Turkiako armadak ez du atsedenik hartzen Iraken menpeko Kurdistanen. PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren guneak bonbardatzen eman ditu egunak joan den asteazkenetik, eta datozen egunetan horrela jarraituko du, Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak atzo iragarri zuenez. Kurduen hainbat alderdi politikoren kritikak jasota ere, gobernuak ez dujokabidea aldatzeko asmorik. «Inork ezin digu esan operazioak gelditu behar ditugunik. Nazioarentzako bakea lortzeko operazioak egitea gobernu baten berezko eskubidea da; betebehar bat da, eta beharrezkoa den guztia egingo dugu». Ez dutela Ramadana amaitu arteitxarongo gogorarazi du, eta, bide batez, PKKren jokaera gogor kritikatudu. «PKK-k musulmana dela dio, baina errugabea den jendea hiltzen du».
Turkiako armadak «90 eta 100 terrorista artean garbitu ditu» azken astean, armadako iturrien hitzetan. «Laurogei terrorista baino gehiago zauritu ditugu, eta terroristetako askok alde egin behar izan dute», gaineratu dute. Armadak Erdoganen asmoak berretsi ditu: «Aireko eta lurreko operazioek aurrera egingo dute».
PKK alderdiko Pero Rozh Willat kideak, ordea, Turkiako armadak argitaratutako datuak gezurtatu ditu: «Benetako zifra hiru hildako da, eta ez dago zauritutakorik gure alderdian». Armadaren informazioak «kurduen aurkako gerra psikologikoaren parte» direla gaineratu du Willatek.
Erasoak zenbakitan
Joan den asteazkenetik izan diren erasoen inguruko datuak bildu ditu armadak behin-behineko txosten batean. Horren arabera, 24 miatze hegaldi eta 102 borroka hegaldi egin ditu Turkiak PKK alderdiaren 132 gune baino gehiago bonbardatzeko. Hainbat helbururen aurka jo du; tartean, 79 babesleku, hemezortzi kobazulo, zortzi biltegi, hamalau eraikin, armategi bat, bederatzi kanoi eta hiru kontrolgune hondatu ditu. Guneok «arretaz aztertu» zituztela gaineratu dute, zibilen inguruetan kalterik ez eragiteko. Igandean, ordea, Turkiako hegazkinen eraso batean auto batean zihoan familia bateko zazpi kide hil ziren Hego Kurdistanen. Horren ondotik, Masud Barzani Iraken menpeko Kurdistango lurralde autonomoko presidenteak erasoak gaitzetsi zituen. Igandean 2.000 lagun inguru bildu ziren Rania hirian, kurduen aurkako kanpainaren amaiera eskatzeko, eta beste 300 lagunek martxa isil bat hasi zuten astelehenean, dolua erakusteko, erasoak direla eta.
Firat agentziak kaleratu duenez —PKKren gertukoa da—, bonbardaketen helburua Kandilgo ingurua «jendegabetzea» da, Turkiaren erasoen ondorioz gutxienez zazpi zibil hil eta hainbat hiri hustu behar izan dituztelako. Dohuk probintzian, esaterako, 114 herri inguru hustu dituzte.
Egoera baretu nahian, BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdiak erabaki irmo bat hartzeko deia egin die bi aldeei. Hamir Geilani alderdiko kideak adierazi duenez, «biek berehalakoan utzi behar dituzte armak, ez dago beste aukerarik». Horrekin batera, Turkiako Gobernua kritikatu du, «gerraren hizkuntza» erabiltzeagatik, eta elkarrizketaren bidea hartzeko eskatu dio.
BDPren eskaera
Adierazpen horien ondotik, berehala heldu da Erdoganen erantzuna, eta terrorismoa sala dezan eskatu dio BDPri: «Terrorismotik, odoletik, hilketetatik eta legez kanpokoak diren beste auzi batzuetatik aldetzen ez bazarete, boza zuen alde eman zuten herritarrak salduko dituzue, eta zuen politikak ez dira legezkoak izango». Erdoganen nahia BDPk «bere aukera aprobetxatzea» da, eta «legezko ekintzetan» parte hartzeko ekatu dio.
Ekainaren 12ko hauteskunde orokorretan 36 diputatu lortu zituen BDPk, emaitzarik onena alderdi politiko kurduak legeztatu zirenetik. Diputatuetako sei, ordea, ikerketapeko atxiloaldian zeuden, PKKren aldeko propaganda egin zutelakoan.
Barealdiak urrun dirudi
PKKri erasotzen jarraituko duela iragarri du Turkiak; horren hitzetan, «ehun terrorista inguru garbitu ditu» armadak asteazkenetikKurdistango Langileen Alderdiak, ordea, soilik euren hiru ekintzaile hil dituztela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu