«Barkamena eta geroa»: Macronen oinarriak Kaledonia Berrirako

Frantziako presidentea Ozeaniako uhartedian izan da; baieztatu du konstituzioaren erreforma egingo dutela estatus berria jasotzeko

Macron, atzo emandako hitzaldian. KALEDONIA BERRIKO HEGOALDEKO PROBINTZIA.
ander perez zala
2023ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Nahita edo nahi gabe, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo Kaledonia Berriko hiriburuan eman zuen hitzaldia uhartediaren etorkizun instituzionalari buruzko negoziazioen isla izan da. Parean, oro har, europar jatorriko herritarrak eta haien ondorengoak izan zituen, Frantziako banderak astintzen, Kokondoen plaza segurtasun agentez josita eta erabat itxita zegoela; hortik kanpo, Macronengandik urrun, FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakak deituta, protestan aritu ziren kanakak, independentisten banderak eskuan zituztela. Egoera horretan proposatu zuen Frantziako presidenteak «barkamenean eta etorkizunean» oinarrituriko itun bat uhartediaren geroari buruz ados jartzeko. Izena ere jarri zion: «Noumeako Hitzarmena», hiru independentzia galdeketak eta eskumen gehiagoren eskualdatzea jaso zituen itunari, 1998ko Noumeako Akordioari, erreferentzia eginez.

Macron duela bost urte izan zen Ozeaniako uhartedian, deskolonizazio prozesuko lehen independentzia erreferendumaren aurretik, eta orduan adierazi zuen Frantzia ez litzatekeela «hain polita» izango «Kaledonia Berria gabe». Aurtengo bisitan, berriz, esan du kolonia «frantsesa» dela, «aurrerantzean ere» hala izatea erabaki duelako; 2018an, 2020an eta 2021ean egindako galdeketetan ezezkoak irabazi zuen, baina azken kontsultaren emaitzak eztabaida eta haserrea piztu zituen, independentistek hura boikotatzea erabaki baitzuten —abstentzioa %56,13koa izan zen—, argudiatuta ez zela egokia koronabirusaren pandemia betean egitea.

Halere, Frantziako Gobernuak urteotan behin eta berriz esan du ez dutela hirugarren erreferenduma errepikatuko, eta, harrezkero, subiranistekin eta loialistekin mintzatzen ari da Kaledonia Berriaren etorkizun instituzionalaz. Macronentzat, estatus berri hori modu bat izango da atzo aipatu zituen «barkamen» eta «etorkizun» ideiak biltzeko, baina orain arteko bidea ez da ona izan: ez dute hiruko bilerarik izan; are, alderdi independentista guztiak ez ziren izan hitzaldiaren aurretik deitutako bilkuran.

«Minduta»

Afera hori dela eta, Macronek agerraldian esan zuen «minduta» zegoela, baina, aldi berean, adierazi zuen «elkarrekin» adostu behar dutela uhartediaren «etorkizuneko proiektua, anbizio handiagoa duen gizarte baterako». Frantziako presidenteak, oro har, lankidetzan oinarrituriko hitzaldia eman zuen, eta argi utzi zuen konstituzioa aldatuko dutela —estatus berria jasotzeko—, Kaledonia Berriko Kongresurako datorren urteko bozen hautesle errolda irekiko dutela —independentistak horren kontra daude— eta uhartediko erakunde politikoak erreformatuko dituztela.

Finean, zeharkako mezu bat bidali zien subiranistei: Parisek haiekin edo haiek gabe egingo duela aurrera. Horrek, hortaz, agerian utzi du Macronen bisitak ziurrenik ez duela lagunduko egoera lasaitzen, ezta adostasunera hurbiltzen ere; eta hori kontuan harturik Frantziako presidenteak negoziazioak, adostasuna eta bide komuna irudikatzen dituen estatua bat zuela atzean hitzaldia ematean, Jean-Marie Tjibaou independentistak eta Jacques Lafleur loialistak elkarri eskua eman ziotenekoa, 1988an, Matignongo Akordioa sinatzean.

Louis Mapou Kaledonia Berriko gobernuburu independentistak esan zuen Macronek «[Frantziako] errepublika eta Kaledonia Berria engaiatzen dituzten auzi historikoez eztabaidatzeko beharra» aipatu zuela atzo, eta horretarako «elkarrizketaren bidea» hartu duela. Halere, zalantzati agertu zen: «Ikusi beharko dugu hori guztia nola egin dezakegun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.