Ez dute akordioaren xehetasunik eman oraindik, baina Myanmarrera rohingyak itzularazteko "lehen urratsa" egin dutela azaldu du Bangladeshko Gobernuak; Myanmarkoak, berriz, prest dagoela "lehenbailehen" rohingyak hartzeko.
Abuztuaz gero gertatutakoak ikusita, ordea, kezka handia azaldu dute errefuxiatuen guneetan dauden giza eskubideen aldeko erakundeak. Abuztuaren 25ean Myanmarko armadak eta milizia armatu budistek gutxiengo musulmanaren kontrako erasoaldia hasi zuten, eta 600.000 pertsona inguruk egin dute ihes. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, rohingyen laurdenek alde egin dute.
Hilabeteotako erasoaldia oso bortitza izan da, baina Myanmarko armadak joan den astean ukatu egin zituen lekukoek eta biktimek kontatutakoak: herri osoak erre dituztela, jendea hil dutela, emakumeak eta neskak bortxatu, eta ondasunak lapurtu. Nazio Batuen Erakundearen arabera, "garbiketa etnikoa" gertatu da han, eta atzo AEBek ere ondorio horretara iritsi dela esan zuten, "azterketa zehatza eta kontu handikoa" egin ostean, Rex Tillerson Estatu idazkariak esan zuenez. Momentuz ez dute Myanmarren kontrako zigorrik ezarri, baina horiek aztertzen ari dira, eta ohartarazi dute "izugarrikeria horien erantzuleek ordaindu behar" dutela.
Rohingyek Myanmarko Junta Militarraren diskriminazioa jasan dute 1970eko hamarkadatik. 1982an herritartasuna ukatu zieten, eta, harrezgero, kanpotartzat jotzen dituzte beren jaioterrian. Budistek "migratzaile bangladeshtarrak" direla esan ohi dute mespretxuz.