Thailandia

Bangkoken eta beste 23 probintzitan jarri du etxeratze agindua Thailandiako Gobernuak

Thailandiako armadak dio hiriburuko erdialdetik atera dituela alkandora gorridunak. Bart gaueko liskarretan lau lagun hil dira. Gobernuak goizean jarritako etxeratze agindua beste 23 probintzitara hedatu du. Duela hilabete eta erdi hasi zuten okupazioa, gobernuaren kontra egiteko.

2010eko maiatzaren 19a
16:27
Entzun
Thailandiako armadak bukatutzat eman du alkandora gorridunek Bangkok hiriburuko erdialdean duela hilabete eta erdi hasi zuten okupazioa, baina hori esan eta handik ordu batzuetara alkandora gorridunek hango burtsa erre dute. Thailandako telebista publikoari ere egin diote eraso. Liskarrak direla eta, gobernuak etxeratze agindua indarrean jarri du Bangkoken. Hiriburuan ez ezik, liskarrak iparraldeta zabaldu dira, eta beste 23 probintzitan ezarri dute etxeratze agindua.

Gobernuak egoera kontrolatuta duela esan arren, azkar erantzun diote alkandora gorridunek armadaren mugimenduei. Burtsako eta telebista publikoko erasoez gain, Central Wood luxuzko merkatal gunean arpilatzeak egin dituzte, eta Siam antzokiari su eman diote. The Nation-ek eta Bangkok Post-ek -ingelesez Thailandian gehien irakurtzen diren egunkariak- langile guztiak ebakuatu dituzte, euren egoitzen kontra egiteko beldur direlako. Hiriburuko gune batzuetan argindar-hornidura eten egin dute.

Eraso horiek direla-eta Thailandiako Gobernuak etxeratze agindua indarrean jarri du, hango 20:00etatik goizeko 06:00ak arte -Euskal Herriko 15:00etatik 01:00ak arte-.

Bart ere indarra erabili du armadak, eta lau lagun hil dira liskarretan. Horien artean, 48 urteko italiar argazkilari bat hil dute militarrek, tiroz: Fabio Polenghi. Sabelean jaso du tiroa. Duela hiru hilabetetik zebilen Thailandian argazkilari gisa lanean. Beste 50 bat lagun zauritu egin dira.

Sansern Kaewkamnerd koronelak adierazi du militarrak manifestariak biltzen ari direla, bakoitza bere eskualdera bidali ahal izateko.

Milaka alkandora gorridunek Ratchapresong merkataritza gunea apiril hasieratik hartuta izan dute, gobernuaren aurka egiteko. Gobernuko iturriek esan izan dutenez, sei mila lagun inguru izan dira han kanpatuta; erreboltak gidatzen ari direnek zioten hamar milatik gora zirela.

Militarren eta oposizioaren arteko borrokak eta herrialdeko krisia bukatu asmoz, Thailandako Gobernuak eta haren kontrako manifestariek elkarrizketak hasi zituzten astearen hasieran, baina ez dute fruiturik eman oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.