NBEko idazkari nagusia atzo heldu zen Tindufeko kanpalekuetara, eta bertan SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko buru Mohamed Abdelazizekin bildu zen, besteak beste. Gaur Bir Lehlun izan da Ban. Errepublikaren sorterritzat dute hura sahararrek, eta, beraz, Ban Ki-moon hara joan izana babes keinutzat hartu dute askok.
Banek berak ere bake preozesua berriz abian jartzeko konpromisoa hartu du bidaiaren osteko agerraldian: "Azken urteetan ez da benetako urratsik egin gatazka amaitzeko. Sahararrek autodeterminazio eskubidea dute, eta horren alde lanean ari da NBE 2004tik".
Nazioarteko ordezkariak atsekabea agertu du nazioarteak auzia zokoratu izanak "sahararrengan eragin duen sufrimenduagatik", eta konpromisoa hartu du aurrerantzean "ahalegin handiagoa" egingo duela bake prozesua bultzatu eta errefuxatuei laguntzeko. "Ulertzen dut sahararrak aspertu direla zain egoteaz, berrogei urtean itxaron baitute gatazka amaitzeko".
Horiek hala, Mendebaldeko Saharako ordezkari bereziak, Christophe Rossek, berriz hasiko ditu Maroko eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko agintarien arteko negoziazioak bultzatzeko bitartekaritza lanak. "Datozen asteetan hasiko ditu bidaiak", iragarri du Banek.
Minurso misioa
Apirilean egitekoa duten bileran erabakiko dute baita ere Minurso misioa beste urtebetez luzatu edo ez. Azken urteetan kritika ugari jaso ditu nazioarteko misioak; izan ere, leporatzen diote ezer ez egitea Marokoren giza eskubideen urraketak eragozteko.
Banek, ordea, defendatu egin du misioaren helburua, eta iragarri du bere agintaldia amaitu aurretik Aaiunera joateko asmoa duela, haren nondik norakoak gertutik ezagutzeko asmoz.