Kataluniako hiriburuan eta beste 17 udalerritan, independentziari buruzko herri galdeketa egingodute bihar. 2009ko irailaren 13an Arenys de Munt herrian independentziari buruzko lehen erreferenduma egin zutenetik, Kataluniako 532 herri eta hiritan egin dituzte bozketak. Biharkoak, ordea, garrrantzi berezia du sinbolikoki; izan ere, legezko baliorik ez izanagatik, independentziaren aldeko olatua hiriburura iritsi dela irudikatzen baitu.
Galdeketa eguna bihar bada ere, aurretiaz bozkatu nahi zutenek 2010eko abenduaren 13tik atzo arte izan dute horretarako aukera, eta horien artean izan da Artur Mas, Generalitateko presidentea. Martxoaren 31n eman zuen botoa Bartzelonako Omnium Cultural egoitzan, baina ez zen horren irudi bakar bat ere argitaratu hedabideetan. «Herritar gisa hartu dut parte galdeketan, ez Generalitateko presidente gisa», argitu zuen Masek.
Alabaina, irudirik zabaldu ez arren, laster jakinarazi zuten zein izan den haren hautua: independentziaren aldekoa. Hiriburuko erreferenduma antolatu duenherri ekimenak, Barcelona Decideix-ek, «bereziki» eskertu du presidenteak parte hartzea, keinu horrek herri ordezkaritzaren mailara igo dituelakoan galdeketak. «Orain, inork ez du miraritzat edo txorakeriatzat hartzen herri galdeketak egitea: gizartearen pentsamoldea aldatu dugu», esan du Alfred Bosch-ek, Barcelona Decideix-eko bozeramaileak.
Masek bezala, Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiak ere aurretiaz bozkatu du Bartzelonako herri galdeketan, eta argi eta garbi esan du baiezkoa eman duela. «Jada ez daukat independentziaren kontra egiteko arrazoi bakar bat ere», onartu zuen Pujolek martxoaren 29an Bartzelonan eginiko hitzaldian. Haren ustez, herri galdeketek legezko baliorik ez badute ere, oso termometro onak dira katalanen desilusioa neurtzeko.
Mas eta Pujolen parte hartzeak domino efektua eragin du Kataluniako politikarien artean, eta bihar bozkatzera joango direla jakinarazi dute askok: Ferran Mascarell, Andreu Mas-Colell eta Boi Ruiz kontseilariek eta Xavier Trias CiUren Bartzelonarako alkategaiak, besteak beste. Baina aurretiaz ere bozkatu dute Generalitateko beste kide batzuek. Horien artean, Pilar Fernandez Bozal Justizia kontseilariaren parte hartzea izan da deigarriena; izan ere, Bozalek helegitea jarri zien independentziari buruzko antzeko galdeketei Espainiako Estatuaren abokatua zenean, 2009ko udazkenean. Independente gisa sartu zen Artur Masen gobernuan.
ERC eta Solidaritat Catalana per la Independencia alderdietako politikariek ere bozkatu egingo dutela iragarri dute. Joan Herrera ICV Iniciativa per Catalunya Verds alderdiko buruak, aldiz, ez duela parte hartuko aurreratu du, «ez dagoelako aukera federalistarik». Ez dute botorik emango ez Josep Antoni Duran i Lleida CiUko alderdikideak, eta ez PSC, PP eta Ciutadans alderdietako politikariek.
Erakundeen babesa
Barcelona Decideix herri ekimenak 300 bozkaleku jarri ditu erreferendumerako Bartzelonako auzoetan. Ez da lan erraza izan, PSCk gidatzen baitu udala eta hark ez baitie utzi bere aretoak erabiltzen independentziaren inguruko galdeketa egiteko.
Dena dela, erakunde guztiek ez diote bizkarra eman herri galdeketari. Martxoren hasieran, CiUko eta ERCko diputatuek Solidaritat Catalana per la Independenciak proposatutako mozioaren alde bozkatu zuten legebiltzarrean, bihar Bartzelonan egingo den herri galdeketari eta azken bi urteetan Katalunia osoan egin diren galdeketei babesa emanez. Kataluniako Parlamentuak onartutako testuak dio Kataluniaren eskubide ukaezina dela autodeterminazioa, eta gizarte zibilak galdeketen bidez askatasunez adierazteko eskubidea duela. Hala ere, CiUrekin adostutako testutik kanpo geratu ziren, azkenean, biharko galdeketarako legebiltzarraren aretoak bozkaleku gisa erabiltzeko eskaintza eta Kosovoren independentziaren aitorpena.
Artur Masen alderdiak Bartzelonako herri galdeketari eman dion babesa bitarikoa izan da, alderdikide independentistak zein autonomistak pozteko modukoa. Izan ere, Parlamentuan onartutako testuan babesa adierazi arren, bere esku dagoen Parlamentuko Mahaiak uko egin baitio galdeketako bozkalekuetara legebiltzarreko diputatu batzuk ikuskatzaile gisa bidaltzeari. ERCk legebiltzarreko ikuskatzaile taldea sortzea eskatu zuen, «nazioarteko ikuskatzaileek ere parte hartuko baitute bihar». Baina CiUk kontrolatutako mahaiak ezezkoa eman dio proposamenari, eta alderdien esku utzi du ikuskatzaile gisa parte hartzeko aukera.
Independentziaren legea
Independentziari buruzko eztabaida ez da amaituko bihar Bartzelonako bozkalekuetan, eta ez da kalean geratuko: Kataluniako Legebiltzarrak Kataluniaren independentziari buruzko legea eztabaidatu eta bozkatuko du apirilaren 13 eta 14 bitartean.
Solidaritat Catalana per la Independencia alderdiak proposatu du Kataluniaren independentzia aldarrikatzeko legea. Hiru diputatu baino ez ditu legebiltzarrean, baina Parlamentuko Mahaiak onartu egin du legearen inguruko eztabaida. Bi aldetarako jokoarekin jarraituz, eztabaida onartu du CiUk, baina bozketan bere 62 diputatuak abstenitu egingo direla aurreratu du. Badaki abstenitzeak PP, PSC eta Ciutadansek kontra emandako bozak nagusitzea ekarriko duela.
Herrialde Katalanak. Erreferenduma Bartzelonan
Bartzelonak aukeratuko du
Independentziaren inguruko herri galdeketak egingo dituzte bihar Kataluniako hiriburuan eta beste hamazazpi udalerritanArtur Mas presidenteak baiezko botoa eman du aurretiazko bozketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu