Basoratik beste hiri batzuetara zabaldu dira Irakeko armada eta milizien arteko borrokak

Miliziano xiitek oliobide bat leherrarazi dute; Bagdaden gobernuaren kontrako protestak egin dituzte

2008ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Basoran aste honen hasieran piztu ziren borrokak hiri gehiagotara zabaldu dira. Irakeko segurtasun indarren eta miliziano xiiten arteko borrokak, beraz, baretu beharrean gogortzen ari dira. Basoran okupazioa abiatu zenetik inoizko borroka latzenak izaten ari dira, eta, gutxienez, 55 zibil hil dira. Nuri al Maliki lehen ministroak gaur arteko epea jarri zien herenegun miliziano xiitei armak uzteko, baina ez dirudi egoerak onera egingo duenik. Moktada al Sadr imamaren dozenaka mila jarraitzailek gobernuburuaren aurkako manifestazioa egin zuten atzo Bagdaden. Ekintzaileek, aldiz, agintearen babesgune eremu berdearen aurka eraso gehiago egin dituzte.

Irak hegoaldeko beste hiri batzuetara zabaldu da, beraz, gatazka. Amara, Diuanija, Kut, Hila eta Kerbala hirietan ere borrokak izan dira. Kut hirian izan ziren borroka latzenak. Abdul Hani al Amara Kuteko Poliziako jeneralak zehaztu zuenez, 40 matxino hil eta beste 75 zauritu zituzten borroketan: «Gure aldetik lau hildako izan ditugu».

Basoran, berriz, borrokek jarraitzeaz gain, erasoak ere gertatu dira. Basora Irakeko bigarren hiri handiena da, eta, okupazioa hasi zenetik, inoizko borroka gogorrenak izaten ari dira. Abdul Khalil Khalaf Polizia arduradun gorena eta Eidaan Muttar haren ordezko lehen jenerala hiltzen saiatu ziren asteazkenetik ostegunerako gauean, bonba-autoak leherrarazita. Bi polizia arduradunak onik eta salbu irten ziren, baina hiru bizkartzainek bizia galdu zuten.

Zaila da zehaztea zenbat lagun hil diren Basoran aste honen hasieran piztu eta beste hiri batzuetara zabaldu diren borroketan. Irakeko Barne Ministerioaren arabera, borroken lehen bi egunetan 51 lagun hil eta 200dik gora zauritu ziren. Geroztik, indarkeria ekintzak zabaldu dira, eta zenbait hedabideren arabera, dagoeneko ehundik gora lagunek galdu dute bizia borroketan.

Basoratik hurbil, bestalde, oliobide bat leherrarazi zuten atzo miliziano xiitek. Irak hegoaldeko biltegietara petrolioa eramaten duten bi oliobide nagusietako bat da, hain zuzen ere, kaltetu zutena. Erasoak eragindako kalteak konpondu bitartean, petrolioaren garraioa bizpahiru egun etenda geratuko dela zehaztu du South Oil Companyk. Basoratik atzerrira esportatzen den petrolioaren heren bat galduko du enpresak. Otsailean eguneko 1,54 milioi upel petrolio esportatu zen bertatik. Basoran petrolio putzu handiak daude, eta herrialdeak esportatzen duen petrolioaren %90ek bertan du jatorria. Al Sadren miliziek iragan asteartean ohartarazi zuten beraien kontrako erasoaldia eten ezean oliobideak leherraraziko zituztela.



BAGDADEN, PROTESTAK ETA ERASOAK. Irakeko agintarien eta gobernu koaliziotik kanpo dauden milizia xiiten arteko gatazka gogorra hiriburura ere zabaldu da. Moktada al Sadr imamaren dozenaka mila jarraitzaile atera ziren atzo kalera. Sadr City, Khadimia eta Shula auzune xiitetan jende andana bildu zen. Nuri al Maliki lehen ministroaren aurkako leloak entzun ziren elkarretaratze horietan: «Maliki, Washingtonen morroia zara!», «Gobernua utzi ezazu!». Aiad al Kaabi Moktada al Sadren indar politikoaren arduradunak ere lehen ministroaren dimisioa eskatu zuen: «Maliki jaunak lehen ministro kargua utzi dezan exijitzen dugu, Ameriketako Estatu Batuen erabat menpekoa den bere jarduerak porrota baino ez baitu ekarri». Bagdaden hiru eguneko etxeratze agindua ezarri zuten iluntzean.

Irakeko Gobernuak Basoran milizia xiiten kontra abiatu duen erasoaldia ez dagoela Moktada al Sadren Mahdiren Armadaren kontra zuzenduta ziurtatu zuen atzo goi arduradun batek. Sami al Askari AUIIrakeko Aliantza Xiita Batuko goi arduradunak zehaztu zuen hori: «Moktada al Sadri argi esan nahi diogu segurtasuna bermatzeko ekitaldi hau ez dela haren aurka zuzendutakoa, baizik eta bereizenaz baliatzen diren gaizkile talde batzuen aurkakoa».

Al Maliki lehen ministroaren alderdi Al Daua eta Abdel Aziz Hakim buru duen CSII Irakeko Kontseilu Islamiko Nagusia bateratzen ditu Irakeko Gobernuan nagusi den aliantza horrek. Al Askarik gaineratu zuenez, Al Sadrek berak salatu ditu «gaizkile talde hauen» ekintzak. Al Maliki lehen ministroak aste honen hasieran ziurtatu zuen Basorako ekitaldia ez zela Mahdiren Armadaren aurkakoa: «Ez gara Al Sadren kontra ari, zeren eta bera eta bere alderdia gure herrialdeko jardule politiko nagusietatik baitira». George Bush presidenteak babesa agertu zion atzo Al Malikiri Basoran egiten ari den operazioaren harira.

Bagdadeko eremu berdean mortero andana bota zituzten atzo, eta gutxienez zibil bat hil eta beste hamalau zauritu ziren. Mahdiren Armadari edo haren izenean borrokan ari diren talde xiitei leporatu zieten erasoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.