EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

Barkamenik eza

2003ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Yom Kippur (Barkamenaren Eguna) festa juduak eta Ramadan festa musulmanak denboran bat egin zuten 1973ko urrian. Hilak sei egun zituela, Egiptoko eta Siriako armadek Israeli erasoa jo zioten aldi berean. Israelek bi herrialdeoi 1967an kendu lurraldeak Sinai, Egiptori, eta Golango Gaina eta inguruak, Siriari berreskuratzea zuten xede. Israelgo Armadak berehala egin zien aurre bi armadei eta 19 egunez luzatu zen gerra, arabiarren eta israeldarren artean hirugarrena.

Siriako eta Egiptoko soldaduak Jerusalemgo ateetaraino iritsi ziren, baina Israelek kontraerasoa jo eta haien posizioak atzeratzea lortu zuen. Borroka gehienak urriaren 22an bukatu ziren eta azaroaren 11n Kairok eta Tel Avivek su-eten historikoa sinatu zuten. 8.500 bat soldadu egiptoar eta siriar hil ziren, eta 6.000 israeldar inguru.

Arabiarrek «garaipen» iritzi zioten gerrari. Egiptok Sinai penintsula eta Siriak zenbait lur berreskuratu zituzten; ez, ordea, Golango Gaina. Israelek kolonizazio politikarekin segitu eta 1981ean unilateralki anexionatu zuen eskualde menditsua.

Herrialde arabiar askok soldaduak eta diru laguntza eskaini zieten Siriari eta Egiptori. Ekialde Hurbileko herrialde petrolio ekoizleek Mendebaldeari petrolioa esportatzeari uko egin zioten, honek Israeli emandako babesagatik. Horrek krisi ekonomiko handia eragin zuen munduan.

Urtemugan Israelgo Armadako irrati operadore ohi Yitzhak Rubinsteinek ezagutarazi dituen grabazio batzuetatik ondoriozta daiteke 1973ko gerran jenerala zen Ariel Sharonek bere nagusien aginduak ez zituela bete.

Haifako eraso suizidak urtemuga belztu du eta Israelek, ohikoa duen Begia begi truk jokabide biblikoari jarraiki, barkamenaren zentzua kendu die Kippur hitzari eta festa erlijiosoari, igandean Siriari egin erasoarekin.

Alde batetik eta bestetik, okupatzaileen eta okupatuen motibazioak ezberdinak izaki ere, barkamena urria da Ekialde Hurbilean. Mendekua da gehien entzuten den hitza. Obusak, misilak, buldozerrak, bonbak eta balak haren adierazpide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.