Muammar Gaddafiren aldekoen azken bi gotorlekuetako bat, Bani Ualid, ia erabateko kontrolpean dutela aldarrikatu dute Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko indarrek. Igandean hasi zuten hirian sartzeko erasoaldia. «Erdiguneraino sartu gara, eta bandera altxatu dugu», adierazi dio Abdula Naker milizianoen koronelak Reuters agentziari. Tripolitik 170 kilometro hego-ekialdera dago Bani Ualid.
Jamal Salem komandanteak erran duenez, hego-mendebaldetik sartu dira hirira, baina «erresistentzia gogorra» aurkitu dute. Al Bahlul al Sajid komandantearen arabera, berriz, hirian ez da Gaddafiren indarren «elementu bakar bat ere» gelditu, eta «ekialdera eta hegoaldera» ihes egin dute. Al Jazeerako berriemailearen arabera, erresistentziaren «%95» garaitu dute.
Lau aldetatik setiatuta
Kontseilu Nazionaleko indarrek lau frontetatik setiatuta eduki dute. Iragan astean sartzen saiatu ziren, baina gibelera egin behar izan zuten erresistentzia gogorraren eraginez. Kontseilu Nazionalak uste du Gaddafiren aldeko 1.500 miliziano zeudela Bani Ualiden.
Surten, berriz, ia hiri osoa kontrolpean dutela erran arren, oraindik Gaddafiren aldeko borrokalari taldeei aurre egiten ari dira Kontseilu Nazionaleko indarrak. Hiriko egoera «kaotikoa» dela dio BBC kateak han duen berriemaileak; horren adibide, milizianoek egin dituzten arpilatzeak. Associated Press agentziak jakinarazi du etxeetatik edo bertzelako eraikinetatik ebatsitako gaiez betetako kamioiak atera direla hiritik. Hango herritarrek Reuters agentziari salatu diote Surten egiten ari direna «errebantxa» dela, ez «askapena». Kontseilu Nazionalaren arabera, baina, «Gaddafiren infiltratuak» dira arpilatzeen erantzuleak.
Iragan abuztuan Gaddafiren seme gazteena, Khamis, hiltzat jo zuen Kontseilu Nazionalak, eta Siriako Arrai kateak atzo berretsi zuen heriotza. Khamis militarra zen, eta Tarhuna herrian borrokan hil zela jakinarazi du Arraik.
Protestak herrialde arabiarretan
Bani Ualid hartu dutela aldarrikatu dute Gaddafiren aurkako indarrek
Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko milizianoek Surt arpilatu dutela salatu dute herritarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu