Felix Millet, Jordi Montull eta Gemma Montull Palauko arduradun ohiei 22 milioi euro desbideratzea leporatzen zien fiskaltzak. Hiru akusatuek Palauko kontuak arpilatu izana aitortu dute, eta CDCri leporatu diote elkartearen bidez legez kanpoko komisioak jasotzea, kontratu publikoen esleipenen truke.
Aitortzari esker, akordioa lortu zuten hirurek fiskaltzarekin, haien kontrako zigor eskaera murriztu eta Gemma Montull Palauko finantza zuzendari ohiak espetxea ekidin dezan. Fiskaltzak 14 urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Milletentzat, hamar urte eta hamar hilabetekoa Jordi Montullentzat eta bi urtekoa haren alaba Gemma Montullentzat. Aldiz, epaileak bederatzi, zazpi eta lau urteko espetxeratzea agindu du hurrenez hurren, eta, beraz, Gemma Montull espetxera joango da azkenean.
Horrez gain, Daniel Osacar CDCko diruzain ohiarentzako zortzi urteko kartzela zigorra galdegin du fiskaltzak, legez kanpoko komisioak jasotzea egotzita. Osacarrek leporatzen zaizkion ardurak ukatu zituen, baina epaileak errudun jo du eta lau urte eta bost hilabeteko espetxeratzea agindu dio. Osacar izan da CDCko akusatu bakarra.
Aldiz, auzitegiak epaian aztertu du CDCk auzian ardura zibilik izan duen ala ez, eta errudun jo du alderdia ere. CDCri 6,6 milioi euroko zigorra ezarri dio auzitegiak. Artur Mas Generalitateko presidente ohia zuen buru garai horretan alderdiak. CDC egun desagertuta dago, PDeCat alderdian bihurtu baitzen iazko uztailean. Artur Masek PdeCateko presidente kargua utzi zuen joan den asteartean.
Zigortuak izan diren Palauko arduradun ohiek iazko martxoan epaileari adierazi ziotenez, CDCk legez kanpoko komisioak kobratu zizkion Ferrovial enpresa eraikitzaileari, hari kontratu publikoak esleitzearen truke. Hirurek diru horren zati bat jasotzen zutela ziurtatu zuten. Pedro Buenaventura eta Juan Elizaga Ferrovialeko zuzendaritzako kide ohi akusatuak kargurik gabe aske utzi ditu epaileak.
Ia zortzi urtez luzatu da Palau auzia, 2009ko uztailean Mossos d'Esquadra Bartzelonako Musikaren Jauregian sartu zenetik.