskuetan geratu ziren.1895. urteaz geroztik, aldiz, Japoniaren eskuetan ziren, Txinarekin 1892 eta 1895 artean izandako gerraren amaieran izenpetu zen Shimonosekiko Itunean hala hitzarturik.
Txinan lau japoniar atxilotuak
Txinako arrantzontziaren bahiketaren osteko kalapita baretzeko bidean dirudielarik, beste gertakari batek Tokio eta Pekin artean gatazka giroa hazi dezake berriro. Ezen, Pekinek iragarri zuen atzo lau japoniar atxilotu zituztela, joan den astean, eraikuntza militarrei argazkiak ateratzen ari zirelako aitzakian. Hebei eskualdean gertatu zen hori. Pekinek «espioitzat» jo dituen lagun hauek Japoniako Fujita Corp enpresako langileak dira. Honek azaldu du, ordea, langileok Tokiok eta Pekinek 1989an hitzartutako itun batetan adostutakoa betetzen ari zirela. Japoniak Txina okupatu zuen garaian (1937-1945) bertan jarritako arma kimiko gordailu ohiak garbitze lanetan ziharduela dio Fujita Corp enpresak.
Balio handiko lur puskak
Japonia eta Txina kalapita bizian dira arrantzontzi baten bahiketagatik; bi herrialdeek berentzat dituzten uharteetan izan da gertaera, ustez gasa eta petrolioa dagoen itsas eremu batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu