Orain dela urtebete Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuetako biktimen omenezko ekitaldiak egin dituzte gaur goizean Bartzelonan. Azken egunetan ekitaldiaren inguruan polemika sortu bada ere, zalaparta handirik gabe joan da omenaldia.
Iazko abuztuaren 17an, furgoneta bat gidatzen zihoan ekintzaile batek hamahiru lagun hil eta 120 baino gehiago zauritu zituen Bartzelonako Rambletan, furgoneta batekin sigi-saga sartuta. Estatu Islamikoak hartu zuen bere gain atentatua. Ordu batzuk geroago, Cambrilsen izan zen bertze eraso bat. Auto batek zazpi lagun harrapatu zituen, eta horietako bat hil zen. Ustezko erasotzaileak tirokatuta hil zituzten mossoek. Bartzelonako hamahiruak, Cambrilsen autoak harrapatuta eta Poliziak tirokatuta hildakoak kontuan hartuta, hemeretzi pertsona hil ziren.
Poliziaren bertsioaren arabera, ekintzaileek hilabeteak zeramatzaten atentatu handi bat edo gehiago prestatzen, baina Alcanarren zuten etxean leherketa izan ondoren inprobisatu zituzten Bartzelonako eta Cambrilseko erasoak.
Hamarretan hasi da ekitaldi instituzionala Rambletan. Han egon dira, bertzeak bertze, Ada Colau Bartzelonako alkatea, Quim Torra Generalitateko presidentea, Roger Torrent Kataluniako Parlamentukoa eta Teresa Cunillera Espainiak Katalunian duen ordeazkaria. Lore eskaintzarekin hasi da ekitaldia. Biktimen senitartekoek loreak landatu dituzte Joan Miro artistak Rambletan egindako mosaikoaren gainean ezarritako lorontzietan. Isilik egin dute lore eskaintza. Txalo artean amaitu da omenaldia.
Agintarien txanda izan da ondoren. Loreak mosaikoan jarri ondoren, Katalunia plazara joan dira. Agintariekin batera, Laura Masvidal Joanquim Forn egun espetxean den Barne kontseilari ohiaren emaztea ere lore eskaintzan izan da. Barne ministroa zen Forn atentatuak gertatu ziren unean.
Handik Katalunia plazara joan dira, eta han egin dute biktimen omenezko ekitaldi nagusia. Gemma Nierga kazetariak aurkeztu du, eta zortzi hizkuntzatan idatzitako testu bat irakurri du, musikaz lagunduta. Bakearen aldeko mezua zabaldu du kazetariak. Han izan da Espainiako errege Felipe Borboikoa, eta zer esana eman du horrek. Atzo gauean, erregearen aurkako hiru pankarta zabaldu zituzten plaza inguruko etxe batean.
Quim Torra Generalitateko presidenteak adierazi du "demokraziak beldurrari irabazi" diola, eta gogoan izan ditu Josep Lluis Trapero Mossoen maior ohia eta Forn Barne kontseilari ohia (gaur egun espetxean da). Biktimen senitarteko eta lagunei Kataluniako herriaren elkartasuna helarazi die. Roger Torrent parlamentuko presidenteak ere mezu bera zabaldu du.
Euskal Herritik, Eusko Alderdi Jeltzaleko Jokin Bildarratz eta Aitor Esteban politikariak egon dira ekitaldian. EAJk biktimekin egoteko eguna dela adierazi du sare sozialetan.
â—¾ï¸ÂÂÂÂDuela urtebeteko biktimen senide guztiei gure oroimena eta elkartasuna, baita pairatu zuen gizaki guztiari ere, abraçada-besarkadarik eta beroena Euskaditik!
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) 2018(e)ko abuztuaren 17(a)
Protestak
Erregearen aurkako protestak ez dira Katalunia plazan soilik izan, CDRetako hainbat kide Rambletan izan baitira erregearen presentzia salatzeko. Biktimen senitartekoei elkartasuna adierazi, eta erregearen "hipokrisia" salatu dute bertan. Sare sozialetan zabaldu duten oharrean adierazi dutenez, ez dute ulertzen nola parte hartzen ahal duen horrelako ekitaldi batean Saudi Arabiari armak saltzen dizkion estatu bateko buruak. Biktimekiko errespetua eta Arma trafikoa gelditu leloak zituzten kartelekin, Katalunia plazarako bidea egin dute, isilik, 500 bat lagunek. CUP alderdiak ere bat egin du protestarekin.
Arratsaldean, Joaquim Forn espetxeratuta dagoen Lledoners kartzelako atarian elkarretaratzera deitu du ANCk atentatuak argitzeko egindako lana eskertzeko.