Bukarest hiriburuko alkate den Basescu horrela mintzatu zen emaitzak jakin ondoren: «Errumaniako herriaren borondateak eman dit garaipen sendo hau». Adrian Nastase jarduneko gobernuburuak, berriz, bere porrota onartu zuen: «Herritarren ebazpen hau errespetatzen dut eta zorionak adierazten dizkiot presidente berriari». Nastasek «zuzentzat eta egokitzat» jo zituen joan den igandeko bozak eta herrialdean «ondo dabilen demokrazia» dagoela ondorioztatu zuen. Errepublikako presidenteak eskumen mugatuak baldin baditu ere, lehen ministroa izendatzea dagokio. Gobernuburuak, baina, legebiltzarraren oniritzia behar du eta, hain zuzen ere, hemen izango da koska agintari berriarentzat. Iragan azaroaren 28an, lehendakaritzarako bozen lehen txandarekin batera egin ziren legebitlzarrerako hauteskundeetan, DA oposizioko aliantzak 161 diputatu eskuratu zituen eta Nastaseren PSD Alderdi Sozialdemokratak, aldiz, 189. Emaitza hauekin, jarduneko lehen ministroak berak ere ez bazuen gehiengorik, are gutxiago izango du Basescuk izendatuko duen lehen ministro berriak.
Mutur eskuinarekin aliantza egitea baztertu du Basescuk
Lehendakaritzarako hauteskunde kanpainan zehar, Basescuk, behin eta berriro esan zuen ez zuela Corneliu Vadim Tudor buru duen mutur eskuineko Romania Mare (Errumania Handia) alderdiarekin aliantzarik egiteko asmorik. EB Europako Batasunak, nolanahi ere, argi utzi du ez duela horrelakorik onartuko, hurrengo hedapenean sartzeko aukerak galdu ditzakeela ohartaraziz2007. urtean da EBn sartzekoa Errumania. Basescuk, beraz, gutxiengo etnikoak ordezkatzen dituzten indar politikoekin akordioak egiteko ahaleginetan aritu beharko du.
Nastaseren gobernuak orain arte egin duen legez, herrialdeak gauzatu behar dituen erreformei eusteko asmoaz gain, aginte politikoa kutsatuta duen ustelkeriaren kontrako borroka indartu nahi du Basescuk. Gobernuari lotuta zeuden negozio gizonei ohartarazpen argi bat zuzendu zien kanpainan.
Traian basescu
Presidente hautatua
Lemaria
Merkataritza nabigazioko kapitain izana den 53 urteko gizonezko batek hartu du Errumaniako lema. Errepublikako presidente karguan jarduteko bere gaitasunaz zalantzak plazaratu dituztelarik haren aurkariek, Basescuk zera iharduki die: «Itsasontzi bateko lemarekin bezainbat, badakit nola jokatu agintari politikoen bilera batean». Hitz horiek adierazita, ahoan bilorik gabe hitz egiten duen norbaiten ospea handitu zuen berriz ere Bukaresteko auzapezak. Argiki mintzatzeko ohitura horrek zailtasunak dizkio eragin askotan, hala nola Lehendakaritzarako hauteskunde kanpaina denboran, ezkontza homosexualak legeztatzearen alde zela aldarrikatu zuelarik. Jarrera horrek eliza ortodoxoaren kritikak ekarri zizkion, baina errumaniar ugarik preziatu zuten haren prestutasuna. Erdi mailako klaseek, negozio munduak eta gogoetalariek dute, besteak beste, sustatu Errumaniako presidente hautatu berria.