Barrikada artean, gaur hasi nahi dute Venezuelako bake konferentzia

Protestetan 13 hildako eta 149 zauritu izan dira bi astean, eta 712 lagun atxilotu dituztela jakinarazi du gobernuak

Gobernuaren kontrako manifestariak, Caracas ekialdeko Altamira auzoan. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Xabin Makazaga.
2014ko otsailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Herren joan zen astelehenean Gobernuaren Kontseilu Federala Venezuelan, Enrique Capriles oposizioko buruzagia ez baitzen agertu Nicolas Maduro presidenteak herrialdeko gobernadoreekin egin zuen bilerara. Aurrekari txarra Venezuelako Gobernuak gaur hasi nahi duen Bake Konferentziarako. Bi aste dira chavismoa agintetik botatzeko helburua duten protestak hasi zirela, eta muturreko ekintzaileek barrikadekin itxi dituzte oposizioa nagusi den auzoak.

Protesten balantzea egin du Venezuelako Gobernuak: 13 lagun hil dira istiluetan, 149 zauritu, eta 712 atxilotuetatik 48k jarraitzen dute preso, delitu larrienak egozten dizkietenak. Atxilotuen artean segurtasun indarretako hiru kide ere badaude, otsailaren 12an hiriburuko fiskaltzaren aurrean bi manifestariren hilketarekin zerikusia dutelakoan. Protestek ez dute etenik izan ordutik, eta muturreko ekintzaileak dira orain agintarien kezka, Caracas ekialdean eta beste hainbat hiritako etorbide nagusietan barrikadak ezarri eta segurtasun indarrekin enfrentamenduak eragiten ari baitira.

Madurok «elkarrizketa nazional zabal bat» sustatu nahi du gaurtik, gatazkari irtenbide bat bilatzeko. Eta oposizioak «egunero, errepublikako herri guztietan» protestan kalera atera nahi badu «horretarako askatasun osoa» daukala esan du; «baina sua eta txikizioa eragin nahi badituzte, ezin diegu utzi».

«Gobernua hilzorian dago»

Venezuelako Gobernuak herrialdeko gobernadoreekin egin zuen bileran, Henry Falcon (Lara) eta Liborio Guarulla (Amazonas) oposizioko agintariek «elkarrizketa eraginkor bat» sustatzeko eskatu zioten Madurori, eta baita atxilotuak askatzeko ere, Leopoldo Lopez oposizioko buruzagia eta Ivan Simonovis komisarioa tartean.

Capriles, aldiz, Mirandako gobernadorea izanagatik, ez zen bilerara joan, ez dagoelako «Madurori aurpegia garbitzeko prest». Venezuelako indarkeria giroak egiazko elkarrizketa bat eragotzi egiten duela eta Maduroren gobernua «hilzorian» dagoela uste du Caprilesek.

Jose Vielma Mora Tachirako gobernadoreak —Hugo Chavezen konfiantzazko militar izana— kritikatu egin du gobernuak protestei eman dien erantzuna: «Ez naiz erregimenaren parte, herritarrek hautatu ninduten. Eta koldar deitzen didate nire aldetik».

AEBek, berriz, hiru diplomazialari venezuelar herrialdetik kanporatzea erabaki du, Venezuelak aurreko astean neurri berbera hartu ostean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.